Iraupenerako diskurtso berriak

Euskarak gaur egunera arte iraun baldin badu, mendez mende hizkuntza hautu bat egin delako iraun du, hautu hori egiteko diskurtsoa egon delako. Plaza Hutsak antolatutako jardunaldietan, etorkizunera begira sortu beharko diren diskurtso berrien inguruko hausnarketa egin dute.

Idurre Eskisabel, Andoni Olariaga, eta Onintza Odriozola, atzo, Plaza Hutsak antolatutako jarduneldietan. GORKA RUBIO / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2021eko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Maiz egin den galdera da: euskarak zergatik iraun ote duen mendez mende. Bada, zalantza horri erantzuna eman zion atzo Idurre Eskisabel EHUko kazetaritza saileko irakasleak: «Milaka pertsonak urteetan euskaraz hitz egiteko hautua egin dutelako». Eta hautu hori gizaldiz gizaldi egin baldin bada, oinarri diskurtsibo bat egon delako egin da, haren arabera. «Denbora guztian ez zen diskurtso berdina egongo, ezta aldi berean bakarra egongo ere; diskurtso ezberdinak egon dira talkan eta gatazkan». Gaur egunera arte. Aurrerantzean hizkuntza hautu hori egiteko behar diren diskurtsoen inguruan hausnarketa egin zuen Andoni Olariaga filosofoarekin eta Onintza Odriozola EHUko soziologia irakaslearekin batera. Plaza Hutsak antolatuta, euskalgintzaren arnasberritzearen inguruko jardunaldietan aritu ziren hirurak, Aterki ideologiko (zahar)berrituak izeneko mahai inguruan.

Eskisabelek garbi utzi zuen XX. mendean euskararen inguruan baliagarri izan ziren diskurtsoek ez dutela balio gaur egun. Besteak beste, gizartea gero eta indibidualagoa delako. «Feminismoak norbanakoaren identitate arazoak guztion arazo gisa identifikatzen ditu. Bada, euskaltzaletasunak badu hortik bide bat». Haren ustez, kapitalismoaren aurrean sen komunitarioa garatu behar baita, eta, era horretan, «hizkuntzaren eta herriaren arteko lotura hitz eta forma berriz definitu beharra» aldarrikatu zuen.

Diskurtso berri horiek garatzeko bidean, egun indarra hartu duten ildoetatik jotzea proposatu zuen Odriozolak. Dekolonialismoren teoriaren bidetik, esaterako, euskalduntasuna ahalduntzeko modu bat zela esan zuen. «Balio digu galdetzeko non gauden menderatu edo menderatzaileen matrizean». Intersekzionalitatea ere jarri zuen mahai gainean: «Egitura hibridoak sortu behar dira zapalduen artean, aliantzak sortu behar dira, eta zapalkuntzak gurutzatu». Azkenik, hizkuntzen ekologiaren teoriari ere begiratu zion, erakusteko belaunaldi berriei «galeraren arriskua hor dagoela». 6.000 hizkuntza baitaude munduan, eta 200 estatu, horrek sortzen dituen desoreka guztiekin. «Unescok dio oraindik euskara galdu daitekeela, eta hori transmititu beharra dago oraindik». Hiru ildo horiekin, diskurtso berri bat garatzeko bidea markatu zuen soziologoak.

Mundu oso bat hitz egin

Diskurtso berriez gain, Olariagak esan zuen euskarak eremu berriak okupatu behar dituela. «Akaso gustuko ez ditugun eremuak ere sortu beharko ditugu, mundu oso bat hitz egin beharko baitu euskarak». Hau da, egun hizkuntza presente dagoen eremuetatik kanpo lan egiteko eskatu zuen. Baina euskarak mundu oso bat hitz egin beharko badu, zein da egungo egoera? 2019ko Korrikaren kantaren harira sare sozialetan izandako eztabaida ekarri zuen gogora filosofoak. Izan ere, askok ez zuten egoki ikusi trap doinuko abesti bat euskaraz egitea. «2019an hori gertatzeak erakusten du non gauden».

Halere, Olariagak uste du diskurtso positiboak sortzeko bidea badagoela. Duela mende erdi euskara batua sortzea «epikoa» izan zela adierazi zuen, baina egun ere gauza ugari egiten ari direla, eta Wikipediaren adibidea gogoratu. «Horrek ahalbidetzen du euskaraz mundu guztiaz aritzea, eta hor egon daiteke oinarri bat diskurtso berrietarako». Oinarri horiek gabe, haren ustez, zaila baita diskurtso berriak sortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.