Iraungitze data ariketa militarrei

Datorren urtean negoziatuko dute Bardeako tiro eremua baimentzen duen kontratua. Horren aurrean, eremua ixteko «benetako aukera» dagoela uste du mugimendu antimilitaristak, aldaketa politikoa baliatuta. Herri kontsulta egin nahi dute 2018. urtea bukatu baino lehen.

Bi helikoptero Bardeako eremuan, 2016ko martxoan eginiko ariketetan. J. DIGES / EFE.
Ion Orzaiz.
2017ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Burrunba hotsak Arguedasen (Nafarroa). Dar-dar egiten dute etxeetako leihoek; txakurrak zaunka hasi dira, izuak hartuta. Turistek eta bisitariek asaldatuta begiratzen dute zerurantz, tximista batek inguruko etxeren bateko antena jo duela sinetsita. Herriko bizilagunak, berriz, ohituago daude. Badakite zerk eragiten dituen fenomeno horiek: ariketa militarrak dira.

Soinuaren abiadura muga apurtzen duten unean, gerra hegazkinen hedatze uhinek ikara batean jartzen dute inguru osoa. Eta hegazkinek soilik ez; bonben eztandek, tiro hotsek eta ibilgailu militarren joan-etorriek ere zeharo baldintzatzen dute Bardeako tiro eremutik hurbil bizi direnen egunerokoa.

Arguedasen bezalaxe, Tuteran ere sumatzen dituzte maniobra militarrak. «Batzu-batzuk ohituko ziren. Gu ez. Ikusi beharko zenuke nola jartzen diren haurrak, halako burrunba bat entzuten dugun aldiro...», esan du Noemi Solanasek. Bardea Orain elkarteko kidea da tuterarra, eta behin baino gehiagotan aldarrikatu du Bardeako tiro eremua behin betiko itxi dezatela. «Herritarren segurtasunagatik eta Bardeako parke naturala babestearren; baina baita antimilitarismoagatik ere, Bardean probatzen baitituzte gero Ekialde Hurbilean edo munduko beste edozein bazterretan erabiliko dituzten armak». Espainiako armadaz gainera, AEB Amerikako Estatu Batuetako edota Turkiako soldaduak ere ibili dira Bardean —NATOren banderapean—, gerrarako prestatzen.

1951. urtean sinatu zuten ituna Espainiako Defentsa Ministerioak eta Bardeako Komunitatearen Batzarrak —XVIII. mendeaz geroztik lur horiek kudeatzeaz arduratzen den entitatea, hemeretzi udalerri, bi ibar eta Olivako monasterioa biltzen dituena—, eta, ordutik, hainbatetan berritu dute kontratua. 2008an, azkenekoz, 210 milioi euroren truke.

Hamar urterako kontratua sinatu zuten orduan, baina beste hamar urtez «automatikoki» luzatzeko klausula ere erantsi zioten akordioari, bi aldeak ados egonez gero. Heldu den urtean erabaki beharko dute, beraz, kontratua berritzen duten ala ez. Zirt ala zart. Horregatik, 2018. urtea «erabakigarria» izanen dela diote Bardeako tiro eremuaren aurkako elkarte eta eragile gehienek. «Aukera hau ezin dugu alferrik galdu; baliatu egin behar dugu, presio egiteko eta tiro eremuaren itxiera behingoz lortzeko», azaldu du Solanasek.

Kontsulta: 2018rako xede

Bardea Orain elkarteko ordezkariaren esanetan, bi dira heldu den urteari begira planteatu dituzten lan ildoak: batetik, Bardeako Batzordea osatzen duten udaletan eragitea; eta, bestetik, mobilizazioak, ekinbideak eta protestak sustatzea. Gizartea auzi horren inguruan aktibatzea, finean.

Lehen ildoari dagokionez, Solanasentzat «gakoa» da 2015ean Erriberako udal askotan izandako aldaketa politikoa. «Duela bi urteko aldaketa ez zen Nafarroako Gobernura mugatu, eta argi dago Bardeako Komunitatearen Batzarra osatzen duten udal askoren kolore politikoa aldatu egin dela tiro eremuaren kontratua azkenekoz negoziatu zenetik», azpimarratu du. Heldu den urtean ituna berritzeko tenorean, faktore horrek balantza mugiaraz dezakeela uste du Solanasek.

Bestalde, Erriberako, Erronkariko, Zaraitzuko eta, oro har, Bardeako natura gunearen inguruan bizi diren «herritar guztien borondatea aintzat hartzeko garaia» dela uste dute elkarte ekologistek eta antimilitaristek. Horretarako, 2018an tiro eremuari buruzko herri kontsultak bultzatuko dituzte. «Badakigu jende gehiena ez dagoela azpiegitura militar horri eustearen alde, baina, orain arte, herritarroi inoiz ez digute zuzenean galdetu», dio Bardea Oraineko ordezkariak.

Hain zuzen, gizartea aktibatzeko eta Bardea desmilitarizatzeko xedez, plataforma berri bat aurkeztu zuten iragan martxoan: Bardea Libre 2018. Tiro eremuaren aurkako eragile politiko eta sozial guztien topagune izateko helburuarekin sortutako erakundea da, eta Nafarroako eta Aragoiko (Espainia) alderdi politiko, sindikatu eta gizarte mugimenduek osatzen dute.

Besteak beste, Corella, Fustiñana, Cortes, Tutera, Castejon, Caparroso, Fitero eta Cintruenigoko hautets-elkarte independenteek, EH Bildu, Geroa Bai, Ahal Dugu, Herritar Batasuna, Nafarroako Ernai, CHA eta Puyalon talde politikoek; ELA, LAB, CGT, EHNE, CNT eta Steilas sindikatuek; eta Bardea Orain, Sustrai Erakuntza eta Salhaketa elkarteek sinatu dute plataforma berriaren manifestua. Han, 2018ko abenduaren 31 baino lehen tiro eremuaren etorkizunari buruzko herri kontsulta antolatzeko eskaria egin diete tokiko entitateei.

«Lehen aldiz, gehiengo sozial, politiko eta instituzionalak bat egin du tiro eremua eraisteko helburuarekin, baina gehiengo hori indarrean jarri behar dugu. Hitzetatik konpromisoetara pasatu, aldaketa horiek behartzeko», azaldu dio BERRIAri plataformako kideetako batek.

Bide horretan, herritarrei hitza ematea ezinbestekoa dela uste dute sustatzaileek: «Nafarroako Gobernuak agertu du bere kontrakotasuna, baita legebiltzarreko gehiengo politikoak ere; beraz, nola zehaztuko dugu asmo hori? Bada, gure ustez, herriari hitz egiteko aukera emanez lortuko da. Eta hitz hori errespetatuz, noski». Datozen hilabeteetan zehaztuko dituzte prozesuaren nondik norakoak, «orain arte egin dugun bezala, modu ireki, garden eta parte hartzailean».

Tiro eremuaren aurkako mugimenduaren barruan, ordea, bada dinamika berri horri uzkur begiratzen dionik ere. Tiro Eremuaren aurkako Batzordeko Milagros Rubiok, esaterako, ez du egungo egoeran aldaketa nabarmenik sumatzen, eta ilusio handiegia piztea «kalterako» izan daitekeela esan du, hedabideetara igorritako ohar batean. «Gure mugimenduari kalte handia egin diezaioke epe motzean lortu ezinezkoak diren helburuak jartzeak, jendea etsipenera bultza dezaketelako».

Are gehiago: elkarte antimilitarista orok «sinesgarritasuna» behar duela uste du Batzarreko militanteak, eta, horretarako, ezinbesteko deritzo, gerrei ez ezik, «terrorismoei ere» aurre egiteari. «Tamalez, ezkerreko sektore batzuek ETAren orrialdea ez dute autokritikaren ikuspegitik idatzi; alde horretatik, gure batzordea kontsekuentea da bakezaletasun eta antimilitarismo zintzoan».

Jarrera horrek atsekabea eragin du gainontzeko elkarte eta eragile sozialen artean, baina elkarlanerako deia luzatu dute berriz ere: «Inoiz baino beharrezkoagoa da alderdikeriak utzi eta denon artean tiro eremuari aurre egitea. Gure borrokak ezin du urteroko erromeria bat izan, jauzia egin behar dugu», diote Bardea Libre 2018 plataformakoek.

Dirua, kritikak apaltzeko

Plataformako kideek argi dute zeintzuk diren benetako oztopoak, desmilitarizazioaren bidean. Defentsa Ministerioa eta Bardeako Komunitatearen Batzarra jotzen dituzte erantzule gisa: «Tiro eremua inposatu eta betikotu nahi duten horiei komeni zaie batzarrak hor segitzea, itxurazko zilegitasun bat ematen diolako. Horrrela, badirudi aldebikotasun bat dagoela, kontsentsu bat. Eta gezurra da, denok baitakigu, berez, batzarrak ez duela deus ere erabakitzen».

Noemi Solanasen irudiko ere, iluntasuna izan da batzarraren jardunaren ezaugarri nagusia urte hauetan guztietan. «Dirutza jasotzen dute urtero, baina ez dago inongo fiskalizaziorik, eta ez dute informaziorik ematen. Erakunde opakua da erabat. Hastapenetan, tiro eremuaren kontrako iritziak nagusi ziren erakundearen barruan, batez ere, PSNko ordezkarien artean. 2001. urtetik aurrera, ordea, Espainiak kopuru ekonomiko handiak jarri zituen mahai gainean, eta horrek apaldu egin zuen politikari batzuen jarrera oldarkorra».

Iaz, hainbat irregulartasun azaleratu ziren Bardeako Batzarraren kontuetan: besteak beste, 2011. urtean 200.000 euro ordaindu zituztela dietetan eta urtean 50.000 euro inguru gastatu zituztela «protokolo» bidaietan. Hain dira handiak erakunde horrek maneiatzen dituen dirutzak, hainbat udalerriren ekonomia baldintzatzera iritsi dira: «Udal batzuek erabateko menpekotasuna garatu dute urte hauetan, eta ez dira gai urteko aurrekontuak egokitzeko, diru sail hori gabe», dio Bardea Libre taldeak. Hori ikusirik, «leihoak ireki eta erabakia herritarren esku» uztearen aldeko apustua berretsi dute haiek, begirada datorren urtean jarrita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.