EUSKAL PRESOAK

Iratxe Sorzabal Espainiaratu eginen dute, behin-behinean

Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzeko eramanen dute Madrilera, bihar. Otsailaren 7an eta 8an du epaiketa: 1996ko atentatu bat egotzita dute auzipetua. Parisko Dei Auzitegiak gibelera bota zuen haren aurkako euroagindu bat, 2020ko abenduan: sinesgarritasuna eman zien euskal presoak salaturiko torturei.

Iratxe Sorzabalen irudi bat, artxibokoa. JON URBE / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2022ko urtarrilaren 13a
16:26
Entzun

Haren abokatuak BERRIAri baieztatu dionez, Iratxe Sorzabal euskal presoa behin-behinean Espainiaratuko dute bihar. Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzekoa dute otsailaren 7an eta 8an, 1996an Gijonen ETAk egindako atentatu bat egotzita (Asturias, Espainia), eta horretarako eramanen dute Madrilera.

Gaur egun, Reauko espetxean dago Sorzabal, Euskal Herritik 925 kilometrora. Epaiketa bukatzean berriro Frantziara itzularazi behar lukete.

Euroagindu bat, gibelera

2020ko abenduan Parisko Dei Auzitegiak gibelera bota zuen Sorzabalen aurkako euroagindu bat. Lehen aldia zen Parisek tortura kasu batengatik euroagindu bat atzera botatzen zuena: prokuradoreak sinesgarritasuna eman zien Sorzabalek salaturiko torturei.

Ez zen euskal presoak izan zuen lehen euroagindu eskaera, ordea: aitzineko hirurak onartu egin zizkion Frantziako justiziak.

Mobilizazioak

Irungoa da Sorzabal (Gipuzkoa), eta herrikidearen epaiketa eta Espainiaratzea salatzeko protestara deitu dute datozen egunetarako herrian. Bihar eginen dute lehena: elkarretaratzera deitu dute San Juan plazan, 19:00etan, Bidasoaldeko Iratxeren Lagunak taldeak deituta.

Urtarrilaren 21ean, berriz, Bi arnas dokumental proiektua aurkeztuko dute: Muara Kultur Elkartea ari da dokumentala egiten, eta Sorzabalen beraren eta haren ama Nieves Diazen egoeraren berri emanen du. Euskal Herritarrek jasandako torturak salatuko ditu ikus-entzunezkoak, halaber.

Azkenik, otsailaren 5ean manifestazioa eginen dute Irungo San Juan plazatik abiatuta, 18:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.