Igandean bukatu zen Iraultza Txikien Akanpada, eta balorazio positiboa egin du antolakuntzak. Arratia eskualdeko Arteagan (Bizkaia) dagoen Basoa defendatzaileen etxean egin zuten akanpadaren bigarren aldi hau bost egunez, Piztuko dugu sua? lelopean. «Pozik» agertu dira antolatzaileak: «Dibertitu gara, baita parte hartzaileak ere». Pandemiak urtebetez atzeratu die Iraultza Txikien Akanpada, asmoa bi urtean behin egitea baitzen: «Pandemiaren ondoren, arnasgunea izan da».
Antolakuntzak nabarmendu du, haiek dakitenaren arabera, ez dela inolako erasorik gertatu kanpaldia egin bitartean: «Ez dugu erasoen protokolorik martxan jarri behar izan». Askotariko gaiak landu dituzte jardunaldian: ekologismoa, feminismoa, autodeterminazioa eta abar. Ikuspuntu ahalik eta desberdinenak jasotzen saiatu dira: «Euskal Herriko herri mugimendua zatikatze prozesu batean dagoen honetan, ahalegin bat egin dugu esparru guztietako jendea batzeko». Egindakoarekin gustura agertu dira, eta hurrengo bat egiteko gogotsu. Bigarrena bukatu berritan, hirugarrenean pentsatzen ari dira dagoeneko: «Hurrengo edizio baten asmoa elikaturik bueltatzen gara etxera».
Akanpada Basoan
Joan den asteko asteazkenean hasi eta igandean bukatu zen Iraultza Txikien Akanpada. Herri mugimenduen topagune izateko asmoz batu ziren Basoan, defendatzaileen etxean. Hitzaldiak, mahai inguruak, tailerrak, bertso saioak eta beste hainbat jarduera antolatu zituzten, eta parte hartzaileek bertan lo egiteko aukera izan zuten.