Pasaiako portua. Kanpoko portuaren proiektua, bertan behera

Iritzien haztegi bat

Pasaiako kanpoko portuak eta badiaren biziberritzeak zeresan eta iritzi ugari eragin dituzte azken hamarkadetan. Gizarte eragileek ontzat jo dute kanpoko portua baztertzea, eta herritarren hitza aintzat hartzeko beharra azpimarratu dute.

Pasaiako kanpoko portuaren argazki muntaketa. OARSOALDEKO HITZA.
inaki petxarroman
Pasaia
2014ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Kanpoko portuaren plan zuzentzaileak 4.800 alegazio jaso zituen. Gehienak, 4.200, portuaren aurkakoak ziren. Horrek erakusten du urte hauetan guztietan kanpoko portuaren proiektuak sortu duen interesaren neurria.

Interesa eta aurkako jarrera. Aurkakotasun hori azpimarratu du Jaizkibel Bizirik-eko Josu Pikabeak: «Oposizio handia egon da, eta tramitazioan alegazio kopurua izugarria izan da. Bi aldiz jarri behar izan dute jendaurrean alegazioak jartzeko aukera, eta hori oso gutxitan gertatzen da».

Pasaiako Portuko Foroko kide Javier Olaberriren ustez, «boluntarismo hutsa» zen proiektuaren oinarria. «Portuaren trafikoaren bi heren txatarra edo altzairua zen, eta ikusita sektore horren etorkizuna, guztiz boluntarista zen pentsatzea horrekin urtean 18 milioi tona mugitzera irits zitekeela». 2003an 3 milioi tona eskas mugitu zituen Pasaiak.

Gainera, Olaberrik gogoratu du Espainiako portuetako legeak %2,5eko errentagarritasuna exijitzen diela proiektu berriei, eta Pasaiakoan, aurreikuspen baikorrenak beteta ere —18 milioi tona— errentagarritasuna %0,2koa izango zen. «Oinarri horrekin ez zuen aurrera egiteko aukerarik. Gainera, Natura 2000 sareko gune batean kokatzen da, eta horrek muga izugarriak ekartzen ditu halako proiektuentzat. Beraz, pertsona talde bat jostailu batekin aritu da gizartean globo bat puzten, obrak berehala hasiko zirela itxurak eginez, jakin arren proiektua oso hasierako fasean zegoela. Azkenean globoa hustu da, eta kito».

Behin betiko urratsa edo ez

Duda sortzen zaie Pikabea eta Olaberriri proiektuaren baztertze hau «behin betikoa» izango ote den. «Testua irakurri nahi dugu jakiteko ea zirrikituren bat utzi nahi duten. Proiektuek bideragarritasun administratibo bat dute epe zehatz baterako, eta ez da existitzen izozkailuaren figura, bakarren bat horretan pentsatzen ari bada ere».

Alegia, 30 urte barru, proiektuari berriro heldu nahi badiote, hutsetik hasi beharko dute. «Zalantza handia eragiten digu ingurumen gaia argitu gabe uzteak, hala ez baita behar bezain argi uzten ea txostena ixten den eta, ondorioz, bukatzen den; edo baztertzen den eta, ondorioz, hor geratzen den modu latente batean, horrek ikuspegi administratibotik zentzurik ez izan arren».

Jaizkibel Bizirik ere kezkatuta dago. «Ikusten dugun arriskua da proiektua bultzatu duen mentalitatea ez dela aldatu, eta interes ekonomikoak ere hor daudela. Hortaz, espekulatzeko eta gutxi batzuek dirua irabazteko aukera ikusten dutenean, berriz proposa daiteke».

Alde horretatik, Pikabea kezkatuta agertu da Jaizkibelek, oraingoz, daukan ingurumen babes gabeziagatik. Izan ere, nahiz eta iaz Jaurlaritzak Natura 2000ko babes bereziko eremu izendatu, babes horrek itsasoa bazter uzten du. «Itsasaldeak ingurumen balio handiko guneak dauzka, eta Oceanak eta COBE bezalako erakundeek proposamenak egin dituzte babesteko, baina oraingoz ez da ezer egin».

Orain, badia barrura begira daude denak. Iñaki Aristi Herrera Herrira taldeko kidearen ustez, kanpoko portua «xantaia» moduan erabili dute orain arte agintariek eta Portu Agintaritzak. «Esan digute badiaren lehengoratze osoa bakarrik izango litzatekeela posible kanpoko portua egingo balitz. Baina oraingoz kanpoko portua ez da egingo, eta barruko biziberritzea ez da hasi ere egin».

Herrera da orain gakoa

Funtsean, Herrera ingurua herriaren beharretarako erabiltzea proposatu zuen Herrera Herrira-k 2011n, eta Pasaiako Udalak bere egin zuen proposamena. Portuko lur horiek ekipamendu, aisialdi eta behar ekonomikoak asetzeko erabiltzea proposatu zuen.

Kezkaz bizi dituzte azkenaldiko mugimenduak. «Orain arte erabat utzita eduki dituzten leku batzuk okupatzen hasi dira berriro. Uste dut piezak mugitzen ari direla justifikatzeko eremu hori portuarena dela».

Aristik kritikatu du portuak «herritarren bizkar» hartu izan dituela erabakiak orain arte. Eta espero du etorkizunean ez dela berriz halakorik egingo. Izan ere, haren ustez herritarrek «argi» dute eurengan eragiten duten erabakietan esku hartu nahi dutela. Gogoratu du gutxienez 2003tik portuak erabaki zuela Herrerako eremuak uztea ekipamendu eta herritarren beharretarako. Edonola ere, Aristik aldarrikatu du eztabaida ez dela hainbeste portuaren ingurukoa, baizik eta ingurua nola suspertu sozialki eta ekonomikoki. «Kontuan eduki Euskal Herriko ingurune baztertuenetako bat dela hau, BPG txikien eta langabezia tasarik altuenetako bat daukana. Eztabaida da nola berpiztuko dugun inguru hori ekonomikoki, eta hor portua pieza inportante bat da, baina ez bakarra».

Herrera Herrira-ren ustez, indarrean dago 2011n proposatu zutena, baina eztabaidatzeko prest dago. «Baliteke portuak behar izatea lur batzuk. Lurrak badaude, Herrera hegoaldean adibidez. Guk Herrera iparra eta mendebaldea behar ditugu aisialdi gune eta ekipamenduetarako. Gainera, bateragarriak izan daitezke portuaren jarduera batzuk herritarren bizimoduarekin».

Aristik ezinbestekotzat jo du portu agintaritzak eta udalak akordioak lortzea, «berdintasunean» oinarrituta. «Herritarren iritzia eta ikuspegia aintzat hartu behar da, eta ez guztia egin portuak nahi duenaren arabera, edo okerragoa dena, portua erabiltzen duten enpresa batzuek erabakitzen dutenaren arabera».

Javier Olaberrik proposamen bat egin du: kanpoko adituei eskatzea azter dezatela nola egin bateragarri portuaren behar logistiko-ekonomikoak inguruaren behar urbanistiko eta sozialekin. «Kontrata ditzatela aditu libre eta eraginkorrak, baina ez kontratazaileak nahi duena esateko, baizik proposamen bat egiteko. Ildo horretan, gai izan behar dute portuak orain arte oinarri izan duen kontsezio masiboen politika zalantza jartzeko, azkenean horrek portua enpresa batzuen menpeko bilakatu baitu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.