Irakasleen soldaten homologazioa lortzea «arriskuan» dagoela esan du Kristau Eskolak

Azaldu du «negoziatzen jarraitzeko borondatea duela, eta eskaini duen lan itunak oinarriak dituela langileen lan baldintzak «nabarmen» hobetzeko.

Eskola erlijiosoetako langileen protesta bat, abenduan, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Kristau Eskolako langileak protestan, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
arantxa iraola
2024ko otsailaren 2a
18:35
Entzun

Kristau Eskolak «erantzukizunez» jokatzeko eskatu die berriro sindikatuei, eta datorren asterako-eta deituta dituzten grebak bertan behera uzteko. Mobilzazio sorta bati segida eman, eta urtarrilaren 23tik 25era greba egin zuten; otsailaren 6tik 8rako grebarako deia eginda daukate berriro, eta 19an eta 20an ere egingo dituzte lanuzteak. Patronalaren adar horrek esan duenez, sindikatuekin bildu da gaur, eta langileen lan baldintzak «nabarmen» hobetuko dituen eskaintza bat egin du berriro, nahiz eta ez den akordiorik izan. Besteak beste, gogoratu du mahai gainean jarria dutela irakasleen soldatak ikastetxe publikoetako ordainsariekin «homologatzeko» bidea, eta aldaketa hori «arriskuan» egon daitekeela mobilizazioekin segitzen bada.

Kristau Eskolak esan du lantalde osoarentzako soldata igoerak ere badaudela egindako proposamenean, eta hauek ere jaso dituztela: euskalduntzeko planak hedatzeko konpromisoa, ikastetxe guztietan berdintasun planak garatzea, arrisku psikosozialak ebaluatzeko planak derrigorrezkoak izatea, eta Lanbide Heziketan ere egokitzapenak egitea. Horregatik, adierazi du orain sindikatuek jarrera aldatu behar dutela. «Dena ez da posible, eta, gainera, ezinbestekoa da errealitateak ezartzen dituen baldintzak aintzat hartzea».

Irakasleen soldaten homologazioa «mugarri historikoa» litzatekeela nabarmendu du, eta horren garrantziaz jabetzeko eskatu die sindikatuei.

LAB sindikatuak ohar baten bidez esan du homologazioari ezin zaiola uko egin, eta, horiek horrela, Kristau Eskola eta IZEA patronalei eskatu die gatazka «desblokeatzeko» elkarrizketaren bidez. Adierazi du lan kargak arintzeko neurriak, langileei beste lan bat ematea bermatzeko prozedurak eta erosahalmena berreskuratzeko urratsak behar direla horretarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.