Iratzar fundazioak kolektiboki irudikatu du etorkizuneko Euskal Herria

2014tik gaur arteko ibilbidea errepasatzeaz gain, hurrengo hamarkadarako oinarriak ere finkatu dituzte urteurren ekitaldian.

Gaur egungo egoera ardazten duten gaien inguruko prospekzio ariketa egin dute ekitaldian. IDOIA ZABALETA / FOKU
Gaur egungo egoera ardazten duten gaien inguruko prospekzio ariketa egin dute ekitaldian. IDOIA ZABALETA / FOKU
aitor biain
2024ko azaroaren 9a
14:45
Entzun

Iratzar fundazioak hamar urte bete ditu, eta urteurrena ospatzeko ekitaldia egin dute gaur Donostian. 2014an eratu zuen fundazioa Sortuk, artean legeztatu berria zela, arnasa luzeko azterlanak sustatzeko asmoz. Eta, hain zuzen ere, ordu hartan «ideia bat» zena «egitasmo eraginkor eta sendo» bilakatu dela gogorarazi du fundazioko lehendakari Floren Aoizek. Urte hauetan guztietan egindako lana nabarmendu du Aoizek, eta azpimarratu du horretan guztian elkarlana «funtsezkoa» izan dela. Hala ere, etorkizunari begira jarri beharraz ohartarazi du, Euskal Herriak «erronka eta mehatxu handiak» dituelako parez pare: «Historia bizkortu egin da gure garaian, eta zaila da luzera begira pentsatzea, baina, paradoxikoki, gero eta beharrezkoagoa da».

Donostian gaur urtemuga dela-eta egin duten batzarrean, fundazioaren ibilbidea errepasatzeaz gain, egungo egoera ardazten duten gaien inguruko prospekzio ariketa bat egin dute, hamar urte barru etor daitekeen Euskal Herria «kolektiboki» irudikatzeko. Sei ardatzen gainean egin dute lanketa: planetaren muga biosozialak, geopolitika, digitalizazioa eta adimen artifiziala, ekonomia, olatu politiko «erreakzionarioak», eta estatuaren «itzulera».  

Gaurtik bihar leloarekin egin duten batzarrean parte hartu dute, hain zuzen ere, alderdietako eta erakundeetako ordezkariek ez ezik, akademiako, sindikatuetako, mugimendu feministako eta gizarte zibileko hainbat lagunek ere. Bertan izan dira, besteak beste, Arkaitz Rodriguez, Eraitz Saez de Egilaz, Xabier Astigarra, Mario Zubiaga, Maider Galardi, Lorea Martinez, Ainhoa Olaso, Gorka Julio, Arkaitz Fullaondo, Eneritz Zabaleta, Edurne Larrañaga eta Xebax Christy. Denera, laurogei pertsonatik gora bildu dira ekitaldian.

Hiru ardatz aurrera begira

Aurrera begira landu beharreko hiru printzipio nabarmendu ditu fundazioak. Horietan lehena «borroka ideologikoa edo ideien lehia» da, Elena Beloki eta Andoni Olariaga eledunek azaldu dutenez. Kontakizun berrien garaia dela uste du fundazioak, eta horiek Euskal Herriaren egungo errealitatera ekartzea ezinbestekoa dela nabarmendu dute bi bozeramaileek: «Ezin diegu aurreko erronka horiei tresna zaharrekin erantzun: horiek egokitu eta berrietan eragitea ere tokatzen zaigu».

Pentsamendu kritiko hori ahaldundu eta belaunaldi berriei transmititzea da bigarrena printzipioa, hain justu ere: «Mugimenduen trebakuntza politikoa lehentasunezko helburua da etorkizunari begira». Euskal Herriaren «askapen prozesua» azkartzeko bidean «trebakuntza eta transmisioa inoiz baino garrantzitsuagoak» direla azpimarratu dute.

«Produzitu, saretu eta demokratizatu. Egitea, inteligentzia kolektiboan eraikitzea eta egiten jakitea izango da helburua»

IRATZAR FUNDAZIOA

Hirugarrena eta azkena saretzea da: «Nazioartean eta Euskal Herrian, konplizitateak eraiki, saretu eta gure borroka ezagutzera ematea eta besteena gurera ekartzea da gure etengabeko borroka». Fundazioaren ustez, lehentasunezkoa izan behar da «ezberdinen arteko lanean sakontzea» eta pentsamendu politiko afektiboaren inguruko «komunitatea eraikitzea».

«Gaurtik bihar edo geroa gaurtik. Produzitu, saretu eta demokratizatu. Egitea, inteligentzia kolektiboan eraikitzea eta egiten jakitea izango da helburua», adierazi dute Belokik eta Olariagak. Eta bide horretan balioek duten garrantzia azpimarratu dute, halaber, eraldaketarako urratsak kolektiboki ez ezik nork bere baitan ere egin behar dituelako: «Ezintasunaren ordez itxaropena planteatzen dugu. Eta jakitun gara, eraikitze eta deseraikitze prozesu baten ondorioz, jendartea eraldatzeko geure burua eraldatuz hasi behar dugula, pertsonalki eta kolektiboki».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.