Irregulartasunak salatu dituzte 13/13ko abokatuen bulegoko miaketetan

Gipuzkoako Abokatuen Elkargoko dekanoak azaldu du «harrituta» geratu zela Sarriegiren eta Enparantzaren bulegoak arakatzean Guardia Zibilak zerabilen «zehaztasunarekin».

13/13 sumarioko auzipetuak eta abokatuak, Espainiako Auzitegi Nazionalera sartzen, joan den uztailea. MARTA JARA / FOKU
2021eko irailaren 8a
16:58
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionalean, 13/13 auziko saioko lekukoak deklaratzen jarraitu dute gaur —zazpi euskal herritar epaitzen ari dira Madrilen, euskal presoekin bitartekaritza lana egiteagatik ETAko kide izateaz akusatuta—. Defentsaren lekukoek atzo defendatu zuten EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboa ez zegoela ETArekin lotuta, ezta KT Koordinazio Taldea ere, eta Arantza Zulueta eta Jon Enparantza abokatuek lan juridikoa soilik egiten zutela espetxeetan zein espetxetik kanpo. Gaur, berriz, akusatuekin harreman laborala izan zuten hainbatek hitz egin dute.

Esaterako, Domingo Arizmendi Gipuzkoako abokatuen elkargoko dekanoak gogoratu du nola izan zen Jon Enparantza eta Iker Sarriegi abokatuek Hernanin zuten egoitzako miaketa, polizia operazioa. «Deitu egin zidaten, ohartarazteko letradun batzuen bulegoa arakatuko zela». Iritsitakoan, jende ugari zegoela oroitu du, eta Guardia Zibila zegoela kanpoaldean. «Jon Enparantza eta Iker Sarriegi ez zeuden elkarrekin».

Azaldu du «eremuka» joan zirela miatzen. Eta eman du xehetasuna: «Harritu egiten ninduen gauzak hain zehatz bilatzeak. Leku arraroetan bilatzen zuten, eta oso modu zehatzean». Adierazi du Sarriegiren mahai azpitik «elementu informatiko» bat atera zutela, eta hark «berehala» esan zuela hori ez zela harena.

Ramos Lasagabasterrek ere hitz egin du. 2010ean Bizkaiko abokatuen elkarteko kidea zen, eta Arantza Zulueta eta Naia Zurriarain letratuen bulegoetako miaketetan egon zen, Bilbokoan. Iritsitakoan, atea zigilatuta zegoela gogoratu du, baina aurrez «behartuta». Eta gaineratu du: «Sekretu profesionala urratu zen». Epaiketa batzuetako dokumentuak eraman zituztela azaldu du, miaketarekin «zerikusirik ez» zutenak.

Bestalde, Miren Illarreta abokatuak Zuluetarekin izandako tratua azaldu du. Hainbat prozeduretan lan egin dute elkarrekin. Auzipetuaren abokatuak 2010eko urtarrilean Parisera egindako bidaiaz galdetu dio. «Garai hartan, [Xabier] Lopez Peñaren, [Igor] Suberbiolaren, [Jon] Salaberriaren eta [Ainhoa] Ozaetaren sumarioa instruitzen ari ginen. Parisera bidaiatu genuen dosierra kontsultatzera eta kopiak eskuratzera». Lopez Peñaren prozedurako dokumentuak zituztela argitu du.

Poliziak David Plarekin lotu zituen Jon Enparantza eta Zulueta, ustez, Pla identifikatu zutelako Mimizanen (Landak), ETAko kide batzuekin bilduta egon eta gero. Poliziek pentsatu zuten bi ezizen Zuluetari eta Enparantzari zegozkiela, baina interpretazio horren oinarrian dagoen okerra azaleratu zuen horien abokatuak: egun hartan Pla kartzela batean zegoen, Mimizandik urrun; beraz, identifikatu zutena ez zen Pla, eta, beraz, Zuluetari eta Enparantzari egotzitako ezizenak ez ziren haienak. Guardia Zibilak Marcel eta Bixer ezizenak Zuluetarekin lotzen ditu. Zuluetak adierazi zuen Poliziak interpretazioa «behartu» duela ezizenak berari egozteko.

Bestalde, Nerea Redondo auzipetuarekin lan egin zuten hainbat kidek deklaratu dute. Redondoren aurkako akusazioa hiru lerrotan laburbildu daiteke: Jaun Mari Jauregiri 44.500 euro eman zizkiola; auzipetze autoaren arabera, ETA diruz laguntzeko. Baina Redondok azaldu zuenez, bere aurrezkiak ziren, kontraturik gabeko lanetatik aurreztuta. Ibilbide profesionaletan topatutako hainbat kide aritu dira gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean.

Mirari Bereziartuak azaldu du marka bat sortu zutela, eta coaching ikastaroak abiatu, 2005etik 2008ra. «Ez nuen gehiegi ezagutzen Redondoren egoera laborala; ez dakit oso araututa zuen». Azaldu du hura arduratzen zela irabazien banaketaz, eta dirutan jasotzen zutela. Atletico San Sebastian Donostiako kirol taldean egin zuten lan Redondok eta Julen Otegik. 2001an udako ikastaroetako inskripzioez arduratzen zen Redondo, eta, urte batzuetara, baita babesleak topatzeaz ere. Eta argitu du: «Urte horietan, lan kontratu bat zutenak gerentea eta klubean lan egiten zuten bizpahiru pertsona ziren». Besteek «beltzean» kobratzen zutela aitortu du, Redondok barne.

Azkenik, Redondok couching saioak eman zituen Mitxelena tailerrean, 2007ko irailean hasi eta 2008 urte amaiera arte. Hango kide den Alaitz Tolosak deklaratu du, eta adierazi kontratazioa «ahoz» egin zutela, formalizatu gabe. «Txatarraren salmentetaik zetorren hondo beltz txiki bat genuen. Une jakin batzuetan erabiltzen genuen. Nerea ez zegoen alta emanda autonomoetan, ezta jarduera ekonomikoetan ere, eta ordaintzeko modu hori adostu genuen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.