Izaskun Arrue kulturgunea ireki dute gaur, Gasteizko Errementari kalean. Proiektuaren aurkezpenean zehaztu zutenez, «proiektu kultural integrala» da, «euskaratik eta euskaraz». Areto nagusi bat, gune eszeniko handi bat, ostalaritza zerbitzua eta lan eremuak ditu, bertzeak bertze. Kulturgunea eraikitzeko, Ruiz de Bergara jauregia zaharberritu dute urte eta erdi inguruan.
Ikusi gehiago
Bihar eta datorren astelehenean bisita gidatuak egonen dira, euskaraz eta gaztelaniaz. Gunea bertatik bertara ezagutu nahi duten herritarrendako saioak izanen dira. Hiriko bestetan jokoak eta bertze hainbat jarduera ere egonen dira; abuztuaren 6an, adibidez, familiendako jokoak antolatu dituzte, material birziklatuekin egiteko. Urte osoan ere jarduera ugari egonen dira –kontzertuak, tailerrak, solasaldiak eta erakusketak, adibidez–; halere, oraindik ez dute horien xehetasunen berri eman. Irailetik aurrera programazioa hiruhileko bakoitzean aldatuko da, eta aurkezpenak urtaroka eginen dira.
Horrez gain, datorren astelehenean dirulaguntzak jasotzeko hiru deialdi irekiko dituzte: Taulara, antzerki obrei eta monologoei buruzkoa; Egin Leku, hasiberriak diren musikariendako; eta Muina, kultur arloko jardueraren bat egin nahi duten herritarrendako irekia.
Bide luzea
Duela urtebete zabalduta egon behar zuen guneak, baina itxita egon da gaur arte. Euskalgintzak behin eta berriz eskatu du antzokia irekitzeko, Gasteizen euskararen arnasgune izan behar duelakoan. Esaterako, martxoan, euskalgintzako hamahiru eragilek ohar bat argitaratu zuten, Gasteizko Udalari eskatzeko antzokia «lehenbailehen» irekitzeko. Halaber, handik egun batzuetara, aldarrikapen bertsua egin zuten euskara, kultura eta kazetaritza arloko ehundik gora pertsona ezagunek.
Ordea, udalak behin eta berriz atzeratu du antzokiaren irekiera eguna, azpiegitura eta baliabide teknikoak falta zituela argudiatuta, eta bitartean Lazarraga elkarteak, antzokia hitzemandako datan zabalduko zelakoan, kudeaketari lotutako gastuetara bideratu du diru laguntzaren zati bat. Apirilean, Gasteizko Udaleko kontu hartzaileak iazko diru laguntzaren likidazioaren berri eman zion elkarteari: udalari 112.817 euro pasatxo bueltatzeko eskatu zion. Elkartea behin baino gehiagotan kexatu izan da horregatik, eta proiektua zalantzan zegoela ere esan zuten. Alea hedabidearen esanetan, hitzarmenen berrian «hainbat egokitzapen» egingo dituzte «2023ko diru zuriketan gertatutako arazoak berriz ere gertatu ez daitezen».