Ustelkeria

Irmoa da Urtxuegiari ezarritako hemezortzi urteko inhabilitazioa

Lasarte-Oriako alkate ohiak fiskaltzarekin eta akusazio partikularrarekin akordioa egin zuen maiatzean. 2.160 euroko isuna ordaindu beharko du.

Ana Urtxuegia, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Iosu Alberdi.
2023ko uztailaren 4a
17:25
Entzun

Maiatzean plazaratu zuten Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) alkate ohi Ana Urtxuegia sozialistak fiskaltzarekin eta akusazio partikularrarekin egindako akordioa, eta Gipuzkoako Auzitegiaren sinadura du jada. Hala, ahozko epaiketa bertan behera geratu da. Urtxuegiak hemezortzi urteko inhabilitazioa eta 2.160 euroko isuna onartu ditu, prebarikazioaren eta funts publikoak bidegabe erabiltzearen delituengatik.

Akordioan jasota dagoenez, Urtxuegiak onartu egin du Nikaraguako Somoto hirira bideratutako udal funtsekin prebarikatu zuela eta funts haiek bidegabe erabili zituela, baina bai akusatuak bai akusazioek baztertu egin dute Urtxuegia delitu horiei esker «aberastu» izana, eta, ondorioz ez du espetxe zigorrik jaso. Zehazki, Lasarte-Oriako Udalean bi milioi euro baino gehiago eman zizkien alkate ohiak Somotoko hiru erakunderi —LOSSB Lasarte-Oria-Somoto Senidetzearen Bulegoa, Asodecom eta Somotoko alkatetza— 2000 eta 2009 bitartean, garapenera bideratutako proiektuak sustatzeko diru laguntza gisa.

Argitaratutako informazioaren arabera, LOSSB entitateak ez zuen izaera juridikorik ere; 2008an desegin zen, eta, haren ordez, Somoto fundazioa eratu zuten bi udalerrietako alkateek. Asodecom elkarteari emandako dirua, berriz, Somotoko enpresaburu handiak aberasteko erabili zela argitaratu zuen Diagonal aldizkariak, eta gehitu Somotoko alkate eta Urtxuegiaren bikotekidea zela haren arduradun nagusia. Noticias taldeko egunkariek, berriz, 2011n argitaratu zuten Urtxuegiaren izenean zeuden sei lursail eta higiezin topatu zituztela Somoton; tartean, milioi bat metro koadroko etxalde bat.

Urtxuegia 24 urtez izan zen Lasarte-Oriako alkate, 2010era arte; Patxi Lopezen Eusko Jaurlaritzako SPRI erakundeko Txileko eta Peruko ordezkari izendatu zuten. Ordurako, oposizioak balizko irregulartasunen inguruko ikerketa bat sustatu zuen udalean, baina PSE-EEk eta PPk zuten gehiengo osoa baliatu zuten txosten baten ondorioztatzeko alkate ohiak ez zuela deliturik egin diru laguntzei lotuta; nahiz eta onartu zuten kudeaketa ez zela legezkoa izan.

2011ko udal hauteskundeen ostean, ordea, EH Bilduk, EAJk eta Lasarte-Oriako Herritar Plataformak berriz heldu zioten auziari. Zubizarreta Consulting taldeak ondutako txosten batek «irregulartasun ugari» atzeman zituen, eta udalak auzitara eraman zuen afera. «Alkatetzarenak ez diren zenbait eskumen erabili zituen Urtxuegiak urte horietan: lokal bat erosi, ondasunak eman, lan kontratuak sinatu... Hori guztia prozeduratik kanpo egin zen», adierazi zuen orduko alkate Pablo Barriok (EH Bildu).

Horiek hala, Urtxuegia inputatu gisa deklaratzera deitu zuten 2015ean. Orduan, epaileak adierazi zuen «irregulartasun formalak» egin zirela, proiektu lagunduetako «zati garrantzitsuak» ez zirela justifikatu eta «funts publikoak modu ilunean desbideratu» zirela; beraz, ebatzi zuen «nahikoa zantzu eta arrazoi» prozedura abiatzeko. Halere, auzia artxibatu zuen behin-behinean, Nikaraguaren kolaborazio judizialik gabe aurrera egiteko zailtasunak argudiatuta. Lasarte-Oriako Udalak helegitea jarri zion erabakiari, EH Bilduren, EAJren eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoekin, eta 2021eko maiatzean Gipuzkoako Auzitegiak berriz ireki zuen auzia; orain arte martxan egon dena.

Lasarte-Oriako EH Bilduk maiatzean leporatu zion PSE-EEri prozesua «oztopatu» izana, eta Urtxuegiak egindakoaren gaineko «erantzukizuna hartzeko» eta «gaiari buruzko gogoeta zintzoa egiteko» eskatu zien sozialistei. Horiek, baina, adierazi zuten udal gobernutik zein oposiziotik lan egin zutela auzia argitzeko. Gipuzkoako PSE-EEk, berriz, adierazi zuen aldeen akordioaren berri izan ostean ekin ziola Urtxuegiari militantzia eteteko kautelazko prozedurari, eta auzitegiak akordioa berretsi ondoren etenaraziko zuola behin betiko haren militantzia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.