Ni baino lehen zen atarian. Esaera zahar honen bidez laburbilduko nuke Partidu Popularrari pasa den osteguneko gertakari bortitzetatik hasi eta igandeko hauteskundeetara arte gertatu zitzaiona. Izango da gertakari nagusi honen detaile guztiak aztertzeko ni baino egokiagorik, baina abertzaleontzat zein egoera gelditu den begiratzeari ere garrantzitsua deritzot, eta horrixe helduko diot.
Hasteko, esan beharra daukat Nafarroa Bairen emaitza pozgarriak alde batera utzita, hauteskundeetako uzta ez dela beste mundukoa izan abertzaleontzat. Jeltzaleak ondo ibili gara, EAkoak eta Aralar-Zutikekoak ez horren ongi eta, azkenik, ezker abertzalekoak Udal Hauteskundeetan baino okerrago. Egia esan, gure soziologia hauteskunde hauetarako mugiaraztea beti izan zaigu nekeza eta, oraingo honetan etorri den olatuarekin, gaitzerdi emaitza okerragoak izan ez baditugu.
Osteguneko atentatuen inguruan, berriz, gauzak geroz eta argiago daude; baita abertzaleontzat ere. Argi dago Al Kaeda Europan finkatu egin dela, eta datozen urteetarako eragile politiko eta mediatiko beldurgarria izango dugula gurean. Hemendik aurrera bortizkeriaren erabilpenak beste konnotazio batzuk izango ditu eta, Euskal Herrian oso epe laburrean bide politiko eta demokratiko hutsen aldeko apustua nagusitzen ez baldin bada, psikosi terroristak ekarriko duen olatu atzerakoiak eraman egingo gaitu. Abertzaleok bortizkeriaren mamua uxatu beharra daukagu, orain! Nor berak ikusiko du zeintzuk diren eman behar dituen urratsak, baina ez daukagu denborarik. Itsaso nahasi eta beldurgarri honetan, herri moduan aurrera egingo badugu, abertzaleok oinarrizko adostasuna ere landu eta lortu beharra daukagu; edozein modutan, ezker abertzaleak hartu behar dituen erabakiak hartzen ez baldin baditu, beldur naiz hori ez dela posible izango. Benetan iruditzen zait hori suizidio politikoa izango litzatekeela eta herri honentzat kolpe ikaragarria. Erabakiak garaiz eta txukun hartzen baldin badira, berriz, gainontzeko guztioi tokatuko zaigu malgutasunez eta adimenez jokatzea. Azken finean, ausardia politikoa behar dugulako guztiok. Egun gutxitan eszenatokiak 180 graduko bira eman du eta, azterketa egokiak egin ondoren, erabakiak berehala hartzeko unea iritsi zaigu. Premiak eta egoeraren nahasdurak zeharo baldintzatzen gaituela argi dagoelarik, niri itsumutil bakarra bururatzen zait bide egokia hartzeko: herriaren iritzia gertutik jarraitzea.
IRITZIA. ESPAINIAKO GORTEETARAKO HAUTESKUNDEAK. Gezurra esan nuen GetarianÉ
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu