Iratzarri gazte taldea alderdi bihurtu da, Aralarretik irten ostean

Alderdiaren azken erabakiekin ados ez zeudelako, bertatik alde egin zuten Iratzarriko hainbatek, otsailean

Oihana Elduaien Uranga.
2013ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Iratzarri alderdi politiko gisa erregistratu da. Hala jakinarazi du alderdiak berak, komunikabideetara igorritako oharrean. Aralarreko gazte taldea zen Iratzarri, baina iazko otsailean jakinarazi zuen alderditik bereiziko zela. «Hauteskunde logiken menpe egon gabe jarduteko» hartu zuten erabaki hura, «pentsatzen baitu horrek gazte abertzale eta ezkertiarren aniztasuna gutxiesten duela». Alderdia eratzeko erabakiarekin «gazteria aktibo eta protagonistaren aldeko apustuari» eusten diola azpimarratu du Iratzarrik. Jakinarazi du, era berean, ez diola uko egiten «ezkerrekoak eta abertzaleak diren espazio politiko berriak, alternatiboak eta askotarikoak sendotzeari eta sortzeari» .

Aralarreko legebiltzarkide hainbaten lana aintzat hartzen zutela esan zuten otsailean Iratzarriko kideek, eta aipamen berezia egin zioten Aintzane Ezenarrori.

Iratzarrik alderditik bereiziko zela jakinarazi eta egun batzuetara, gazte erakundeko kide batzuek prentsaurreko bat eman zuten, eta esan zuten Aralarren jarraituko zutela. Alderdian gelditzearen alde zeudenek esan zuten gazte erakundea alderditik bereizteko kongresua egin behar zela, eta salatu zuten aldentzea erabaki zutenek «demokratikoa izan ez zen batzar batean» hartu zutela erabakia eta batzar horretara ez zituztela gazte erakundeko kide guztiak gonbidatu.

Esanak esan, bereizitako kideek beren bidea egin, eta izen horretako alderdia erregistratu dute. Jakitera eman dutenez, duela bederatzi urte sortu zenean zuen lanerako eremu berbera izango du aurrerantzean ere Iratzarrik: Hego Euskal Herria. Mikel Anderez da alderdiko koordinatzaile orokorra, eta Leire Martinez koordinatzaileordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.