Hamabi urteko elkarlana amaituta, «ziklo bati» itxiera eman dio Txema Urkijok, Bake eta Bizikidetza Idazkaritza Nagusiko aholkulari izandakoak. «Kontzientzia lasai» duela utziko ditu Eusko Jaurlaritzan zituen zereginak,argi utzita azken asteotan Kepa Pikabearen gutunaren inguruan sortutako aferak ez duela «zerikusirik» Jaurlaritzak bera kargutik kentzeko hartutako erabakiarekin. Hori «koiunturala» dela dio, arazoa sakonagoa delako. Jonan Fernandezen lan metodologiarekin «desadostasunak» izan ditu Urkijok, egoera «jasanezin» bilakatzeraino. Aholkulari ohiak irmo hitz egin du komunikabideen aurrean, Maixabel Lasa Biktimen Arretarako Bulegoko zuzendari ohia alboan zuela: «Jonanen irizpideak gailendu egiten ziren beti. Inposatu egiten ziren. Ez nuen parte hartzen erabakietan».
Pikabearen gutunaren afera ez da izan kargutik kentzeko arrazoia, baina aspaldi pitzatutako harreman hori gehiago «gaiztotu» du auziak. Horregatik ez du harritu asteazkenean Jaurlaritzak bera kargutik kendu izanak. Hala ere, erabakiak berak baino gehiago, Jaurlaritzak auzia kudeatu duen moduak mindu du Urkijo, uste duelako komunikazioan «oker» jokatu duela Urkullu buru duen gobernuak. Aholkulari ohiak aitortu du gutun hori gorde egin zuela Pikabeak berak «diskrezioz» jokatzeko eskatu ziolako, baina ez zela bere asmoa ezer «ezkutatzea»: «Akaso ez nuen modu egokian jokatu, baina nire asmoa ez zen izan ezer zentsuratzea edo ezkutatzea».
Urkijok bat egin du Jaurlaritzak kargutik kentzeko emandako arrazoiekin. Aitortu du legealdiaren «hasieratik» azaleratu zirela Bake eta Bizikidetza idazkariarekin zituen arazoak. Bere esanetan, «bateraezinak» ziren, eta ez zuten bat egiten ez lan metodoan, ez funtzionatzeko eran. «Apurka, lantaldetik baztertu ninduten. Ez zidaten informaziorik pasatzen, ez nuen hausnarketa prozesuetan parte hartzen». Egoera horretan, bien arteko konfiantza «galduz» joan zen.
Desadostasun horiek isla izan dute Bake eta Bizikidetza Idazkaritzaren lanean, bereziki «terrorismoaren biktimekin» zerikusia duten politiketan, aholkulari ohiaren arabera. Besteak beste, azpimarratu du biktima horiei «keinu bat zor» diela Jaurlaritzak: «Urtebete baino gehiago igaro da, eta Jaurlaritzak ez du keinu nabarmenik izan terrorismoaren biktimekin, eta keinuek, politikan, balio handia izaten dute». Bera kargutik kenduta, biktima askok «erreferentziarik» gabe geratuko direla uste du, eta espero du gobernuak laster egoera zuzentzea. «Zorterik onena opa diot Jaurlaritzari baketzean», gaineratu du agurtzean.
Arazoak, «normaltasunez»
Urkijo komunikabideen aurrean agertu aurretik, Fernandezek ere hitz egin du aferari buruz. Azaldu duenez, «lan metodoa ulertzeko moduak» eragin du kargugabetzea, eta ez da egon zio politikorik. «Lanean, antolaketan eta funtzionamenduan egon dira desadostasunak, ez jarrera politikoan». Urkijoren ibilbidea goratu eta egindako lana aitortu ostean, Fernandezek esan du gisa horretako arazoak «normaltasunez» eta «diskrezioz» jorratu behar direla. Baztertu egin du, halaber, kargugabetzea Pikabearen gutunaren auziaren ondorio izatea, bainagaineratu du horrek «oihartzun mediatiko handia» izan duela eta ikuspuntu horretatik «garrantzitsua» dela.
Jaurlaritzak ez du erabaki Urkijoren kargua nork beteko duen,baina Bake eta Bizikidetza idazkariak ziurtatu du gobernuak jarraituko duela haren egitekoa betetzen. «Biktimak ez dira umezurtz geratuko».
«Irizpideak inposatzen zituen»
Txema Urkijok dio Jonan Fernandezekin hasieratik izan zituela «desadostasunak», eta lantaldetik «baztertu» egin zutelaBake eta Bizikidetza idazkariaren arabera, ez da arrazoi politikorik izan kargugabetzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu