Iraultzari burujabe ekiteko

Apirilaren 17tik 20ra egingo dituzte Ernaik eta Aitzinak Gazte Burutakzio Topaketak, Altsasun. Galdera bat dute buruan, ekinez erantzuteko: «Nola egin aurre sistemari?».

Koldo Etxegarai eta Maialen Etxeberria, Aitzinako eta Ernaiko bozeramaileak. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena
Donostia
2014ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Kualitatiboa da aurten Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek Aste Santuko topaketei jarritako helburua, Maialen Etxeberria eta Koldo Etxegarai bozeramaileen hitzetan:«Prestakuntzaz eta eztabaidaz haratago, jendeari ematea Euskal Herria beren auzo eta herrietatik eraikitzeko adibide eta ereduak». Egunerokoan, «sistema kapitalista eta patriarkalari aurre egin» eta berria eraikitzeko tresnak hartzea. Borrokarako ahalduntzea, iraultzarako burujabetzea. Buruz eta ekinez, teorian eta praktikan. Gazte Burutakzio Topaketetan.

Asmo horrekin prestatu dute aurtengo egitaraua, apirilaren 17tik 20ra, Altsasun (Nafarroa): «Indarra jarri nahi dugu borroka ereduen hausnarketan, horiek praktikara eramateko bidean». Egunari eman diote pisua: lantaldeen dinamikari, hitzaldiei, tailerrei... Baina gauak eta aisialdiak ere izango dute tartea. Larunbatean luzatuko da eguna, batez ere, igandean ez baita hain beharrezko izango burua fresko eramatea. Independentistek Iruñean deitutako Aberri Egunean hartuko dute parte, independentziaren aldarria «gazte bezala ere egiteko».

Herriz herri ari dira sarrerak saltzen eta autobusak antolatzen, eta dei berezia egin dute horietan izena emateko, Altsasu autoz betetzea saihesteko. Sarrera erosita, www.burutakzio.cc webgunean eman beharko da izena, eta bertan aukeratu ahal izango du bakoitzak zein lantaldetan hartu nahi duen parte. Goizeko saioetarako izango da hori, baina irekiak izango dira arratsaldeko hitzaldi, tailer eta ekitaldiak, lau egunerako joan ezin dutenek ere parte hartzeko aukera izan dezaten.

Hogei euro balio du lau egunetarako sarrerak, eta kanpin denda jartzeko lekua, hiru egunetarako gosaria eta ostiral eta larunbateko bazkariak izango dituzte trukean gazteek.

Zazpi herrialde, gazteria bera

Ipar eta Hego Euskal Herrian daude egituratuta, hurrenez hurren, Aitzina eta Ernai, baina hasieratik agertu dute nazio ikuspegiz jardun eta elkarlana sendotzeko asmoa. Elkarrekin antolakuntzan jardutea «koherentea eta naturala» izan dela diote: «Berdina da bi antolakundeek begi bistan duten gizarte eredua, politika eredua; gazteria hori berdina da». Herri egituratzeari begira, «hutsuneak» daudela aitortu arren, aukera gisa ikusten dituzte topaketak: «Elkar ezagutzeko, oinarri bat uzteko etorkizunari begira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.