Iritsi da herritarren txanda

Zabalik dago jadanik aurtengo Euskaraldian herritarrek izena emateko epea. Nork bere buruari jotako erronken bidez «lorpen txikien batuketa» erdiestearen garrantzia nabarmendu dute

Herrietako batzordeetako ordezkariak, atzo, Kafe Antzokian egindako ekitaldian. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2022ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Euskaraldirako atzerako kontaketa hasi da. Atzoz geroztik zabalik dago herritarrek izena emateko epea —elkarte eta enpresentzat maiatzaren 16ko astean ireki zuten—, eta Bilboko Kafe Antzokian egindako ekitaldi baten bidez abiarazi dute euskararen aldeko ariketa sozial erraldoian izena emateko epe hori.

Erakundeetako, sindikatuetako eta euskalgintzako ordezkari ugari bildu da Kafe Antzokian izena emateko epealdiaren irekiera ekitaldian. Mirari Martiarena eta Kepa Errasti aktoreek egin dituzte aurkezpen lanak, eta aurreko Euskaraldietan izandako esperientziaz eta ariketa sozial horren garrantziaz galdetu diete Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriari, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollori eta Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Kike Amonarrizi.

Erakunde publikoen eta gizarte eragileen arteko elkarlana goretsi du Zupiriak, eta erantsi du aurreko Euskaraldietan jorratutako lankidetzaren bidea dela aurrerantzean ere erabili beharreko tresna. Esan duenez, Euskaraldiak «pertsona asko eta euskaraz aritzeko aukera ugari deskubritzeko aukera» ematen du, eta ariguneen garrantzia nabarmendu du. Haren hitzetan, Jaurlaritzan ere ari dira ariguneak identifikatzen, eta sailez sail lanean dabiltza euskaraz aritzeko gune eroso horiek prestatzen.

Gogora ekarri du 2020an antolatutako Euskaraldia pandemiak ezarritako mugekin egin behar izan zutela. Murrizketa horiek gaindituta, azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo dena «bizipozaren eta ilusioaren Euskaraldia» izango delako itxaropena agertu du Zupiriak.

Ollok ere instituzioen eta gizarte eragileen arteko elkarlana izan du hizpide: «Uste dut oso bilakaera oparoa dela hiru aldi hauetan izan dena. Elkarlana da Euskaraldiaren abiapuntua eta oinarria, eta honetan denok gara beharrezko eta denok dugu zeregina».

Amonarriz ere «itxaropentsu» agertu da aurtengo ariketaren aurrean: «Esaten genuen 2022a euskararen urtea izango zela. Lehenbizi, Korrika arrakastatsua izan genuen, eta orain, atsedenaldi labur baten ostean, Euskal Herria berriro aktibatzen ari dela ikusten dugu».

Nabarmendu du herrietan eratutako batzordeak aspalditik egiten ari diren lana, eta dei egin die herritar eta elkarte guztiei ahalegin horrekin bat egiteko: «Euskaraldia ez da euskararen aldeko kanpaina bat; erabileran urrats zehatzak egiteko ariketa bat da, eta horretan herritarrek zein erakunde eta gizarte eragileek dute zeresana».

Ahalduntze eskolak

Jarraian, herri eta eskualdeetan eratutako batzordeetako ordezkariek hartu dute hitza. Esan dute gehienak uda aurretik ari direla lanean, Korrikaren arrakastaren bultzada baliatuta, eta azaldu dute aurtengo Euskaraldiaren berrikuntzetako bat: ahalduntze eskolak, edo hizkuntz ohiturak aldatzeak ekar dezakeen «estres linguistikoa» kudeatu eta euskararen erabileran «lasaitasunez eta eroso» eragiteko jarduera teoriko eta praktikoak lantzeko guneak. Donostian, Errenterian, Tolosan (Gipuzkoa) eta Getxon (Bizkaia) antolatuko dituzte ahalduntze eskola horiek.

Azkenik, Euskaraldiaren koordinatzaile Goiatz Urkijok eta Garazi Azkue komunikazio arloko arduradunak azaldu dituzte ariketaren nondik norakoak. Aurrekoetan bezala, herritarrek ahobizi edo belarriprest izateko aukera izango dute. Lehenengoek euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz aritzeko eta lehen hitzak euskaraz egiteko konpromisoa hartuko dute, eta bigarrenek gaitasunaren eta aukeren arabera aukeratuko dute noiz euskaraz egin, betiere euskaraz egin nahi dutenei horretarako aukera erraztuz. Aurreko ariketetan parte hartu dutenek www.euskaraldia.eus helbidean berretsi behar dute euren parte hartzea, eta aurten lehenengo aldiz esku hartuko dutenek ere hor eman behar dute izena.

Aurten, gainera, erabileraren arloko erronka txiki edo handi bat aukeratzeko eskatuko diete parte hartzen dutenei: «Lorpen txikiak behar ditugu. Zinez uste dugu lorpen askoren gehiketatik joango garela gizartean euskararen presentzia handitzeko urratsak egiten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.