Tokikomek egindako ekoizpen batenbidez zabaldu dute berria: Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria Irati Iziar izango da bihartik. Historia ikasketak ditu, UEU Udako Euskal Unibertsitateko Etengabeko Prestakuntzako Koordinatzailea da, eta Gasteizko mugimendu euskaltzaleko kide dinamizatzailea. 1975ean jaioa da, Oñatin. Baina berehala egiten du zehaztapena: «Gasteiztarra naiz». Batzarra du bihar arratsaldean erakundeak Ermuko Izarra Centerren, eta han izendatuko dute lehendakari, Kike Amonarrizen ordezko.
«Poza» azaldu du Iziarrek kargu hartzearen harira. «Topaguneak nigan ikusi du nirekin lan egiteko edo elkarrekin egoteko gogoa», adierazi du. Ardura ere sentitu du; areago, «bertigoa» ere badela esan du: «Kikeren ordezkoa naiz, ondorengoa, eta oso handia da bera». Hala ere, gogora ekarri du urte asko daramatzala Topaguneko zuzendaritzan, Gasteizko Geu elkartean ere bide luzea egin duela, eta, alde horretatik, ekarpena egiteko era ikusten duela. «Periferiako» ikuskera hori arrunt interesgarria izan daitekeela pentsatzen du, gainera: «Emakumea ere banaiz, eta Gasteiz, Araba... ikuspegi hori txertatzera nator, irudi hori islatzera». Topagunean «egundoko» lantaldea dagoela erantsi du, eta «harro» jaso duela lehendakari izateko proposamena.
Biharko batzarrean, Euskaltzaleen Topagunearen Kongresuan aztergai izango diren bi proposamenak ere aurkeztuko dira. Zortzi hilabeteko lan sakonaren emaitza dira, azaroaren 18an Arrasaten egingo den kongresuaren oinarria. Hor ekarpena egiteko asmoa azaldu du Iziarrek: «Kongresua ere orain egingo dugu; beraz, ni laguntzera nator, bidelagun izatera».
Lau urteko bidea
Lau urte egin ditu Amonarrizek lehendakari. Kargu uztearen harira, euskalgintzak hamarraldiotan egin duen bidea goraipatu du: euskara sustatzeko «beso tekniko» indartsu bat garatu izana txalogarritzat dauka. Uste du gizartera begira dagoela orain erronka: «Nola aktibatu herritarrak? Nola aktibatu hiztunak? Nola aktibatu gizartea?». Garaia «konplikatua»dela azaldu du; «oldarraldi judizialaren» gisako mugimenduek argi uzten dute, adibidez, joera «atzerakoi» bat hizkuntzen arloan, baina, bestetik, «agenda soziopolitikoaren» lehen lerroan ere badaude hizkuntza gutxituekin lotutako gaiak, eta horiek kudeatzen asmatu behar da.