Iratxe Sorzabali babesa adierazi dio Euskal Herriko Bilgune Feministak, eta gogoratu du tortura ez dela «iraganeko mamu bat»

Tortura modu sistematikoan erabili dela gogoratu dute, eta emakume militanteen kasuan «biolentzia bikoitza» izan dela. Auzia mahaigaineratzeko deia egin dute, bakearen eta justiziaren mesedetan.

Gaur arratsaldeko elkarretaratzea, Hernanin. JON URBE / FOKU
Gaur arratsaldeko elkarretaratzea, Hernanin. JON URBE / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko martxoaren 5a
20:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal Herriko Bilgune Feministak deituta, Iratxe Sorzabali elkartasuna adierazteko eta haren kontrako auzibideak salatzeko elkarretaratze bat egin dute Hernanin (Gipuzkoa). Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzen ari dira hura, eta epaimahaiaren aurrean eman du inkomunikazio aldian pairatutako torturen berri. Hain zuzen, Bilgune Feministak salatu du horrek torturek utzitako ondorioak areagotzea eragin dezakeela: «Une honetan jazarpen eta indarkeria egoera batean egoteak eta tortura bera ahalbidetu zuen sistema judizialaren aurrean egoteak deklarazioa egoera zaurgarrian egitera behartzen du».

Bilgune Feministak, Euskal Herriko Gazte Feministen Sareak eta torturak pairatutako hainbat emakumek parte hartu dute elkarretaratzean, eta gogoratu dute Sorzabalen kontrako froga nagusiak hark torturapean egindako adierazpenak direla. «Makina bat epaiketatan» erabili izan direla kritikatu dute, eta horien ondorioz hainbat euskal herritar espetxeratu direla. Hala, salatu dute torturaren ondorioak oraindik ere presente daudela, eta inondik ere ez direla «iraganeko mamu bat».

Izan ere, hamabi urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak Sorzabalen aurka, ETAk 1995ean egindako atentatu bat egotzita, eta beste epaiketa bat ere izango du hilabete honetan. Sorzabalen abokatuak adierazi zuen, baina, inkomunikazio aldian «torturapean egindako deklarazio bat eta gaizki itzulitako gutun bat» direla haren aurka aurkeztutako froga bakarrak.

Hain zuzen, Sorzabalek aurreko astean epailearen aurrean azaldu zituen tortura «bortitz» haiek, negarrez hasteko zorian, eta zehaztu zuen uste zuela «bertan hilko» zutela: «Haientzat ez nintzen pertsona edo militante bat; emagaldu puta bat nintzela esaten zidaten». Hori gogoraraztea behartu izanak pairatutakoaren inguruan norberak izan ditzakeen prozesuak oztopatu dezakeela salatu du Bilgune Feministak, eta deklarazioa egoera horretan eta modu behartuan egiteak erabat baldintzatzen duela egoera. Hala, Sorzabali gutunak bidaltzeko deia egin dute, hari babesa adierazteko.

Auziari ikuspegi orokorra bat emanez, Bilgune Feministak kritikatu du jakina dela tortura sistematikoki aplikatu dela «arrazoi politikoak direla medio jazarriak izan diren emakumeen aurka», nahiz eta Espainiako eta Frantziako estatuek «ukapena eta desitxuraketa» estrategia bat baliatu duten hori ezkutatzeko: «Torturaren erabilera ere estrategia bat izan da, izuaren bidez kontrol soziala lortzeko, besteak beste».

«Tortura politiko sexualak jasan dituzten emakumeak eta haien egoerak aintzat hartu behar dira bakearen eta justiziaren aldeko borrokan»

BILGUNE FEMINISTA

Hala, elkarretaratzean salatu dute torturak «kontrol politiko eta patriarkalerako estrategia» bat izan direla, eta motibazio politikodun emakume presoen kasuan «biolentzia bikoitza» ere azaleratzen dela: «Emakume izateagatik eta disidentzia politikoagatik». Izan ere, argudiatu dute misoginiaren eragina nabarmena dela espetxeetan, polizia etxeetan eta justizia sisteman, eta, ondorioz, baita inkomunikazio aldian ere: «Eraso sexualen mehatxuak, biluzik egindako galdeketak, ukituak, orientazio sexuala zalantzan jartzea, bortxaketak, tortura psikologikoak, isekak eta irainak edota militante politiko gisa jasandako gutxiespenak».

Era berean, tortura emakumeak partaidetza politikotik aldentzeko baliatu izan dituztela salatu dute: «Partaidetza hori espezifikoki eta bereziki zigortua izan da emakume militanteen kasuan». Egungo adibide bat ere jarri dute hori islatzeko: aurreko astean hartu zuen Donostiako zinegotzi kargua Sandra Barrenetxeak, eta PPko zinegotziek alde egin zuten osoko bilkuratik, protesta egiteko. Hain zuzen, Barrenetxea ere torturaren biktima da.

Hala, Bilgune Feministak beharrezkotzat jo du mugimendu feministak auzia mahai gainean jartzea, memoria historiko kolektibo bat eraikitzeko lanetan aurrera egin eta egia, justizia eta erreparazioa eskuratzeko: «Tortura politiko sexualak jasan dituzten emakumeak eta haien egoerak aintzat hartu behar dira bakearen eta justiziaren aldeko borrokan». Horretarako torturaren biktimen osatze prozesuak ahalbidetzeko baliabideak ezarri behar direla gehitu dute, «prozesu horiek politizatuz eta ekarpen eta afera politiko gisa ulertuz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.