Grebarako deialdia egin zieten herenegun Nafarroako irakaskuntzan ordezkaritza duten bederatzi sindikatuek irakasleei. Hezkuntza Departamentuak egin dituen eta aurrerantzean egin litzakeen murrizketak direla eta, negoziazioaren soka tenkatzea erabaki zuten sindikatuek. Eta sokari eutsi egin zion Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak atzo: «LABen lidergoaren baitan baino ez da ulertzen greba; ez du zentzurik».
Udaberrian jakinarazi zuen Nafarroako Gobernuak krisi ekonomikoa zela-eta murrizketa esanguratsua egin behar zuela ikastetxe publikoetan. 2011ko hezkuntzarako aurrekontua gutxitu zuen lehenik, %6,2. Gerora etorri zen abian den ikasturtean bigarren hezkuntzako 200 irakasle kaleratu egingo zituen iragarpena. Eta sindikatuen, langileen zein gurasoen asaldura eragin zuen horrek ere.
Protesta eta elkarretaratzeak egin dituzte maisu-maistrek azken asteotan. Hezkuntza Departamentuko ordezkariekin ere bildu dira. Sokak ez alde batera ez bestera egiten ez zuela konturaturik, aurrez buruan zerabilten erabakia hartu zuten herenegun sindikatuek: urriaren 27an irakaslegoari grebarako dei egitea. Afapna, ANPE, APS, CCOO, CSIF, ELA, EILAS, LAB eta UGT sindikatuek bat egin zuten erabakian, EILAS sindikatuko ordezkari Amaia Zubietak adierazi zuenez, «presio gehiago egiteko beharra» baitzegoen. Eta greba ez ezik, beste hainbat mobilizazio ere iragarri dituzte datorren hilerako: lanuzteak eta elkarretaratzeak atondu dituzte, baita gizarte osoak parte hartzeko manifestazio bat ere. Mahaiaren inguruan jartzeko prest agertu dira sindikatuak, negoziazioak hasi zirenetik galdatu dituzten baldintzak onartzekotan, betiere. Aurtengo murrizketak Nafarroako Gobernuak gizarte ekintza, osasun arlo eta hezkuntzarekiko hartu duen politikaren «hasiera baino ez dira», Expe Iriarte LABeko kideak azaldu zuenez. Hala, murrizketak eten daitezen eskatu diote Iribasi, hezkuntza publikoaren kalitatea kolokan jartzen ari delakoan. Eta hark ezetz, gobernuak ezarri dituen neurriek ez dutela hezkuntzaren kalitatea ezbaianjartzen: «Krisiaren aurka, zerbitzuaren kalitatea ditugun baliabideekin bermatu behar da, eta horretan dihardugu».
Itunpekoarekin alderatuz
Neurri horiek, baina, hezkuntza publikoan soilik hartu izana egotzi diote sindikatuek, eta kontseilariak ukatu egin du hori ere. Gainera, gogorarazi du hezkuntza publikoan astean hamazazpi eskola ordu eduki beharrean hemezortzi ordu izango dituztela, eta itunpekoan dagoeneko 23 ordu dituztela; alegia, homologatzekotan, ikastetxe publikoetako irakasleak galtzen aterako liratekeela.
Sindikatuekin adostasunera iristeko asmoa erakutsi du Iribasek, dagoeneko 28 proposamen helarazi dizkiela nabarmenduz: «Aurrera egiteko erronka asko dago, eta zenbaitek ez dute dirurik eskatzen». Burokrazia gutxitzea, zentroen autonomia areagotzea eta gelako elkarbizitza sustatzea funtsezkotzat jo ditu kontseilariak.
Protestan ari direnei eskua luzatzearekin batera, baina, gogor kritikatu du Jose Iribasek LAB sindikatua, haren lidergoarekin lotu baitu sindikatuek greba egitea erabaki izana: «Protesten gidaritza LABek hartzen badu, eta hark egiten badio gurdiari tira, ezin da bestelako ekintzarik espero». Edonola ere, irakasleek ez dutela zertan haren bidea jarraitu adierazi du kontseilariak: «Sinetsi egiten dut irakasleengan, haiek erakutsi didaten konpromisoan eta ikasleen alde buru-belarri aritzeko duten borondatean». Haren ustetan, ezin eutsizkoa da greba, ikasleari egiten dion kalteagatik.
Iribasek zentzugabetzat jo du urriko greba deialdia, eta LAB egin du erantzule
Kontseilariak esan du ikastetxe publikoetan itunpekoetan baino eskola ordu gutxiago dutela irakasleek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu