Iratiko oihana biosferaren erreserba izendatu du Unescok

Iratiko biosferak Zaraitzu eta Aezkoa ibarrak hartuko ditu, eta 537 kilometro koadroko eremua izango du. Helburua da eremu babestuan garapen jasangarria eta biodibertsitatearen kontserbazioa babesteko eta klima aldaketara egokitzeko neurriak sustatzea.

Iratiko oihanaren irudi bat. BOB EDME / LE JOURNAL
Iratiko oihanaren irudi bat. BOB EDME / LE JOURNAL
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko uztailaren 5a
17:47
Entzun

Iratiko oihana biosfera erreserba izendatu du Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak. Hala, Euskal Herriak hiru biosfera erreserba ditu gaurtik. Urdaibaikoa da horietako bat, 1984ko abenduan eman zion Unescok izendapen hori. Bardea da bestea; 2000 urtean izendatu zuten.

Biosfera erreserben helburua da balio ekologiko handiko eremuetan tokian tokiko neurriak sustatzea garapen jasangarria bultzatzeko, biodibertsitatea babesteko eta klima aldaketara egokitzeko. Erreserbek, era berean, zenbait baliabide jasotzen dituzte tokiko komunitateen zenbait proiektu laguntzeko. Esaterako, agroekologiarako, uraren kudeaketarako eta ingurumenarekin errespetuzkoak diren jarduera ekonomikoetarako.

Biosfera erreserben xede da, halaber, eremu babestuek Kumming-Montreal Hitzarmeneko konpromisoak betetzen laguntzea. Duela bi urte nazioarteak onartu zuen Biodibertsitatearen Mundu Esparruaren helburu dira, besteak beste, natura eremu babestuek planetako lurraldearen eta itsas eremuen %30 hartzea, eta ekosistema higatuen %30 leheneratzea 2030. urtea baino lehen.

Unescok joan den asteartetik gaur arte Marokoko Agadir hirian egin duen kontseiluan onartu ditu biosfera-erreserba izendapen berriak. Iratiko oihanak ez ezik, izendapen bera jaso du Pirinioetako beste eremu batek ere: Aran ibarrak (Herrialde Katalanak). Beste bederatzi izendapen ere egin dituzte Herbehereetako, Esloveniako, Italiako, Filipinetako, Hego Koreako, Mongoliako, Dominikar Errepublikako eta Kolonbiako lurretan. Guztira, 37.400 km2 babestu dituzte azken izendapenekin —ia Euskal Herriaren azaleraren bikoitza—. Biosfera Erreserben Sareak 759 eremu babestu ditu orain, 136 herrialdetan banatuta.

Komunitatearen parte hartzea

Iratiko biosferak Euskal Herriko basorik handiena hartzen du, eta Europako eremurik handieneko pagadi-izeidi basoen artean bigarrena da. «Biodibertsitatearentzako paradisu bat» da, Unescoren izendapenak onartu dituen kontseiluaren esanetan. Zaraitzu eta Aezkoa ibarrak hartuko ditu erreserbak, Nafarroako ipar-ekialdean, eta 537 km2-ko eremua izango du. Iratiko biosferan 2.435 herritar bizi dira.

Unescoren kontseilu izendatzaileak nabarmendu du Iratiko biztanleek «funtsezko egitekoa» izan dutela biosfera-erreserba izendapena lortzeko, 2015. urtetik hautagaitzaren alde lan egin baitute. Erakundearen esanetan, hautagaitzak aurkeztu duen biosferaren kudeaketarako plangintza tokiko komunitatearen «kontserbaziorako ahaleginen lekuko» da.

Halaber, tokiko biztanleen parte hartzearekin zehaztu dute Iratiko biosferak zer egitura izango duen hura kudeatzeko: kontseilu exekutibo bat eta zenbait alde interesatu ordezkatuko dituen aholku kontseilu bat. Azken horretan ordezkatuta egongo dira, besteak beste, elkarte kulturalak, ingurumenaren kontserbazioari begirakoak eta emakume taldeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.