Martxan jarri zenetik beretik, hautsak harrotu ditu PAI Ingelesez Ikasteko Programak. Inprobisazioa, prestakuntzarik eza eta baliabide falta salatu dituzte hainbat sindikatuk eta gizarte eragilek. Esan dute, besteak beste, ikasleen arteko arrakala sozioekonomikoak eta segregazioa areagotzen dituela, eta bereziki kaltegarria dela zailtasunak dituzten ikasleentzat. Euskalgintzak ere gogor kritikatu du PAI, euskarazko ereduen garapena trabatzeko tresna delakoan. Nafarroako Gobernuak, baina, ez die jaramonik egin kritikei: hasieratik, kosta ahala kosta hedatu nahi izan zuen programa, dozenaka ikastetxetan ezarrita, eta gaur egun ere, hainbat auzo eta herritan, PAI beste aukerarik ez dute familiek. Programatik ateratzeko bidea ere zaildu egin du gobernuak, labirinto burokratiko bihurtzeraino, eta neurri batzuk adostu ditu eskuinarekin, ingeleseko programa are gehiago babesteko.
Urte hauetan guztietan, baina, eztabaida publikoak PAIren onura eta kalte akademikoak izan ditu ardatz, bigarren lerroan utzita langileen gaineko eragina: besteak beste, irakasleen behin-behinekotasun tasa handia, lan poltsak osatzeko zailtasunak eta propioa ez den hizkuntza batean jardun beharra, horretarako prestakuntza nahikoa ez izanagatik ere. Orain, faktore horiek guztiak lehen lerrora ekarri ditu Espainiako Auzitegi Gorenak, tramiterako onartu baitu Steilas sindikatuak jarritako kasazio helegite bat. Programaren geroa zeharo baldintzatu dezake prozedura judizialak.
Hortaz, PAI programa auzibide batean sartua dago?
Hezkuntza programa bera ez. Auzibidean dagoena PAI arautzeko eta blindatzeko erabili zen araua da: 11/2022 Foru Legea edo PAI Legea; eta, horrekin lotuta, programa horretako irakasleak egonkortzeko prozesua. Steilas eta ELA sindikatuek helegite bana aurkeztu zuten, eta oraingoz, Steilasena tramiterako onartu du Gorenak —ikusteko dago zer gertatuko den ELAk aurkeztu zuenarekin—. Aurretik, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota zituen beste bi helegite; Gorenak, baina, PAI Legea «Espainiako Konstituzioaren aurkakoa» izan daitekeelako zantzuak antzeman ditu, eta horregatik erabaki du errekurtsoari bide ematea.
Zer dio PAI Legeak?
Nafarroako Parlamentuak 2022ko apirilean onartu zuen arau hori, PSNren eta Navarra Sumaren —UPNk, Ciudadanosek eta PPk osatutako koalizioaren— botoekin. Gainerako taldeek kontra bozkatu zuten. Foru lege horren helburua zen PAI Ingelesez Ikasteko Programako ikastetxeetan lan egiten duten 362 irakasleen postuak egonkortzea. Hau da: funtzionario bihurtzea, ad hoc eginiko prozesu baten bidez.
Baina lan baldintzak hobetzea eta enplegua egonkortzea ez al da gauza ona? Zein da arazoa?
Auzia ez da lanpostu batzuk egonkortu izana, baizik eta nola egonkortu diren, nor gelditu den prozesutik kanpo eta zer bide erabili diren horretarako. PSNk egonkortze prozesua aurkeztu zuenean, esan zuen Nafarroako hezkuntza publikoaren behin-behinekotasun tasa arinduko zuela, baina ez da hala izan, PAI ikastetxeetan soilik nabaritu baita: lan deialdi publiko hartan, 362 lanpostu atera zituzten ingeleseko programarako, eta postu gutxi batzuk besterik ez gainerako hizkuntzetarako. Konparaziorako, euskarazko eskakizuna duten postuen eskaintza oso urria izan zen: 77 baino ez ziren eskaini, eta horietatik bakarra Haur Hezkuntzan. Lan hizkuntzatzat gaztelania daukaten hautagai asko ere estabilizazio prozesutik kanpo gelditu ziren, lehentasuna eman baitzitzaien PAI programako postuei.
«Azken hamalau urteetan, behar baino askoz lanpostu gutxiago atera dira, PAIrako gordetzen ari baitziren», salatu du Steilasek ohar batean: «Horrek esan nahi du hezkuntza publikoan urte ugari daramatzaten anitzek kontratu prekarioak dituztela edo langabezian daudela. Hezkuntza Departamentua PAIn irakasten duten langileen interinitate tasa murrizteaz arduratu da, baina ez irakasle gehienena murrizteaz». Zehazki, sare publikoko irakasleen behin-behinekotasun tasa %50 ingurukoa da oraindik, Nafarroako Kontu Ganberaren azken fiskalizazio txostenean ageri denez.
Hortaz, sindikatuek salatzen dute PAI Legeak ez duela konpondu behin-behinekotasunaren arazoa?
Hori baino gehiago ere bai: errekurtsoa aurkeztu zuten sindikatuen aburuz, gobernuak «amarruak» erabili ditu PAI blindatzeko, eta programa horretan lanean diharduten irakasleak funtzionario gisa aitortzeko, beste irakasleen kaltetan. 2022an PAI Legearen kontra bozkatu zuten alderdiek ere ohartarazi zuten arauak «ziurtasun juridikorik eza» eraginen ziela irakasle funtzionario berriei, uste baitzuten testuan jasotako zenbait punturen legezkotasuna «zalantzan» zegoela.
Zergatik?
Espainiako legeek propio debekatzen dutelako ingelesezko C1 titulazioa ezinbesteko baldintza izatea oposizio orokorretara aurkeztu ahal izateko —hizkuntza ofizialak soilik izan daitezke betekizun; hots, gaztelania eta euskara—. Hau da: Ingeleseko espezialistei bakarrik eska dakieke ingeleseko titulua, baina ez Gorputz Heziketako edo Historiako irakasleei, edo gela bateko tutore izanen direnei; eta hori da, hain zuzen, PAI Legearen oinarria. Ondorioz, beste ezein erkidegotan existitzen ez den funtzionario talde paralelo bat sortu dute de facto: Nafarroako PAI programako ikastetxeetan soilik lan egin dezaketen irakasleena. Langile horiek beste irakasleen funtzio eta betebehar berberak dituzte, baina eskubide eta lan baldintza ezberdinak: besteak beste, Nafarroan soilik daude funtzionariotzat aitortuak, ezin dute beste erkidegoetako lekualdatze prozesuetan parte hartu eta ezin dira PAI programatik atera. Hortaz, behin lanpostua lortuta, ezin dira beste eredu batera aldatu horretarako baldintzak beteta ere. PAIra iltzatuta daude.
Zer dio gobernuak?
Hezkuntza kontseilari Carlos Gimeno «oso kezkatuta» azaldu da auziarekin: «Nafarroako Parlamentuak onartutako lege bati buruz ari gara, eta 350etik gora lanpostu daude jokoan», esan zuen azaroan. Steilasi leporatu zion, gainera, irakasleen interesen aurka jardutea: «Auzi honen ondorioz, ezinezkoa izanen da egonkortzearen bidean segitzea, elkarte sindikalek hainbatetan eskatu duten bezala; foru arauak alda daitezke, egonkortzea hobetzeko edo optimizatzeko, baina hori konplikatua izan daiteke Gorenean kasazio helegite bat badugu».
Hala ere, gobernuari eusten dioten alderdiek iritzi kontrajarriak dituzte: PSNk sutsuki egin du orain arte PAIren alde, eta UPNrekin eta PPrekin lerratuta azaldu da azken eztabaida honetan ere. Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa taldeek, berriz, programa horren gabeziak nabarmendu dituzte: «Ez gaude irakasleen lanpostuak egonkortzearen aurka, baina hori ezin da egin legeari bizkarra emanda», esan zuen Geroa Baiko Itxaso Soto parlamentariak, iragan asteko Hezkuntza Batzordean. Zurekin Nafarroako Miguel Garridok ere sostengua adierazi zien lanpostua kolokan duten irakasleei, baina argudiatu zuen arazoaren erroa PAIren «ziurgabetasun juridikoa» dela: «Beste eredu batzuek ez dituzten eragozpenak ditu». Are gogorrago aritu zen EH Bilduko Eneka Maiz: «Txapuza izugarria da». Eledun abertzalearen aburuz, «iragarritako hondamendi baten kronika» da auzi hau: «Araua onartu zenean, ez zegoen segurtasun juridikorik. Elefantea gela barruan zenuten, eta PSNk nahiago izan zuen ez ikusiarena egin».
Eta langileek zer iritzi dute?
Lanpostua galtzeko arriskua duten irakasleak haserre daude, eta Steilas jotzen dute gertatutakoaren erantzuletzat. PAIren aldeko plataforma bat sortu dute, eta 150etik gora kide dituzte. Iragan astean, agerraldia egin zuten Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordean, PPk gonbidatuta, Britila guraso elkarteko bi ordezkarirekin batera. Ana Garcia del Pozo irakaslea aritu zen bozeramaile, eta «bidegabekeriatzat» jo zuen Steilasen helegitea. Irakasleok bizi duten ezinegona nabarmendu zuen Garcia del Pozok, eta Steilasi leporatu zion «politika» egin izana «langileen interesak» defendatu beharrean: «Hezkuntza eredua libreki aukeratzeko eskubidea urratzen ari dira, kolokan jarrita Nafarroako irakaskuntza publikoaren zati handi bat».
LAB, ELA eta Steilas sindikatuek, ordea, horiek baino irakasle gehiago ordezkatzen dituzte Hezkuntzako mahai sindikalean, eta beti egin dute PAI programaren kontra. Esan dute orain lanpostua kolokan izateko arriskuan diren irakasle horiek biktimak direla, baina PAI Legea onartu zutenena dela erantzukizuna, eta ez helegitea aurkeztu zutenena.
Zer gertatuko da orain?
Datozen hilabeteetan, Auzitegi Gorenak erabakiko du ontzat jotzen ote dituen Steilasen argumentuak eta, beraz, Hezkuntza Departamentuaren egonkortze prozesua baliogabetzen duen ala ez. Posible da kontuak luze jotzea, Gorenak mantso hartzen baititu erabakiak, baina PAIren aurka eginen balu, ondorioak handiak izanen lirateke: 362 langilek postua gal lezakete —ikusgai da funtzionario izaera ere galduko luketen, ala tokiz aldatuko lituzketen soilik—, eta 11/2022 legea paper errea izanen litzateke. PAIren etorkizuna bera ere ilun ikusten dute batzuek. Edonola ere, kolpe latza izanen litzateke programaren sustatzaileentzat.