Teleberriko aurkezle ohia

Julio Ibarra: «Irakurri nituen halako mezuak: ‘Julio Ibarra hil nahi dut’»

Aurkezle gisa eginiko lanagatik askotariko kritikak jasan zituen Ibarrak, baina baita mehatxuak ere. 2004ko martxoaren 11ko atentatuen kontakizunarekin, goia jo zuten.

(ID_13655341) (Monika del Valle/@FOKU) 2024-02-29, Bilbo. Julio Ibarra kazetaria
MONIKA DEL VALLE / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko martxoaren 7a
06:05
Entzun

«Julio, hartu telefonoa», erredakzioko laguntzaileetako batek. «Ezin dut, esan beste bati hartzeko», izan zen erantzuna. Baina insistentziaz berriz: «Jartzeko telefonoan». Halako batean, erredakzioa zeharkatu, eta telefonoaren beste aldean ahots bat: «Julio Ibarra haiz?». Eta hark: «Bai, Julio Ibarra naiz».

2004ko martxoaren 12ko arratsaldean egin zen dei hura. Madrilgo atentatuaren inguruko saio berezi bat prestatzeko lanak utzi zituen ETB2ko Teleberri albistegiko aurkezle Julio Ibarrak telefonoa hartzeko, eta beste aldean entzun zuen ahotsak deia grabatzeko eskatu zion. Hark erantzun: «Ez dago grabatzerik». Batak baietz, besteak ezetz. Eta halako batean: «ETAren izenean deitzen dizugu».

Hori entzunda, grabagailu baten faltan, boligrafo bat eskatu zuen aurkezleak: «Boligrafo berde bat eman zidaten. Nork demontre erabiltzen du boligrafo berde bat?».

Paparrean alkandora makillajearekin ez zikintzeko zapia, telefonoa belarriaren eta sorbaldaren artean eutsita, papera esku batean eta boligrafoa bestean. Ahots ezezagun hark ─edo ez hain ezezaguna, ETAren Kataluniako meniaren berri eman zuen bera baitzen─ esaten zituenak apuntatzeko prest: «ETAk ez dauka inolako erantzukizunik atzo Madrilen izandako atentatuetan».

Informazio hori hartu eta zer egin pentsatzen hasi zen aurkezlea: «Orain, grabaziorik gabe, nola justifikatu hau, mundu guztia esaten ari denean ETA izan dela?». EITBko zuzendaritzara jo zuen haren berri ematera, eta, informazioa Eusko Jaurlaritzako Barne sailburu Javier Balzarekin eta ezker abertzalearekin egiaztatu ostean, baiezkoa jaso zuten. Informazioa ona zen. Haren berri eman zioten Espainiako Gobernuaren ordezkaritzari ere, zabaldu aurretik; baina horrek ez zuen eragotziko Angel Acebes Espainiako Barne ministroak ETAren hipotesiari tinko eustea.

«Gabon guztioi...»

Iritsi zen zuzenean aritzeko unea. «Gabon guztioi...». Eta albistea: «Euskal Telebistak iturri fidagarrietatik jakin ahal izan duenez, ETAk ukatu egiten du inolako harremanik izatea... Informazioa Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailarekin kontrastatu da...».

Une hartako tentsio egoerari albistea batu, eta emaitza izan zen ehunka lagunek PPren Madrilgo Genova kaleko egoitzaren aurrean protesta egitea, gau hartan bertan. «Bolbora balitz bezala zabaldu zen», dio Ibarrak, gogora ekarrita arratsalderako jada hedabide ugarik emana zutela ETBk eta Gara-k jasotako deien berri.

Albiste hura eman izanak, baina, bestelako erreakzioak ere eragin zituen, eta horiek eragin zuzena izango zuten Julio Ibarraren egoeran; haren gaua ez baitzen amaitu programa etetearekin batera. EITBren Iurretako egoitzatik (Bizkaia) ateratzear zela, segurtasun langile batek geldiarazi zuen: «Itxaron pixka bat».

Bi ertzainek harekin hitz egin nahi zuten. «Egon lasai», esan zioten, eta jarraian azaldu dei bat kontrolatu zutela, eta hartan eskuin muturreko talde bateko kideak hizketan entzun zituztela Ibarra gau hartan bertan hiltzeaz. «Esan emazteari haurrak hartu eta etxetik joateko».

Azkenik, etxera joatea erabaki zuen ETBko aurkezleak. Ordurako, ertzainak inguruetan zeuden.

«Egoera biolentoa»

Asteburuaren ostean, astelehenean lanera iristean, aferaren inguruan galdetu zioten. Ibarrak gogoan du ez zuela gertatutakoa salatu nahi izan. Halere, ofizioz ireki zuten auzia, eta urte amaierarako zitatu deitu zuten Durangoko epaitegira. «Gogoan dut elurra ari zuela».

Hura eta EITBko abokatu bat, beste inor ez. Edo bai. Bazen guardia zibil bat. Hain zuzen, hark jaso zuen Ibarrari eraso egiteko enkargua. «Kaskamotza, bomber bat jantzita. Klixe bat», gogoratu du. «Egoera biolentoa zen». Ibarrak, baina, azaldu du egia esateagatik eraso egin nahi izana aurpegiratu ziola epaiketan. Hortik aurrera, ez zuen nahi izan auzi hark bere bizitza baldintzatzea: «Nahikoa nuen orduan bizi genuen egoerarekin».

Izan ere, azaldu du zenbait sektoretan «markatua» zutela, eta gerora ere hala izan dutela, batez ere Lizarra-Garaziko akordioaren garaitik aurrera: «Zanpatu egiten ninduten». Besteak beste, gogoratu du alderdi batzuek presio egiten ziotela, eta Espainiako zenbait komunikabidetan «terrorismoaren apologia» egitea eta «etakide» izatea egozten ziotela. Haren aurkako erasoen erakusle, La Razón egunkarian argitaratutako iritzi artikulu bat: «Tipo higuingarria da [...] Julio Ibarrak ez du soilik doktrinatzen, ez soilik desitxuratzen, ez soilik gezurra esaten; ikusleari begiratzen dio zigortzen ariko balitz bezala. Teletorturatzaile petoa da». Sarean ere, antzera: «Orduan gaur egungo gauza bera ez bazen ere, irakurri nituen halako mezuak: ‘Julio Ibarra hil nahi dut’».

Ordurako, gainera, EITBko aurkezlearen etxean ohiko bihurtu ziren mehatxu deiak; bala bat ere jaso zuen postaz. Hain zuzen, 2004ko martxoaren 11ko goiz hartan, Madrilgo atentatuetan hildakoen kopurua etengabe gora ari zela, Ibarra Ertzaintzako bi agenterekin zegoen etxean. Telefonoa begiratzera joan ziren. «Egun batzuk geroago baieztatu zidaten telefonoa kontrolatua zegoela». Ez du inoiz jakin nork egin zuen hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.