Baxoa eta brebeta ez dira iraganen. Hori jakinarazi zuen atzo Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroak. Egoera sanitarioa dela eta, bertan behera utziko ditu azterketa puntual guztiak. Hala, brebeta eta baxoa pasatzekotan diren ikasleak kontrol jarraikiaren bidez ebaluatuko dituzte, sail orokor, teknologiko eta profesionalean. Lizeoko bigarren urteko ikasleek frantseseko ahozko azterketa egin beharko dute ekain bukaeran, egoera sanitarioak hobera eginez gero. Irakasleak kezkati mintzatu dira, oraindik ez dutelako jaso «protokolo zehatzik».
Maitena Lexardoi Baionako Louis de Foix lizeo profesionaleko irakaslea da, eta esan du «azkenean» erantzun bat izateak «lasaitu» egin duela. Hala ere, kezka agertu du kontrol jarraikiari begira: «Kontrol jarraikiak ikasle eta ikastetxeen arteko desberdintasunak areagotzen ahal ditu, eta espero dut irakasle guztiek zuzentasunez jokatuko dutela».
Berdintasuna jomugan
Pettan Aizager Mauleko lizeoko irakasleak bat egin du Lexardoirekin, eta espero du aurtengo baxoa ez erabiltzea hurrengo urteetarako «esperimentazio gisa». «Blanquer jaunak biziki gustuko du kontrol jarraikiaren eta merituaren arabera ebaluatzea. Baina badakigu lizeoko ikasleen jatorri sozioekonomikoaren araberakoa izan daitekeela sistema hori», deitoratu du. Adibide bat eman du: «Paris zentroko lizeo ospetsu bateko ikasle batek eta Maulekolizeoko ikasle batek ez dituzte aukera berak izanen goi mailako ikasketetan izena emateko momentuan». Gehitu du «oso subjektiboa»izanen dela, eta lizeo bakoitzak «nahi duena» eginen duela.
Iban Tikoipe Baionako Etxepare lizeoko zuzendariak ere ez daki ikasleen arteko berdintasuna bermatua izanen den, baina, haren ustez, «berdintasunik ez da sekula». Gehitu du: «Baxoa, puntuala delarik, azterketa bera da denentzat, baina zuzenketak ez dira berdintasunezkoak; ikerketek frogatzen dute zuzentzaileen araberakoak direla».
Ikasleek urtean zehar atera dituzten notak kontuan hartuko dituzte baxoa eta brebeta gainditzeko, baina Blanquerrek iragarri zuen konfinamendu garaiko notak ez dituztela batezbestekoan sartuko. Tikoipek adierazi du oraindik ez dutela agindurik jaso errektoretzatik, eta, beraz, ez dakitela zehazki zein izanen den protokoloa. «Blanquerrek dio konfinamendu garaiko notak ez direla kontuan hartuak izanen, baina eskolara itzultzen bagara notak berriro jarri beharko ditugula, uztailaren 4 arte. Ikusi beharko da baldintzak nolakoak izanen diren; momentuz ez dugu jakiten ahal», adierazi du.
Blanquerren arabera, diploma lortzeko, 20 puntutik 10eko batezbestekoa atera beharko dute ikasleek. 8 eta 10 puntu arteko nota lortzen dutenek bigarren aukerako azterketa egiten ahalko dute, ahozko baten bidez, uztailean. 8 baino gutxiago ateratzen dutenek, berriz, bigarren aukerako azterketa puntuala —baxoaren formatu berekoa— egin beharko dute irailean.
Xaxi Hobiaga terminaleko ikaslea da, eta berak uste du «aterabiderik onena» hartu dutela, baina espero du «ikastetxeen arteko desoreka» ez dela handituko. «Niretzat gauza ona da, baina ez da denen kasua. Gainera, lehen hiruhilekotik ikasleak hobetzen ahal dira, baina orain, konfinamenduarekin, ez da arras posible», gaitzetsi du. Aizagerrek, Tikoipek eta Lexardoik espero dute oharrak ere kontuan hartuko dituztela. Aizager: «Badira ikaslelangileak nota onak ateratzen ez dituztenak. Horiek baxorako prestaketa handiagoa behar dute, baina orain zailtasunetan dira. Oharrak kontuan hartzen badira, xantza gehiago lukete».
Koronabirusa
Irakasleek kezka handiz hartu dute baxoa bertan behera utzi izana
Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroak erabaki du azterketa puntualak kontrol jarraikiarekin ordezkatzea. Irakasleek eskatu dute kontuan hartzeko ikasleen arteko desberdintasunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu