«Ikasle guztiek dute ingelesa menderatzeko eskubidea». Horixe erran du Nafarroako Hezkuntza kontseilari Jose Iribasek, eta horretarako ingelesezko irakaskuntza eredua Nafarroa osora zabaltzeko asmoa duela agertu du. Aurrematrikulazio kanpaina hasteko egun gutxi falta direnean egin ditu adierazpenok, otsailaren 1etik 8ra izanen baita epea zabalik Nafarroan. Egun, Haur Hezkuntzako 21 eskola publikotan eta Lehen Hezkuntzako hemeretzitan ezarria dago ingelesezko irakaskuntza eredua. Denera, 7.500 ikasle inguruk jasotzen dute.
D ereduaren aldeko manifestua sinatu duten gizarte eragileen ustez, ordea, euskarazkoa da ikasle eleaniztunak lortzeko bidea bermatzen duen eredua eta, ondorioz, eredu horren alde egin dute. Nafarroako Ikastolen Elkarteak, Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendarien Elkarteak, Nafarroako Euskara Teknikarien Lanbide Elkarteak, Sortzen-Ikasbatuaz taldeak eta Topaguneak aurkeztu zuten testua, atzo.
D ereduaren aldeko apustuaren barruan, hiru ardatz nabarmendu dituzte manifestuaren sinatzaileek: eredu hori dela eleaniztasunerako bidea, kalitatea eta eraginkortasuna bermatzen duela, eta hautu ekologikoa ere badela.
D eredua «kalitate eta esperientzia handikoa» dela nabarmendu dute. «30 urteko esperientziak kalitatezko emaitzak bermatzen ditu». Edozein hizkuntza ikasteko jarrera bultzatu beharra nabarmendu dute, gainera. «Erroak tokian sustraitu, eta adarrak mundu globalean hedatu» behar dira, haien hitzetan.
Kontseiluaren kanpaina
Kontseiluak ere D ereduaren alde egin du, eta Euskal Herriko gurasoei eskatu die eredu horren aldeko apustua egiteko. «Euskaraz bizitzea da gure helburua, eta horretarako ezinbesteko baldintza da herritarrek euskara ezagutzea eta erabiltzea. Euskal herritarrek euskara ikasteko eta euskaraz ikasteko eskubidea dute, eta hori bermatu behar zaie», erran du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok, aurrematrikulazio kanpainaren harira.
Bilbaok argi utzi du euskarak behar duela izan irakats-hizkuntza. «D eredua da ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko ereduari gehien hurbiltzen zaiona», erantsi du Kontseiluko kideak.
Iribasek Nafarroa osoan jarri nahi du ingelesezko eredua
D ereduaren aldeko manifestua aurkeztu dute hainbat gizarte eragilek, matrikulazio garaiaren atarian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu