Irregulartasunen auzia aipatu gabe hartu du Murgak sailburu kargua

Osasun sailburu berriak dio «martxan dagoen» sail baten lekukoa hartu duela; nabarmendu du langileak direla osasun sistemaren «arima»

Urkulluren eta Darponen arteko besarkada, atzoko ekitaldian. J. FONTANEDA / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Nekane Murga Eizagaetxebarria Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua da atzoz geroztik. Ajuria Enean egin zuen karguaren zina, hainbat lekukoren aurrean: Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria, gainontzeko sailburuak, Eusko Legebiltzarreko mahaiko kideak, eta Jon Darpon Osasun sailburu ohia. Kargua hartu ondoren lehen agerraldia egin zuen ordezkari publiko gisa. Etorkizuneko asmoak xehatu zituen. Ordea, ez zuen aipatu ere egin Darponen kargu uztea eragin duen gaia: Osakidetzako lan eskaintzako iruzurraren salaketa. Halaber, ez zuen galderarik onartu.

«Ohore handiz eta erantzukizunez» hartu zuen Murgak Osasun sailburuaren kargua. Osakidetzak «unibertsala eta kalitatezkoa» izan behar duela berretsi zuen. Asmo horrekin, osasun sistema hobetzen jarraitzeko konpromisoa hartu zuen, baita «ekitatea» eta «bikaintasuna» egonkortzekoa ere. Horren harira, gogora ekarri zuen «martxan dagoen» sail baten lekukoa hartu duela. Helburuak gobernuaren programan zehaztuta daudela gogorarazi zuen sailburu berriak. Aurrera begirako erronken artean honako hauek aipatu zituen: gaixotasun kronikoen gorakada, gaixotasun kardiobaskularren eta arraroen arreta, mendekotasuna, garapen teknologikoa, genetika eta bioteknologia...

Sailburu gisa hedabideen aurrean egindako lehen agerraldian, Osakidetzako langileek garrantzia izan zuten. Osasun sistema publikoaren «arima» direla hausnartu zuen Murgak. «Gure kapital onena dira, eta Euskadiko herritarren osasuna hobetzen laguntzen dute egunez egun».

Darponentzat, hitz onak

Ekitaldian, Darpon Osasun sailburu ohia egon zen. Hantxe entzun zuen kargutik kentzeko dekretua, Urkulluk irakurrita, non berretsi baitzuen kargugabetzea Darponek berak eskatu zuela. Ordutik aurrera, etengabe gogora ekarri zuten sailburu ohiaren lana, bai haren ondorengoak, bailehendakariak. Azken sei urteetan egindako lana aitortu zion Urkulluk: «Dena eman duzu; eredugarria izan da sailarekin eta Jaurlaritzarekin izan duzun konpromisoa, zintzotasuna eta leialtasuna». Murgak gogora ekarri zituen Darponek osasun arloan eginiko urte luzeak. «Konpromisoaren erreferentea da, bai pertsonekin, bai instituzioekin, beti guztien onerako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.