Hezkuntza. Nafarroako haur eskolak

Iribasek ez ditu atzera botako haur eskoletako murrizketak

Oraingoz, diru ekarpenaren %70 besterik ezin duela bermatu ziurtatu du Hezkuntza kontseilariak, baliabiderik ez dagoelakoanZor duena ordaintzeko «borondatea» agertu du, baina argitu gabe noiz izango den posible

UPNk %30 urrituko die eskolei ekarpena. Irudian, Baztangoa, mozketen aurkako afixa batekin. JAGOBA MANTEROLA / ARP.
Oihan Vitoria.
2014ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Haur eskolak ez dira Nafarroako Gobernuaren mozketetatik libratu. Diru falta argudiatuta, itzalpean jarri ditu, eta kezka zabaldu du bai ikastetxeetan eta bai horiek kudeatzen dituzten udaletan. Lehenbizi, 0 eta 3 urte bitarteko zentroetarako dirua %30 murriztuko duela iragarri zuen Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak. Neurria gaitzesteko, oldean irten ziren hautetsi ugari, haien diru zama handituko zelakoan. Kexua entzunarazi zuten. Gero, leundu egin zuen jarrera Iribasek. Eskolei finantzaketa bilatzeko eta diru saila handitzeko nahia izan zuen ahotan. Halaber, proposamenak entzuteko eta adostasunak lortzeko prest agertu zen. Atzo arratsaldean, Nafarroako Parlamentuan eginiko agerraldian, aldiz, UPNren hasierako asmoek tinko segitzen dutela baino ez zuen berretsi.

Aparteko azalpen berritzailerik eman gabe, %30eko mozketei eutsiko diela jakinarazi zuen Hezkuntza kontseilariak. Haren esanetan, oraingoz, ikastetxe horietara bideratutako diru ekarpenaren %70 ziurta dezake soilik, arazo ekonomikoak argudiatuta. Falta dena noiz eta nola ordainduko duen galdetuta, argibiderik ez zuen eman: «Urtea amaitu aurretik gustatuko litzaiguke ordainketak egitea; udalek eskertuko dute. Ez dakit posible izango den».

Nafarroako udalei igorri dizkieten hitzarmenei buruz azalpenak ematera deitu zuten Ezkerrak eta Geroa Baik; baita sortu den «iskanbila» eta «segurtasunik ezari» berehalako konponbidea emateko ere. Ikastetxeen, udalen eta familien artean indar handiz errotzen ari diren «zalantzekin» behin betiko amaitzeko, neurriak galdegin zituen Ezkerrako parlamentari Marisa de Simonek. Iribasen solasaldian, baina, neurririk ez. Berean jarraituko zuela, alegia. Kontseilariak, horrez gain, ukatu egin zuen haur eskoletan mozketarik egin izana: «Ez dira murrizketak. Kontzeptu desegokia iruditzen zait. Udalek finantzaketaren %70 jaso dezakete dagoeneko, gainerako %30ari uko egin gabe. Inoiz ez dugu kontrakorik esan». Falta den diru kopuru hori gaur-gaurkoz ez daukatela gaineratu zuen, eta legea irmoki bete beharra dutela: «Egoera ekonomikoa zaila da; denok izan behar dugu horren kontzientzia». Zor duena pagatzeko «borondate politikoa» agertu zuen Iribas kontseilariak, baina ez zuen zehaztu noiz egingo duen.

Ekarpenik ez egitea egotzi zioten oposizioko taldeek. Geroa Baiko kide Manu Aierdik ohartarazi zuen irailetik aurrerako dirua ere kolokan dagoela. Bilduko eledun Miren Aranoak 3 urtera arteko hezkuntzaren aldeko defentsa egin zuen. Ildo beretik mintzatu zen Aralar-NaBaiko Nekane Perez, hezkuntza lehentasunezkoa dela iritzita. PPko Amaia Zarranzi «bitxia» iruditu zitzaion Iribasen jokaera. Egoera noiz arte luzatuko duen argitzeko exijitu zion. Baita PSNko Maria Arraizak ere: «Borondate politikoa ez da aski».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.