Hezkuntza publikoko irakasleen haserrea ez da itzali. Aitzitik, mobilizazio batetik bestera nabari da gero eta jende gehiago bat egiten ari dela sindikatuen deialdiekin eta aldarrikapenekin. Gaur, ikasturteko bigarren greba eguna egin dute Nafarroako irakasleek —irailaren 26an egin zuten lehena—, LAB, Steilas, ELA, CCOO, UGT, ANPE eta Afapna sindikatuek deituta, eta orain arteko jendetsuena izan dela adierazi dute antolatzaileek. «Hau gora doa», laburbildu du LABeko Josu Arraizek goizean, sindikatu guztien izenean: «Bai ikastetxeetako pikete eta elkarretaratzeetan, bai manifestazioetan, ikusi ahal izan dugu irakasleen mobilizazio gaitasuna ez dela apaldu, eta uste izatekoa da aurreko greba eguneko datuak gaindituko ditugula». Datu ofizialen zain, Arraizek esan du parte hartzea %60 edo %65etik gorakoa izatea espero zutela, «aintzat hartuta, batetik, ikastetxeek eman dizkiguten datuak, eta bestetik, mobilizazioetara batu den jendetza».
Ikastetxe batzuetan, egunak egin dituzte gaurko lanuztea prestatzen, eta elkarretaratzeak egin dituzte hainbat ikastetxe publikotako atarietan, ikasleak eskolara sartu aurretik, hain zuzen. Eunate eta Iturrama bigarren hezkuntzako institutuetan, bestalde, irakasleek itxialdia egin dute, eta gaua ikastetxe barruan eman. 08:30etik aurrera, ikastetxe publiko guztien ingurumarietan ibili dira piketeak, grebari buruzko eskuorriak banatzen. Eskola batzuetan, elkarretaratzeak eta protestak egin dituzte 09:00ak aldera, besteak beste Amaiur eta San Frantzisko D ereduko ikastetxeetan.
10:00etan, ikastetxeetako manifestariak zutabetan bildu dira, eta elkarrekin joan dira Hezkuntza Departamentuaren egoitzaraino. Han, egoitzaren aurreko aparkalekuan kabitu ezinik ibili dira irakasleak, eta inguruko belardietara hedatu behar izan dute, tantaka iristen ari ziren manifestariei tokia egiteko. «Hezkuntza Departamentuak aintzat hartu beharko luke mobilizazio erraldoi hau», esan du LABeko ordezkariak, manifestazioa hasi aurretik. «Espero dugu beste bilera batera deituko gaituztela orain, eta erantzuna ezin da izan orain artekoa: berritasunak espero ditugu, eskaintza landuagoak eta serioagoak, orain arte mahai gainean jarri dituztenak oso eskasak izan baitira, iraingarriak ia».
Lau eskaera
Ikasturtea hasi zenetik, lau dira sindikatuek Nafarroako Gobernuari egin dizkioten eskaerak: bat, ikasgela bakoitzean gehienez ere egon daitezkeen ikasleen ratioa apaltzea; bi, irakasleen soldatak igotzea, erosahalmena berreskuratu ahal izateko; hiru, lan gainkarga arintzea; eta lau, lantaldeak egonkortzea, behin-behinekotasuna apalduta.
Hezkuntza Departamentuarentzat, eskaera horiek «bideraezinak» ziren, eta ezezko borobila eman zien hasieran. Hala ere, jarrera malgutu du protestek aurrera egin ahala. Negoziazioak abiatu zirenetik, gobernuak bi proposamen nagusi egin dizkie sindikatuei, greba deialdiak bertan behera uztearen truke. Mahai gainean jarritako neurrien artean daude ratioak «era progresiboan» apaltzea —ikasgelako gehienezko ikasle kopurua 23ra mugatuko lukete Lehen Hezkuntzako lehen mailan, eta beste maila batzuetara hedatuko lukete, ebaluazio baten ostean—; eta irakasleen lan burokratikoa arintzea. Sindikatuen irudiko, baina, Carlos Gimeno kontseilariaren departamentuak «iruzur» egin nahi izan die proposamen horiekin, «neurrien artean 55 urtetik gorako irakasleentzako murrizketak ezarrita».
Sindikatuen ordezkariek gaineratu dute orain arte Hezkuntza Departamentua negoziatzeko prest agertu bada, irakasleen mobilizazioei esker agertu dela prest, eta bide hori urratzen segitzea galdegin dute: «Departamentua mugitu da, hain zuzen, batasun sindikalari eta mobilizazioei esker: aurreko legealdian, ez zuten behin ere eseri nahi izan negoziazio mahaian, eta, iraileko greba deialdia egin genuenetik, hirutan batzartu dira gurekin», esan du Arraizek. Iritzi bertsua agertu du Afapna sindikatuko Yolanda Errok ere: «Hezitzaileak, familiak eta hezkuntza komunitatea, oro har, kontzientzia hartzen hasiak dira irakasleok ditugun arazoen gainean. Grebari, mobilizazioei eta negoziazioari esker lortuko dugu hezkuntza publikoak merezi duen kalitatea bermatzea».
Eserialdia eta tirabirak
Manifestazio jendetsua egin dute sindikatuek goizean. Hezkuntza Departamentutik abiatuta, Iruñeko Alde Zaharra alderik alde zeharkatu dute milaka manifestarik —3.000 inguru bildu dira Hezkuntza Departamentuaren aurrean, foruzainen arabera—, eta Sarasate pasealekuraino iritsi. Nafarroako Parlamentuaren parean egin dute manifestazio bukaerako ekitaldia. «Irakaskuntza borrokan!» izan da goiz osoan gehien entzun den leloa, baina baita Gimeno kontseilariari eta Maria Txibite lehendakariari bidalitakoak ere. «Gimeno, jaitsi ezazu ratioa edo zaindu zuk patioa» oihukatu diote Hezkuntza Departamentuko buruari. Txibiteri berriz, negoziatzeko eskatu diote: «Edo bestela, eman dimisioa!».
Bukaeran, sindikatuen eskaerak gogorarazi dituzte Afapnako eta LABeko ordezkariek, eta gobernuari proposamen «serioak» eskatu, «aurrekontuetan isla izanen dutenak, eta baita neurriak aplikatzeko egutegi zehatz bat ere».
Manifestazioa ofizialki bukatuta, ordea, manifestariek protestari eutsi nahi izan diote. Sarasate pasealekua atzean utzita, Yanguas y Miranda kalean gora abiatu dira, Bakearen plazaraino. Han geldiarazi ditu Espainiako Poliziak, eta eserialdia egitea erabaki dute, zenbait minutuz trafikoa etenda. Espainiako Poliziaren jarrera oldarkorrak tentsioa piztu du, manifestari bat identifikatu baitute orduan. Handik gutxira, lurretik altxatu dira irakasleak, eta parlamenturako bidea hartu dute atzera ere. Han, Foruzaingoaren hesiarekin topo egin, eta berriz eseri dira kalearen erdian, protesta gisara. «Zuek, poliziok, ez zarete jabetzen hau zuen seme-alabengatik ere egiten dugula?», oihukatu die batek. «Polizia gutxiago, hezkuntza gehiago!» abestu dute manifestariek, harik eta protesta bukatzea erabaki duten arte.
Arratsaldean ere manifestazio jendetsua egin dute. Autobus geltoki zaharretik abiatu dira 17:00etan, eta San Frantzisko plazan bukatu, Kalitatezko hezkuntza publiko baten alde. Nire eskola defendituko dut aldarria lau haizeetara zabaldu dute.