Zalantza anitz izan da hasieratik Esako urtegia (Nafarroa) handitzeko egitasmoaren inguruan. 1985ean onartu zuten handitzea, eremuaren geologiari buruzko azterketa zorrotzik egin gabe. Ordutik, ordea, atzeratu egin dituzte epeak, eta aurrekontuak, handitu eta handitu. Horiekin batera, areagotu egin dira arriskua eta herritarren ezinegona ere.
Esako urtegiaren gunea, jatorriz, ezegonkorra da: flysch materialez osatuta dago, eta mugimendu anitz izan ditu. Antonio Casas Zaragozako Unibertsitateko geologoaren ustez, seguruenik duela 10.000 urte hasi ziren luiziak. «Eremuaren arazoen jakitun egonik ere, urtegiaren edukiera hirukoiztea erabaki zuten Espainiako Gobernuak eta Ebroko Ur Konfederazioak». Azkenean, bikoiztu egingo dute bolumena: 490 hektometro kubiko ditu, eta 1.079 izango ditu.
Casas eta beste hainbat geologo 1986tik ari dira Esako urtegiaren arriskuak ikertzen, baina konfederazioak eta gainerako erakundeek ez diete jaramonik egin. Herritarrek eta taldeek urteetan exijitu diote Nafarroako Gobernuari eska zezala nazioarteko ebaluazio txosten independente bat, Esa handitzearen ondorioz sortutako arriskuak zein diren aztertzeko. Nafarroako Gobernuak, teknikariek iaz egindako ikerketa baten emaitzek bultzatuta, urrian jakinarazi zuen nazioarteko aditu independenteen ikerketa bat eskatuko duela, eta aurtengo aurrekontuan sartuko duela kostua.
Arriskuak «gutxietsita»
Gobernuko teknikariek, hain zuzen ere, ohartarazi zuten zalantza handiak daudela presaren segurtasunaren inguruan: lanak gelditzea gomendatu zuten. Halaber, azaldu zuten konfederazioak «gutxietsi» egin dituela urtegia handitzeko lanen arriskuak, eta ikerketa independente baten beharra ere aipatu zuten.
Esa+Ez kolektiboak txalotu egin du gobernuaren urratsa. «Azken urteotako berririk onena izan da», adierazi du Iker Aramendia ordezkariak. Hala ere, aitortu du lehenago heltzea espero zutela. Casasek ere ontzat jo du administrazioak iritzi gehiago bilatzeko pausoa eman izana; haren irudiko, izan ere, «negargarriak» dira presaren segurtasuna frogatzen duten txostenak. Gobernuko teknikarien irizpenari dagokionez, «moderatuegia» dela uste du: «Han agertzen den baino korapilatsuagoa eta larriagoa da urtegiaren egoera».
Izan ere, iazko otsailean Casasek ohartarazi zuen presaren eskuineko maldari ezin zitzaiola eutsi, mugimenduak «geroz eta kaotikoagoak» zirela, eta iragarri ez zen eremuetara zabaldu zirela. Orain, hamaika hilabeteren ostean, antzekoa da egoera, haren esanetan: eskuineko magala, arazo gehien izan dituena, «oso egoera txarrean» dago; ezkerrekoa «bolborategi bat» da, luizi anitz izan baititu.
Mugimenduen abiaduraz ere ohar egin du Casasek. Ur konfederazioak, berriz, ziurtatu du «hagitz motela» dela abiadura. Zerekin alderatzen den. «Luizien sailkapen orokorretan, oso mugimendu geldoa da, baina presak oso hauskorrak dira. Esakoa hilean milimetro bat mugitzen ari da, eta joerak ez du behera eginen», azaldu du Casasek. «Obra batzuk, zuzenean, ezin dira egin. Baina konfederazioaren filosofia da dena egin daitekeela diruz betetako zaku bat izanez gero. Hasi aurretik ez dituzte egiten beharrezko ikerketak, eta, arazoak sortzen diren heinean, aitzakiak bilatu eta dirua xahutzen dute». Aramendiak gaineratu du geroz eta zailagoa dela konfederazioak kaleratzen duen informazioa interpretatzea, eta datu zahartuak argitaratzen dituela.
Handitzearekin, arriskuak
Hasieran, 2009an ezarri zuten urtegia handitzeko lanak amaitzeko epea, baina atzeratuz joan da:gaur egun, 2021ean jarria dute epemuga. Adituen ustez, hala ere, gehiago geroratuko dira. Desjabetzeak egiten ari dira: urrian, Sigues herriko (Aragoi, Espainia) etxejabeek giltzak eman behar izan zituzten, eta etxeak utzi.
Ebroko Ur Konfederazioak argudio gisa darabil presa berriari esker gutxitu egingo direla luiziak, kontrahorma funtzioa egingo delako. Casasek, ordea, zalantzan jartzen du hori: «Geroz eta obra handiagoetan sartzen ari dira, baina segurtasunak ez du hobera egiten». Haren ustez, aspaldi gelditu behar zituzten lanak, baina hori «porrot» gisa hartuko luke konfederazioak, eta, beraz, «bereari» eutsiko dio.
Pablo Alvarez ingeniari zangozarraren iritziz, berriz, une honetan jokabide zuzenena presa berriaren eraikuntzari eustea da, hegalak egonkortzen saiatzeko.
Ikusteko dago zer gertatuko den lanak amaitu ondoren. Urtegia betetzeko asmoa du konfederazioak, baina, adituen ustez, hori eginez gero ezinezkoa izango da gutxieneko segurtasuna bermatzea. Aramendiren arabera, konfederazioak berak ere zalantzak ditu urtegia betetzeari buruz, eta «kezkatzeko moduko gaia» dela erakusten du horrek. «Egunen batean betetzeko pausoa ematen badute, hori izango da unerik zailena; oraindik ezin izan dugu hori modu kolektiboan irudikatu».
Casasek jakinarazi du edukiera bikoiztearekin bikoiztu egingo dela arriskua, baita ezbehar baten ondorioak ere. 2014an ikerketa bat egin zuen geologoak, Carlos Revueltorekin batera, eta kalkuluak egin zituzten: Esako horma apurtuko balitz, hogei minutuan urpean geldituko litzatekeela Zangoza. Ondoren, ikerketa hori oinarri hartuta, Pablo Alvarez ingeniariak, nazioarteko beste hiru zientzialarirekin batera, ebakuazio eredu bat taxutu zuen: istripua gertatuko balitz, Zangozako bizilagunek aukerarik ba ote luketen babeslekuetara joateko. Aukerarik okerrena hartu zuten proba egiteko: gauez gertatzea istripua, herritarrak lo daudela. Ondorioa izan zen bizilagunek 44 minutu beharko lituzketela babeslekuetara joateko. Alegia, Casasek eta Revueltok ura Zangozara iristeko kalkulatu zuten denbora halako bi. Beraz, ikerketa horien arabera, ezinezkoa litzateke Zangoza garaiz hustea.
Ikerketa osatzeko, herritarrengana jo zuten: «700 laguni galdetu genien ea ebakuaziorako jarraibideak ezagutzen zituzten, eta ia %90ek oso informazio eskasa zuten. Zangozarren ezjakintasuna ikusita, baliteke ebakuazioa bera ere ezinezkoa izatea», azaldu du Alvarezek. Hori eragozteko, Zangozako Udala ebakuazio plan bat diseinatzen ari da, Konfederazioaren Uholdeetarako Larrialdi Plana osatzeko. «Egokiena litzateke seinaleak jartzea, herritarrak prestatzea eta simulakroak egitea, baina epe luzerako lana izango da hori».
Egoeraren larritasuna ikusita, Casasek bi aukera ikusten ditu: edo presaren maila 70 hektometro kubora jaitsi %15ean utzi, edo Zangoza hustu. Alvarez, ordea, ez dator bat proposamen horrekin. «Arriskuarekin lotutako lau maila existitzen dira: lehenengoan, arriskua dago presa 24 orduan apurtzeko, eta 2013an maila horretan izan ginen hainbat hilabetez. Bada, egoera hori berriz gertatuko balitz, herria hustu beharko genuke; orain, berriz, hori azkeneko aukera da».
Zangozako herritarrek gero eta kontzientzia handiagoa dute egoera horrekin, Aramendiak dioenez. «Egunerokoan beldurra baztertzen dute, baina arriskuaren ideia barneratua dute. Hori, tristea izan arren, sekulako aurrerapausoa da». Izuari esker, kalean erantzuten ari dira. Esaterako, abenduaren 30ean manifestazioa egin zuten Zangozan, eta inoizko arrakastatsuena izan zen: 500 lagun baino gehiago bildu ziren.
Orain, Nafarroako Gobernuak eskatuko duen ikerketaren esperoan daude herritarrak. Casasek baikor begiratzen dio geroari, baina zalantzak ditu: «Ez da erraza izango interesik ez duen norbait aurkitzea, konfederazioak sekulako dirutza banatzen baitu». Aditu independenteak aurkituta ere, Alvarezek zalantzan jarri du jaramonik egingo ote dieten. Izan ere, azaldu du beren azterlanean ere nazioarteko zientzialariek parte hartu zutela, eta ez zutela erantzunik jaso. Aramendiak uste du «dena» baldintzatuko duela adituen txosten horrek, baina epeekin du kezka. «Hala ere, garaiz gaude oraindik».
Iritzi gehiagoren zain
Abenduko datuek frogatu dute higidurak daudela oraindik Esako urtegian, eta Nafarroako Gobernuko teknikariek lanak gelditzea aholkatu dute. Zalantzak ez dira desagertu, baina aurrera doaz presa berria egiteko lanak. Bitartean, herritarrak nazioarteko adituen esperoan daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu