Maddi Bordagarai. Uda Lekuko koordinatzailea

«Irauteko zer zango moztuko dugun aztertzen ari gara»

Ipar Euskal Herrian aisialdia osoki euskaraz proposatzen duen elkarte bakarra da Uda Leku. 40 urte bete dituzte aurten, eta zailtasun ekonomikoak dituztela salatu dute; instituzioen laguntza galdegin dute.

PATXI BELTZAIZ.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2023ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Ttipitatik ibilia da Uda Lekun Maddi Bordagarai (Oloroe, Okzitania, 1980). Haurra zenean, Angeluko (Lapurdi) egoitzan ibili zen, eta, gerora, animatzaile izan zen. Beste egitura batzuetan aritu ondoan, elkarteko koordinatzaile postua hartu zuen 2011n. «Kezkak» baditu, baina «gogoa» ere bai. 40 urte bete ditu euskarazko murgiltzean den aisialdi elkarteak —bakarra da Ipar Euskal Herrian—, eta zailtasun ekonomiko handiak ditu; instituzioen laguntzarik gabe, gune bat hesteko arriskua ikusten dute.

40 urte ospatu ditu Uda Lekuk. Zer ibilbide egin du?

Profesionalizatzea izan da garapenik adierazgarriena. Bestalde, formakuntza arloko lorpenak azpimarratuko nituzke: gure animatzaileek AIGA diploma euskaraz prestatu eta pasatzea lortu dugu.

Haurren aisialdia euskaraz proposatzen duen elkarte bakarra da Ipar Euskal Herrian. Zer inportantzia du horrek?

Dena aldatzen du. Niretzat, Seaskaren gisako proiektu batek ez du zentzurik Uda Lekuren gisako proiekturik gabe. Eta alderantziz. Seaskak eta sail elebidunak eskolako koadro batera ekartzen dute euskara, eta Uda Lekuk plazara ateratzen du, eguneroko bizira ekarri. Jokoan, irrian, lagun arteko harremanean, bazkaltzean...

Nolakoa da euskararen presentzia Uda Lekuko egoitzetan?

Euskara biziki guti entzuten da. Aisialdi zentro bateko ateak pasatu, eta nagusiki frantsesa entzunen duzu, edo Hendaian espainola. Aisian gara, ez gara koadro hetsi batean, eta haur gehienek hizkuntza ez dute aski menperatzen beren baitarik euskaraz aritzeko. Euskaldunentzat, eta bereziki helduentzat, biziki zaila da hori entzutea. Ez du kentzen haien hizkuntza gaitasunean anitz ekartzen diegula. Baina haur bat haur bat da, eta bere lehen misioa, hitz egiteko momentuan, komunikatzea da. Bost axola zaio zer hizkuntzatan.

Baina haurren hizkuntza jarrera alda daiteke, ezta?

Plazara kolektiboarekin ari gara hizkuntza plan bat osatzen. Lankideentzat frustragarria da ez euskara gehiago entzutea haurren artean, eta denbora osoan «mintza euskaraz!» erratea. Afera da zer helburu finkatzen dugun. Guk hiru sailetako haurrak ditugu, maila biziki diferenteak dituzte, eta ezin diegu denei gauza bera galdetu. Lehen urratsa diagnostikorako tresnak sortzea izanen da. Aztertzen ari gara zein egoerek eragiten duten euskara.

Ondoriorik atera al duzue?

Ez oraindik, baina adibide bat emateko, ohartu gara gune batean, eguna finitzean, animatzaileak nekatzen direnean, ohitura badutela banku batean jarri eta elkarren artean mintzatzeko. Haur batzuk inguruan jartzen zaizkie, jakin nahi dutelako animatzaileek elkarri zer kontatzen dioten; egoera horretan, haurrek euskaraz egiten dute. Beraz, helburua litzateke egoera hori artifizialki berriz sortzea beste egoitzetan, eta eguneko beste momentu batzuetan.

Zailtasun ekonomikoak ditu elkarteak. Salatu izan duzue herriko etxe anitzek ez diotela Uda Lekuri haur bakoitzari dagokion diru laguntza ordaintzen. Zertan da egoera?

Ez da batere konpondua, eta, momentuz, ez da konponduko. Printzipioz, hunkitzen ditugun herrietako haurren aisia egunak ordaindu behar dituzte herriko etxeek: egun eta haur bakoitzeko zama bat. Baina ez da legerik horretara behartzen dituenik. Nahiz eta oroitarazten diedan beraiek finkatu duten hizkuntza politikari begirako ekintza bat dela, bost axola zaie.

Instituzioen laguntzarik izan duzue?

Elkargoak eta EEPk onartu zuten politikoki gure gaia zaila dela, eta erran zidaten haiek ere orduak hartuko zituztela herriko etxeekin, gure laguntzeko. Nik biziki pozik hartu nuen hori, nahiz eta esperantza guti izan. Antton Kurutxarrik ere [EEPko lehendakari eta elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordeak] ez zuen ezer lortzen herriko etxeengandik, elkargoaren eta EEPren kasketa izanik ere; hor, berehala ikusi nuen afera konplikatua izanen zela.

EEPk ezohiko diru laguntza bat eman dio Uda Lekuri.

Bai. 50.000 eurokoa, langileei lan hitzarmenaren azpitik pagatzen genielako. Aspaldiko afera da, baina hasi gara hori publikoki salatzen. Azkenean, suprefetak deitu gintuen erranez gure egoera legez kanpokoa zela; berak nahi zuen afera hori konpondu, eta, hortik, EEPren saria izan dugu. Baina ezohikoa da laguntza hori, eta, orain, ekintza plan bat galdetzen digute egoera konpontzeko. Azken bilkuran, duela sei hilabete, EEPren eta elkargoaren presioaren ondorioz, hasi gara zenbaki zehatzetan sartzen, zer-nola egin dezakegun aztertzen...

Eta?

Proposatu digute, adibidez, pagatzen ez duten herriko etxeak zigortzeko, herri horietatik heldu diren familiei gehiago ordainarazteko. Ez da aterabide bat, ez baititugu familiak zigortu nahi politikariek ez dutelako haien hitza atxikitzen. Badakigu biziki ontsa euskaraz bizitzeko jadanik beti dena karioago pagatu behar dugula: ikastolara joateko, edozein aktibitate egiteko... Hori kontuan hartuta, ez ditugu oraino gehiago zigortu nahi familiak. Gainera, EEPrekin hiru urteko partaidetza badugu, eta horretan idatzia da familientzako kostua apaldu behar dugula. Beraz, ideologia bat bada, baina gero partaidetzan idatzia dena marratzeko prest dira. Zer logika du?

Zerbait trenkatu duzue, finean?

Mahai gainean den azken aterabidea da Hendaiako bilgunea hestea, dirua irabaziko baikenuke. Hendaiako permanenteak beste estrukturetara bideratu ahal izango nituzke, eta kontratu mugatuak ez nituzke berritu beharko. Horrek Uda Lekuren kontuak orekatuko lituzke. Aterabide hori aipatu nion EEPri, pentsatuz sutan jarriko zirela, eta ez zutela onartuko estruktura baten hestea. Baina, hori azaltzean, parioa egiteko erran zidaten. Harritu nintzen. Beste aterabiderik ez balitz, eta momentu honetan ez da, behartuak izanen ginateke zinez hestera. Horretan gara, baina momentuan Uda Lekuko administrazio kontseilua ez da prest hori egiteko. Pentsa zertaratuak garen: Uda Lekuren irautea salbatzeko zer zango moztuko dugun aztertzen ari gara. Hori da zinez dugun aukera bakarra? Eskandalagarria da.

Zer eskatzen diezu instituzioei?

Beren hitzak betetzea, beren ardurak hartzea eta behar diren baliabideak aurreikustea. Finean, ezarri duten hizkuntza politikari begirako baliabideak ezartzea. Gure eztabaidak haien elkarrizketen erdigunera ekartzea. Herri bat eraikitzen ari gara, eta gure politikariak ez dira horren heinean. Azkenik, errespetua ere galdetuko nieke, eta gure lana gutxiesteari utz diezaiotela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.