Hauteskundeak

Irma Basterra izendatu dute Arabako Batzar Nagusietako lehendakari

Gehienez 30 eguneko epea dute ahaldun nagusia aukeratzeko. Bizkaiko Batzar Nagusiak etzi osatuko dituzte; Gipuzkoakoak, etzidamu

Basterra, atzo, zutik, lehendakari hautatu zutenean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
edurne begiristain
2023ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Arabako Batzar Nagusiak eratu zituzten atzo goizean, eta, hala, hasiera eman zioten hamabigarren legealdiari. Irma Basterra jeltzalea aukeratu dute mahaiko presidente, EAJko eta PSEko batzarkide taldeen botoekin. Pedro Elosegi jeltzaleak azken zortzi urteotan bete duen postua hartuko du Basterrak. Datorren ostegunean beste bilkura bat egingo dute, eta orduan zehaztuko dute zer egunetan aukeratuko duten ahaldun nagusia. Gehienez ere 30 eguneko epea dute horretarako.

Basterra «harro» agertu da izendapenaz: «Ohorea da. Lanean jarraituko dut gure alde borrokatu ziren emakumeen legatuaren alde».

Voxek ez gainerako taldeek ordezkari bana izan dute mahaian. Lehen presidenteordetza Eva Jimenezen esku geratu da (PSE), bere taldearen eta EAJren botoak jasota. Joan den legealdian lehen idazkaria zen Jimenez. Bigarren presidenteordetza Nerea Martinez EH Bilduko batzarkidearentzat izan da EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen botoak jaso ditu. Azkenik, bi idazkaritzak Jose Damian Garciak (Elkarrekin) eta Miguel Garnikak (PP) beteko dituzte. Lehenengoak bere taldearen eta EH Bilduren botoak jaso ditu, eta Garnikak, bere taldearenak bakarrik. EAJk eta PSEk ez dute hautagaitzarik aurkeztu, eta boto zuria eman dute.

Jonathan Romerok, Voxeko batzarkide bakarrak, mahaiaren postu guztietarako aurkeztu du bere burua. Guztietan boto bakarra jaso du: berea. Mahaian ordezkaritzarik ez duen talde bakarra da.

«Aukera galdua»

Ondoren egindako agerraldian, Eva Lopez de Arroiabe EH Bilduko bozeramaileak nabarmendu du EAJk eta PSEk aukera galdu dutela «Arabaren norabidea aldatzeko, lurraldearentzat paralizatzailea den ituna berreginda». Lopez de Arroiabek gogorarazi du maiatzaren 28ko hauteskundeetako emaitzek agerian uzten dutela «ziklo politiko berri bat hasi» dela Araban; izan ere, datorren legegintzaldian EAJk eta PSEk ez dute gehiengo osorik izango, eta, aurreko legealdian ez bezala, akordioak lortu beharko dituzte oposizioko taldeekin.

Behin udalak eratuta eta alkateak aukeratuta, Batzar Nagusiak osatzeko astea izango da atzo hasitakoa. Bizkaiko Batzar Nagusiak eratzeko bilkura ostegunean egingo dute. Gehiengo absolutuz aukeratu beharko dute Mahaiko presidentea, eta, inork hori lortuko ez balu, boto gehien duten bi hautagaien artean aukeratu beharko dute. Bizkaian ere, Elixabete Etxanobe jeltzaleak ez du arazorik izango ahaldun nagusiaren kargua eskuratzeko, PSE-EErekin akordioa eginda.

Gipuzkoan, berriz, Marivi Eizagirre eta Miren Etxebeste Elkarrekin Podemoseko bi batzarkideek atzo hartu zituzten akreditazioak, eta gaur egingo dute beste horrenbeste EH Bildukoek. Batzar Nagusiak osatzeko saioa datorren ostiralean egingo dute. Etxebestek nabarmendu du bi batzarkideek «borrokatzen» jarraituko dutela «Gipuzkoako gehiengoaren eskubideen alde», eta Gipuzkoa « jasangarriagoa, justuagoa eta feministagoa» izan dadin lan egingo dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.