Iriarteren apustuari eutsi dio

EH Bilduko Mahai Politikoak Maddalen Iriarte proposatu du Jaurlaritzako lehendakarigai izateko. Rosa Martinez Equoko bozeramaile ohia Ahal Dugu-ren hauteskunde primarioetara aurkeztuko da

Maddalen Iriarte EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaile eta Mahai Politikoak proposatutako lehendakarigaia, atzoko agerraldian. JUAN HERRERO / EFE.
jon olano
Donostia
2020ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeek data ofizialik ez badute ere, indar politikoak hasiak dira beren zerrendak eta hautagaiak osatzeko lanetan. Prozesu horretan, EH Bilduko Mahai Politikoak bere kideei proposatu die Maddalen Iriarte izatea indar subiranistaren hautagaia Eusko Jaurlaritzako lehendakari izateko. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren inhabilitazioaren ondorioz, 2016ko hauteskundeetan Iriarte bera izan zen EH Bilduren lehendakarigaia, independente gisa sartuta, eta Mahai Politikoak apustu berari eutsi dio orain.

Iriarte donostiarra da (1963), eta Durangon bizi da, Bizkaian. Kazetaria da, ETBn aritua urteetan. Atzo atera zen hedabideen aurrera, Arnaldo Otegirekin batera, Mahai Politikoaren erabakiaren berri emateko. Agerraldian adierazi zuenez, «ardura eta ohore handia» da harentzat hautagai izatea. «Prest nago; indarrez nago erronka honi aurre egiteko». Eskerrak eman zizkion EH Bilduren Mahai Politikoari, eta hautagaitza gehiago aurkeztera deitu zuen, «eztabaida aberasgarria» delakoan.

Oraingoz, beste inork ez du hautagaitzarik aurkeztu EH Bilduko lehendakarigaia izateko. Beste inork ez badu pauso hori ematen, datorren astelehenean izendatuko dute Iriarte. Hautagaiak bat baino gehiago balira, otsailaren 4-13 artean kanpaina egingo lukete, eta otsailaren 14an, 15ean eta 16an, bozketa; irabazlea otsailaren 17an izendatuko lukete. Lehendakarigaiak bilkidea izan beharko du, edo Hauteskunde Batzordeak ontzat jo beharko du hautagaiaren soslaia. Hautagaiak talde subiranistan izena emanda dauden hogei kideren sinadurak aurkeztu beharko ditu, eta euskaraz ondo moldatu beharra du.

Mahai Politikoak ez du beste izen-abizenik planteatu; «aspalditik nahikoa garbi» zuen Iriartek izan behar zuela hautagaia. Izan ere, zalantza zegoen Otegi bera aurkeztuko ote zen; Bateragune auzian, 2021eko otsailera arteko inhabilitazioa ezarri zion Espainiako Auzitegi Gorenak, baina, Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren 2018 bukaerako epai bat dela eta —epaiketa injustutzat jo zuen—, defentsak Espainiako Auzitegi Gorenean aurkeztua du berraztertze helegitea, eta uste du Gorenak baliorik gabe utziko duela epaia. Modu horretara, kendu egingo liokete inhabilitazioa Otegiri —zigortuen artean hark baino ez du indarrean—. Gorenak ez du eperik ebazpena emateko. Lehendakarigaia hautatu ostean ekingo dio EH Bilduk Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerrendak osatzeko prozesuari, eta martxoaren 9an amaituko du.

Otegik berak eman zuen Iriarteren hautagaitzaren berri, nabarmenduta «emakumea, ama, gipuzkoarra, euskalduna eta profesionala» dela. Era berean, esan zuen EH Bilduk «klima aldaketaz, osasungintzaz, zaintzaz eta ziurtasunaz» hitz egin nahi duela, «ikusarazteko EAJren proiektua zaharkitua» dagoela. «Eskuin nazionalista zaharraren» aldean «bada alternatiba bat», haren hitzetan: «Ezker subiranista berria». Uste du herrialdean nagusitzen ari diren balioak bat datozela gehiago bigarrenarekin lehenarekin baino, eta gogorarazi zuen indar subiranista «goranzko joeran» dagoela azken hauteskundeetan: «Euskal Herriko ezkertiar, aurrerakoi eta subiranisten etxe bilakatu behar dugu EH Bildu, eta horregatik hautatu dugu Maddalen Iriarte: balio horiek ondoena islatzen dituen pertsona delako».

Testuinguruaz ere mintzatu zen Otegi: «Erronka ezberdinak daude orain. Momentu historiko batean bizi gara. Munduak, Europak eta Euskal Herriak lidergo sendoak eta konpartituak behar ditu».

Martinez hautagai

Gauzak horrela, apurka-apurka argituz doa nortzuk lehiatuko diren Eusko Jaurlaritzako lehendakari izateko. EAJko Euzkadi Buru Batzarrak Iñigo Urkullu proposatuko du zeregin horretarako, eta martxoaren 7an izendatuko dute; beharrezko gehiengoak lortuz gero, hirugarren legealdia luke Ajuria Enean. PSE-EEk ere erabakia du Idoia Mendia izango dela sozialisten hautagaia; 2016an aurkeztu zen aurrenekoz, eta bigarrenez lehiatuko da orain lehendakaritzara heltzeko.

Ahal Dugu-n ere badira mugimenduak. Rosa Martinez Equoko bozeramaile ohiak hautagaitza aurkeztuko du Ahal Dugu-ko primarioetan; gaur aurkeztuko du hautagaitza, Lander Martinez idazkari nagusiak eta Cristina Makazaga Jarduera Instituzionaleko idazkariak lagunduta. Rosa Martinez Espainiako Kongresuko diputatu izan zen, 2015eko eta 2016ko bozetan Bizkaian aurkeztuta. Ahal Dugu-k herenegun onartu zuen primarioen egutegia; horren arabera, otsailaren 2tik 7ra bitartean edukiko dute hautagaiak aurkezteko epea. Otsailaren 23tik martxoaren 1era egingo dute kanpaina, eta martxoaren 4an izendatuko dute lehendakarigaia.

PPk ere oraindik ez du argitu zein izango den beren hautagaia, baina alderdiko kide ugarik Alfonso Alonso Euskal Autonomia Erkidegoko PPko presidentearen hautagaitza babestudute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.