Infernua, paradisua eta bien arteko gozamenen baratzea margotu zituen Joachim Bosch artista herbeheretarrak (1450-1516) egun Madrilgo El Prado museoan zintzilik den pinturan. Bertako irudi bat hartu du Nafarroako Torturatuen Sareak aurten antolatutako jardunaldiak ilustratzeko. Izan ere, iraganean bizitako infernuaren eta etorkizunari begira egia aitortu beharraren arteko eremuan daude gaur egun igerian torturatuak. Bere muga guztiekin, Hego Euskal Herrian egun indarrean diren erreparazio batzordeetan parte hartu behar ote duten zalantzak dira nagusi maiz biktima askoren artean. Merezi al du ahaztu nahi den hori berriro gogoratzea? Sinetsi behar al zaio erakunde bati hamarkadatan tortura ukatua izan ostean? Balioko al du tortura blindatu duen harresia eraisteko?
«Gurutza ezazue atea eta bulka ezazue; bestela, agian damutu egingo zarete. Une politiko jakin batzuk daude, eta bihar desegingo da hau»
RITA PEÑA Torturaren aurkako ekintzailea
Erantzunen bila, gertuko eta urruneko adibideak aztertu zituzten atzo Iruñeko Planetarioan antolatutako jardunaldian. Lehen orduan, Mikel Soto sareko kideak gidaturik, Rita Peña torturaren aurkako ekintzaile txiletarrak gomendio bat egin zien bertaratutako guztiei: une politiko jakinetan irekitako zirrikitua baliatu egin behar da. «Gurutza ezazue atea eta bulka ezazue; bestela, agian damutu egingo zarete. Une politiko jakin batzuk daude, eta bihar desegingo da hau».
Bigarren orduan, Iratxe Urizar Giza Eskubideen Behatokiko kideak gidaturik, Jon Mirena Landa Eusko Jaurlaritzako Biktimen Balorazio Batzordeko kideak eta Gemma Ubasart Kataluniako Justizia kontseilari izandakoak antzeko ondorioa eman zuten. «Justiziarako eskubidea inork ez dizue kendu behar, baina nola iritsiko gara horraino? Nola hausten da harresia? Egiak etorkizuna egiten du, eta, arrakalak hausten direnean, egiak azaleratu egiten dira, eta zabalduz doaz, aliatuak irabaziz, enpatia bereganatuz», esan zuen Landak.
Txileko esperientzia
Rita Peñari «orotariko torturak» egin zizkioten 1982an Txilen, Augusto Pinochet diktadorearen garaian. Diktadura amaituta, 2003an Valech batzordean parte hartu zuen Peñak. Beste askoren modura, testuinguru politikoa aldekoa zela jabetu zen, nazioartea Txilerantz begira zegoelako. «Ate bat ireki da: bulka dezagun. Balio badu, ongi, eta bestela, ezer ez», hausnartu zuen. Beste batzuk, baina, mesfidati ziren.
Batzorde hark 28.500 kasu inguru aitortu zituen, eskaera egin zutenen %90 inguru. 1.200 tortura gune identifikatu ziren. Biktima izaera aitortzeko ez ezik, zigor aurrekariak kentzeko, pentsio iraunkor bat emateko eta unibertsitatean ikasteko finantzaketa bermatzeko balio izan zien, besteak beste. Urte batzuk geroago, beste Valech batzorde bat eratu zen, baina testuingurua erabat aldatu zen. «Beste garai politiko bat zen. Lehen aldian uzkur zeuden batzuk animatu egin ziren, baina batzorde horrek kasuen %20 baizik ez zituen aitortu. Damutu egin ziren aurrenekoan egin ez zutelako. Kontuz», ohartarazi zuen.
Ereduak azaleratu dira
Jaurlaritzak bultzatutako biktimen erreparazio batzordeko kide da Landa. Haren ustez, «muga handi bat» da ezin izatea torturatzaileei zigor erantzukizunik ezarri, baina era berean uste du berme juridiko guztiekin prozedura bat abiatuz gero gizarteari sinesgarriagoa izango zaiola giza eskubideak urratu izana.
Landak gaineratu zuen bide horrek «abantaila bat» duela, denborarekin torturaren ereduak azaleratu baitaitezke, eta hala egin dute lehen aldiz aurtengo txostenean: «Aurrera egin ahala, ikusi dugu Guardia Zibilak, Espainiako Poliziak edo Ertzaintzak torturatutakoen artean metodologia desberdinak erabili dituztela, baina elkarren artean koherenteak. Gezurra esatea leporatu badizuete, zer ondo antolatu duzuen gezurra, kasuetan ereduak azaleratzen baitira. Intxaurrondon modu batera funtzionatzen zuten, eta besteetan bestela».
«Noiz eskatuko du barkamena Guardia Zibilak? Edo Espainiako Poliziak? Edo Auzitegi Nazionalean antiterrorismoan aritu zirenek? Edo Ertzaintzak?»
JON MIRENA LANDA EAEko Biktimen Balorazio Batzordeko kidea
Nahiz eta legeak ez duen uzten egileak identifikatzen, Landak uste du estatuaren barruan bilatu behar litzatekeela «noren erantzukizuna» izan zen, «tortura ez baita gertakari meteorologiko bat». Azken gogoeta egin zuen: «Noiz eskatuko du barkamena Guardia Zibilak? Edo Espainiako Poliziak? Edo Auzitegi Nazionalean antiterrorismoan aritu zirenek? Edo Ertzaintzak? Gutxi batzuentzat, baina tortura erabili zuen».