Kiroletik bagoaz euskaraz saria banatu du gaur Eusko Jaurlaritzak: Irati Anda eskalatzaileari eman dio. Sariaren helburua da prestigioa ematea kirolaren munduko «euskararen aldeko praxiei». Alde horretatik, Andaren jarrera «euskaltzalea» guztiz aintzat hartzekoa dela uste du Hizkuntza Politikako sailburuordeak, eta horregatik saritu dute. Aitor Aldasoro sailburuordeak eman dio saria, Durangoko San Agustin kulturgunean egin den ekitaldi batean.
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan lizentziaduna da Anda, eta eskaladan lorpen handiak izan ditu. Palmares distiratsua du zailtasun txapelketetan: Euskadiko eta Espainiako hainbat txapel irabazitakoa da. 2015ean utzi zuen lehia, lesio baten ondorioz. Hedabideetan-eta ere jarduna da: EITBko Gailurra saioan aurkezle jardun zuen, eta hainbat kultur mugimendutan dabil. Bertsolaria da, eta Arabako Bertsozale Elkartean ari da orain lanean. 1982an sortua da, Gasteizen.
«Kirol arloa euskalduntzea estrategikoa izango da euskararen garapenerako», nabarmendu du Aldasorok gaurko ekitaldian. Gazteenentzat kirolariak «erreferente» garrantzitsuak izaten direla gogorarazi du, eta goraipatu egin behar dela haien euskararen aldeko atxikimendua. «Zorionak guztioi, eta eskerrik asko bidelagun izateagatik». Bide horretan ari direnen artean «sare bat» ehuntzen ari dela esan du, eta hor lanean jarraitu behar dela. Sari hau banatzeaz gain, arloa indartzen jarduteko beste hainbat ekinbide ere abian dituztela gogorarazi du Aldasorok.
Andari eman diote saria, baina hautagai gehiago ere bazeuden izendatuta, eta horiei ere aipamena egin zaie ekitaldian. Arabakoak dira bi: Badaiotz herri kirolen elkarteko sokatira taldea eta Arabako Pilota Federazioa. Bizkaikoak hiru: Ebete kirol jarduerak, Alex Txikon alpinista eta herri kirolaria, eta Asier Villalibre futbolaria. Eta Gipuzkoakoak beste hiru: Urola Garaiko kirol elkartea, Kirolari gaittun podcast saioa eta Aretxabaleta kirol elkartea.
Iaz hasi zen Eusko Jaurlaritza sari hau ematen. Aritz Olagoi kirol psikologoari eman zion orduan. Kirola eraldaketa sozialerako tresna ahaltsua dela sinetsita umeak euskarara hurbiltzeko abiatu dituen ekinbideak nabarmendu nahi izan zituzten.