Iratzarri gazte erakundeak Aralarren parte izaten jarraituko duela esan dute hango hainbat kidek. Gazte taldea Aralarretik banandu dela jakinarazi zuten asteburuan hango kide batzuek, eta atzo, beste kide batzuk atera ziren prentsaren aurrera, gazte taldea alderditik banantzeak inolako zentzurik ez duela azaltzeko.
Iratzarri-Aralarreko gazteak taldea Aralarri lotuta jaio zela azaldu dute, eta estatutuetan ere halaxe jartzen duenez, ezin dela handik bereizi, kongresuak hala erabakitzen ez duen bitartean. Gazte taldea alderditik bereizitzat eman zutenek «demokratikoa izan ez zen asanblada batean» erabaki zutela salatu dute, etaerabakiak ez duela baliorik ohartarazi dute. Asanblada horretara Iratzarriko kide guztiak ez zituztela gonbidatu azaldu dute, eta gainera, Aralarretik bereizteko erabakia kongresu batean baino ezin dela hartu gaineratu dute.
Hala, «beste hainbat iratzarkide»ordezkatzen zituzten zortzi kidek, Aralarrek V. Kongresuan hartutako erabakiei «babes osoa» azaldu diete. Gainera, «ezkerreko indar soberanista guztien arteko akordio estrategikoa gauzatzeko ekimena» beren egiten dutela eta horretarako lan egingo dutela azaldu dute. «Aralar kaltetzeko» Iratzarri erabiltzeari uzteko eskatu diete «iratzarkide guztiei eta Iratzarritik at dauden pertsonei».
Iratzarri Aralarretik bereizitzat eman zuten gazteek NaBairen aldeko jarrera lehenesten zuten Amaiurren aldekoaren alboan. Atzo, Aralarren egoitzan prentsaurrekoa eman zutenek bestelako iritzia dute, eta Aralarren «aldarrikapen historikoaren —ezker abertzale zabal eta zibila— garaipen sozialaren isla» Amaiur dela nabarmendu zuten.
Iratzarrik Aralarren jarraitzen duela diote hango kide batzuek
Esan dute gazte erakundea alderditik ezin dela bereizi eta lanean jarraituko dutela Aralarren ildoarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu