Irribarrea pizteko garra

Bizipozaren festa egingo dute hilaren 21ean, Arrasaten.Behar bereziak dituzten haurrei eta haien familiei babesa emateko antolatu dute jaialdia

Irrien Lagunak Gizartegintza Elkartea osatzen duten 21 elkarteetako hainbat ordezkari, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Oihan Vitoria.
Donostia
2014ko irailaren 11
00:00
Entzun
Elkartasunaren sugarra piztu, sufrikario eta ezinaren malkoa irribarre bihurtu, bizi indarra berreskuratu eta algara hauspotu. Irrien Lagunak Gizartegintza Elkarteak (ILGE) xede horien bueltan prestatu du Bizipozaren jaia, bigarrenez. Arrasaten ospatuko du, Gipuzkoan, hilaren 21ean, igandearekin. Aurten ere behar bereziak dituzten haur eta familiak izango ditu ardatz festak. Sendi horiengan jarriko dute arreta. Berebizikoa.

Esparru anitzetako 21 elkartek osatzen dute ILGE, 2011z geroztik. Aparteko premiak dituzten pertsonekin hartu-eman etengabea eta estua daukate haietako askok. Ezgaituen alde dihardute lanean: Sanfilipporen edota Touretteren sindromea duten haurrekin, ijitoekin, Txernobyldik (Ukraina) etortzen direnekin... Horiei guztiei laguntzeko antolatu dute jaieguna, elkarteak berak azaldu duenez. «Behar bereziak dituzten umeen eta familien bizi-baldintzak hobetzeko lan egiten dutenei proiektu egonkor baten bitartez erantzuteko ahalegina da».

Behar afektibo eta materialak betetzen eta eguneroko bizimoduan gizarteratzen lagundu gura die horrela ILGEk, Joxe Mari Agirretxe Porrotx-en esanetan. Eta, bide batez, gainera, elkarteak ikusarazi. Errealitatea gizarteratzeko egiten duten «eginahala» goraipatu du: «Elkarte horiek existitzea eta balio horiek saretzea da egungo fobia eta injustiziei aurre egiteko txerto eraginkorrena».

Beroa harrera familien elkarteko ordezkari Aitor Peñagarikano mintzatu zen elkarte guztien izenean atzoko aurkezpenean, Donostian. Jaialdian parte hartzera deitu zituen herritarrak, eta pozik agertu zen ILGEk ematen dien laguntzaz. Esker oneko berbak izan zituen: «Ikusgarri egiten gaitu».

Lau gune, hamaika ekitaldi

Egun osorako egitarau «zabala» atondu du ILGEk. Anabel Arraiza Ane Pirata-k eman ditu detaileak: «Gustu eta adin ororentzako ekitaldiak izango dira». Lau gune jarriko dituzte denera; nagusia, Biteri plazan. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak, lantegiak, jolasak, elkarteen postuak, dantzariak, txakur erakustaldiak, eskulanak, magoak, abesbatza, kirol egokituak eta beste zenbait ikuskizun egongo dira hor. Jokin Zaitegi plazan, apar festa; eta Sebero Altuben, puzgarriak jarriko dituzte. Bestalde, hortik hurbil, azoka plazan, bazkaria prestatuko dute, bost euroren truke. Jaialdira sartzeko, «zapi pirata» bat erosi beharko dute bertaratu gura dutenek. Egunean bertan edo dendetan, Arrasaten eta Bergaran eskuratu ahalko dute zapi hori, bost euroan. Hortik dator, hain justu ere, aurtengo Bizipoza jaialdiaren mezua: «Zatoz Arrasatera, eta jantzi zapia!». Irrien Lagunak Klubaren harpidedun orok doan izango du sarrera, baita gurasoek ere. Euskal Herri «alai, zoriontsu, koloretsu, parekide eta plural» baten alde lanean jarraitzeko «nahia» dutela berretsi du ILGEk.

Bat egin du egitasmoarekin Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta diruz lagunduko du. Gizarte Politikako diputatu Ander Rodriguezek azaldu du 45.500 euro jarriko dituztela, «elkarteen jarduna ordainezina» dela uste badute ere.

Arrasatekoaz gain, beste sei jaialdi egingo dituzte urtea amaitu bitartean Gipuzkoan: Bergaran, Hernanin, Tolosan, Errenterian, Azpeitian eta Aretxabaletan. Bilbon ere izango dira. Donostian eta Barañainen (Nafarroa) ospatu dituzte dagoeneko festok: «Eremu ezberdinetara iristeko asmoa dugu, elkartasuna zabaltzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.