Zertarako nahi duzu argazkia: karneterako ala pasaporterako? Pasaporterako. Nora joango zara? Oraindik ez dakit, pasaportea iraungia dut eta berritu egin nahi dut, besterik ez. Nora joango zaren ez badakizu, ez egin irribarrerik, badaezpada ere. Arazorik ez; normalean inoiz ez dut irribarrerik egiten argazkietan.
Irririk ez egiteko arrazoia zein den galdetu dio gizonak argazkilariari. Zenbait lekutan bisa emateko ezinbestekoa da irribarrerik gabeko argazkia, zure aurpegia den bezalaxe ager dadin: Errusian, Asian eta AEBetan. Benetan? Bai, baina ez beti eta ez edonon. Miamin, Floridan, ez dute irribarrerik onartzen. New Yorken eta Kalifornian, aldiz, bai.
Hara! Estatu bat, modu federalean egituratuta, segurtasunari eta kontrolari lotutako zenbait kontutan desberdin funtzionatzen duena. Halakorik ikusiko dugu inoiz Espainia super-hiper-autonomikoan? Auzia ez da arau, lege edo eskubide horiei buruz eztabaidatzea, noren esku dauden argitzea baizik. Nork erabakitzen du hemen: Madrilek ala autonomia-erkidegoek? Atlantikoaz beste aldeko ereduan oinarritutako estatua hobetsiko lukete espainiarrek?
Independentzia eskura ez dagoela eta, egun posibilismoa dugu lagun. Espainia federal edo konfederala aldarrikatzen hasiak dira Katalunian. Hego Euskal Herrian ere bai. Nahi hori azaldu dute beste lurralde autonomikoetan? Ez. Jordi Pujolek esan berri du: datozen 10-15 urteotan independentzia ezinezkoa izango da; hobe CiUren politikara bueltatu. ERCk independentistak ez direnak ere onetsi beharko lituzkeela adierazi du Joan Tardak. PSOEri inoiz ez diot entzun Espainiatik alde egin nahi dutenek lekua izan beharko luketela alderdian. Are gutxiago PPri edo Voxi. Haiek eremu delako hori zabaldu beharrean ez daudelako izango da. Espainia, mi querida España, esa España mía, esa España nuestra, konfederala?
PSOEri inoiz ez diot entzun Espainiatik alde egin nahi dutenek lekua izan beharko luketela alderdian. Are gutxiago PPri edo Voxi.
Ildo horretan, autonomia asimetrikoak garatzearen garrantzia aipatu dute gurean. Edo estatu konfederala konstituzio espainiarraren barruan, frankismoak ezarri zigun monarkiaren lausengariek atzo laudatu zuten testu sakratu horretan, alegia. Hautu hori sinesgarria da benetan? Proiektu konfederalari buruz hitz egiten hasi ginenean Euskal Herria genuela gogoan uste nuen, baina oker nengoen, nonbait. Espainia konfederala dugu xede. Espainiako lehen errepublikako presidente Estanislau Figuerasek lortu ez zuena —Pavía jeneralaren estatu kolpeagatik, besteak beste— errealitate izango dugu Borboikoen monarkiaren menpe. Omen. Amen.
Hori gertatu arte politika egiten segitu beharko dugu, baina. Elkartasun konfederala erakutsi, konfederaziorik ez badugu ere. Lege aurrerakoien alde bozkatu, gure eta penintsulako beste herritarren eskubideak defendatzeko. Nola ez dugu, ba, halakorik egingo? Terroristak, separatistak deitzen segitzea dute, nahi badute, baina insolidarioak, ez. Agerian izan da Valentziako hondamendian: jaialdiak antolatu eta hainbat baliabide bidali ditugu bertara. Ederto. Uholdeak Anguleman izan balira, hainbestekoa izango zatekeen solidaritatea? Ezezkoan nago. Euskal frantsesek lagun diezaietela Angulema, Tintin, Milu eta Haddock kapitainari. Gure elkartasuna espainiarra da. Gure balizko konfederazioa bezain espainiarra.
Aukera historikoa galdu zuten, galdu genuen Katalunian. Zer egin orain? Lan eta lan, hori berriro ere gertatzeko baldintzak eta momentu historikoa noizbait alde izango ditugulakoan. Oso zaila, baina ez guztiz ezina. Helmugarako bidean, Espainia konfederala izan liteke konponbidea. Oraintxe bertan sinatuko nuke, egingarria balitz. Ez dut Espainiaren borondatean sinesten, horratik. Inork uste al du estatu konfederal bat eratuko duela eta geuk erabakiko dugula asiarren, errusiarren eta estatubatuarren pasaporte edo bisetako fotoetan irribarrerik onartu ala ez? Barajasen nazionalek irribarrea ontzat hartu eta Loiun ertzainek ez, edo alderantziz?Hala balitz, orduan, bai: irribarre egiten hasiko nintzateke argazkietan. Agian.