Gazterik kanpoan ibili zen lanean Iñigo Arandia (Tolosa, 1974), eta kanpoanikusitako erreportaje batean ezagutu zituen harremanetarako webguneak. Derrepentean otu zitzaion euskaraz halako zerbait sortzeko ideia. Etxera itzulita, 2005eko uztailean sortu zuen Aranet. Eta 2007ko otsailaren 14an aurkeztu zuen Kaixomaitia.com. Bost urte beteko ditu, beraz, datorren San Valentin egunean, eta aldaketak ekarriko ditu: eskuko telefonoetan erabilgarri izango da ordutik aurrera. Proiektuaren bilakaeraz eta etorkizuneko asmoez hitz egingo du Arandiak asteazkenean Donostiako Okendo kultur etxean, 18:00etan. BERRIA taldeak, Codesyntaxek eta Enpresa Digitalak antolatutako Berton hitzaldi zikloko bigarrena izango da.
Kaixomaitia.com atariak bost urte beteko ditu. Zer bilakaera izan du?
Ona. Lehenengo urtean, 500 erabiltzaile zituen; bigarrenean, 800; hirugarrenean, mila. 2009an atera nuen bigarren bertsioa, guztiz eraberrituta, eta bikoiztu egin ziren erabiltzaileak. Orain 2.500 inguru ditugu, eta 2012 bukaera bitartean uste dut 5.000ra iritsi beharko genukeela, erraz, orain egingo ditugun aldaketekin.
Proiektua zabaltzen laguntzen dute erabiltzaileek? Ordainpeko zerbitzua izanik, harpide kopuru handitzea garrantzitsua izango zaizue...
Normalean, ez duzu esaten Interneten topatu duzula bikotekidea eta, beraz, ez du publizitaterik; eta publizitate hoberena ahoz ahokoa da. Hori baldintzapen bat da. Baina beti ari da jendea harpidetzen. Egunero daude hiru bat harpidetza berri. Masa kritiko hori garrantzitsua da guretzat, eta handitzea da gakoetako bat. Uste dut, gauzak ondo eginda, bost edo hamar milara iritsi gaitezkeela.
Eta zerbitzu eta eskaintza aldetik, zer bilakaera izan du webguneak?
Bigarren diseinua egin genuenean, pasatu ginen posta kontuak eta dena barruan edukitzera: soslaiak, mezuak, alertak... Lehen dena kanpotik zihoan. Harpideei aukera gehiago ere eman genizkien, ordainekoak eta ordainekoak ez direnak harremanetan jartzeko. Erantzun interaktiboetan ere aukerak ugaritu genituen.
Orain aldaketa garrantzitsuak egin behar dituzuela aipatu duzu...
Otsailean bosgarren urteurrena beteko dugu, eta salto egingo dugu eskuko telefonoetara, telefono adimendunetara, eta horrek emango du bat-batekotasuna. Aplikazioa probatzen ari gara. Android aplikazio bat izango da, eta aukera emango du webgunearekin lotzeko. Telefonoan aplikazio bat jarrita, izena emateko aukera ere izango da, argazki bidez. Doan izango da sarbidea, eta eskukoak emango du aukera inguruan aplikazioa martxan dutenekin harremanetan sartzeko, momentuan jendea ezagutzeko.
Zer portaera dute erabiltzaileek?
Jende asko sartzen da ikustera zer dagoen, diskotekara joango balitz bezala: esertzen da ikusteko zeintzuk dauden dantzan plazan. Ni saiatuko naiz diskoteka horretatik aulkiak kentzen, eta jendea plazara ateratzen. Prezio estrategian aldaketa bat ere egingo dugu: prezioak mantenduko dira, baina asko jaitsiko dira argazkia jartzen dutenentzat. Interesatzen zaidalako jende asko egotea, eta argazkiarekin.
Androiderako bakarrik garatuko duzue eskuko telefonoen aplikazioa?
Funtzionatzen badu, aterako da iPhonerentzako. Lehentasuna jarri nuen Androidekin, filosofia gertuagokoa egiten zaidalako, eta badirudielako merkatuak Android aldera doazela. Gero eta jende gehiago sartzen da Internetera eskuko telefonoen bidez, eta gero eta gutxiago PC bidez.
Zertan asmatu duzu, eta zer aldatuko zenuke berriz hasiko bazina?
Irautea bera, hori da arrakastarik handiena. Asmatu dugu ere merkatua irakurtzen, eta identifikatutako arazoei erantzuten. Eta akatsa, hori egin dudala, baina ez dudala aukerarik izan behar bezain azkar erantzuteko.
Diru aldetik, bideragarria da?
Ez, orain ez da. Bizi bada, bizi da momentu batzuetan diru laguntza batzuk jaso dituelako, webguneak berak diru sarrera batzuk badituelako, eta egitura kostuak oso-oso baxuak direlako. Diru laguntzak garrantzitsuak izan dira, baina ez ezinbestekoak; egitura kostuak oso baxuak izateak egiten du bideragarri. Dirua egon denean, inbertsioak egiteko baliatu dugu. Militantzia puntu bat du, eta uste dut jarraituko duela, nahiz eta ez izan bideragarria ekonomikoki.
Kanpoko ereduekin alderatuz, zer eragiten du euskaraz izateak?
Euskal Herrian, eta euskaraz, izateak ematen du aukera errazago iristeko; herri txikia da. Orain, uste dut euskaldunek beren pribatutasuna asko zaintzen dutela; badaukate lotsa bat, halako zerbitzuetarako «nahi bai, baina ez» bat. Hala ere, uste dut gizartean zerbitzu hauek gero eta onartuago daudela. Gizartea eta, adinarekin batera, norberaren egoera pertsonala aldatuz doazen eran, halako zerbitzuek gero eta zentzu handiagoa hartzen dute. Orduan hasten dira lotsak kentzen.
Datuen babeserako legeak ere baldintza zorrotzak jarriko dizkizue...
Gutxieneko isuna 60.000 eurokoa da, enpresa bat ixteko adinakoa. Zenbait aholkularirekin hitz eginda, ez dago batere garbi horrelako webguneak zer segurtasun neurritan sartzen diren. Baina guk legea betetzen dugu, eta gure datu basearen politikak goi mailako segurtasuneko tratamendua du. Horrek mekanismo teknikoa asko zailtzen du. Saiatzen gara ahalik eta datu pribatu gutxien eskatzen; izen-abizenak ez ditugu eskatzen, adibidez. Eta Kaixomaitia.com atarian sartutako datu guztiak kodifikatuta doaz, zerbitzari seguru batetik.
Iñigo Arandia. 'Kaixomaitia.com' atariko sortzailea
«Irautea bera da arrakastarik handiena Interneten»
Jendea ezagutu eta harremanetan jartzeko, 'Kaixomaitia.com' sortu zuen orain bost urte. Eskuko telefonoetarako aplikazioa prestatzen ari da orain. Asteazkenean hitzaldia emango du proiektuaren egoeraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu