Euskal

Iratiren ahots askotarikoak

Irati gurasoekin uzteko eskatu dute Bilbon kalejira batekin. Katixa Agirrek eta Yogurinha Borovak hartu dute parte, besteak beste

jarraia193274.jpg
amaia igartua aristondo
2021eko otsailaren 6a
21:24
Entzun

«Buruhandiak daude! Eta iratxoak ere badaude». Eta panderoak, akordeoiak, puxika more mordoa, eta baita lau lagunek eramandako herensuge urdin argi bat ere. Hori dena batu zuten atzo Irati Gurasoekin Euskal Herrira dinamikakoek Bilboko Arriaga plazan, eta, elementu pila horiekin batera, baita jende andana ere, haur zein heldu. 3 urte betetakoan, martxoaren 8an, Aranjuezeko (Espainia) kartzelan dauden gurasoekin batera bizitzeari utziko dio Iratik, eta bana ez ditzaten eskatzeko antolatu zuten Jira eta bira ekitaldia.

Festa giroa, proposamenak luzatzeko modua baino ez zen izan, ordea. Zehazki, hiru «aldarrikapen mahaigaineratu» zituzten,  dinamikako kide Eztizen Artolaren hitzetan. Batetik, «Euskal Herriko kartzeletan familientzako modulu mistoa eratzea» galdegin zuten, Irati eta bere gurasoak «elkarrekin bizi ahal izateko». Bestetik, «zaintzapeko pisuak antolatzea» ere proposatu zuten, «behin Irati kartzelatik ateratzean gurasoekin bizitzeko duen eskubidea errespetatzeko». Azkenik, «aldarrikapen egingarriak» zirela azpimarratu zuen Artolak, eta eskumenen transferentziarekin «aurrera urrats» nahikoa egiten ari direla nabarmendu zuen.

Enara pailazoak hartu zuen hitza aurrena. «Motxiladun umea naiz», adierazi zuen. «Leku gris batean jaio nintzen, eta 3 urte bete nituenean, esan zidaten: ‘Kanpora!’». Egoera aurkeztu ondoren, kalejira gidatu zuen kamioira igo zen. Konfeti eta suziri eztandekin eta euri jasa hotsarekin batera abiatu zen segizioa, eta, bozgorailutik entzun ziren abestiak gorabehera, guztien tartetik izan zuen abagunea Enarak «aitatxo eta amatxo etxean nahi» zituztela hainbatetan gogorarazteko. «Nekatuta gaude hainbeste kilometro egiteaz».

Molde askotako aldarriak

Arriaga plazatik Plaza Biribilera abiatu zen kalejira, eta hortik udaletxerako bideari ekin zion. Bertan, Yogurinha Borovari eman zion hitza Enarak, eta abeslariak dantzan jarri zituen bertaratutakoak. Berriro abiatu zen kamioia, patinetean zihoazen ume talde batek gertutik jarraitzen zuela.

Areatzan, tonu solemneagoa erabili zuen Katixa Agirrek haurren eskubideak aldarrikatzeko. «Umeei min emateko modu asko daude egun. Gauza bakarra dute beharrezkoa: gurasoen maitasuna eta babesa. Iratik ezin duenez ahotsa altxatu, hemen dauka gurea». Biolin baten doinuen abaroan biribildu zuen ekitaldia idazle gasteiztarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.