Baxoko ahozko handia berriz ere frantsesez izanen da aurten. Baina irakasleek euskaraz pasatzeko bidea emanen diete hala nahi duten ikasleei. Seaskako, publikoko eta pribatuko ehun bat irakaslek jakinarazi dute ahobizi eta belarriprest txapak jantziko dituztela ikasleei adierazteko «babes osoa» dutela euskaraz mintzatzeko. Ipar Euskal Herriko irakasle zuzentzaileei dei egin diete haiek ere ekintzan parte har dezaten. Irakasle hoien artean da Antton Kurutxarri Euskal Hirigune Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordea.
Azken urteetan mobilizazio anitz egin dituzte azterketak euskaraz pasatzeko eskubidearen alde, nagusiki Seaskako ikasle, irakasle eta gurasoek eramanik. Aurten, brebeta osoki euskaraz egiteko aukera izanen da, baina oraino desberdintasunak badira, Seaskako ikasleek bakarrik posible izanen baitute zientziak euskaraz pasatzea. Baxoarentzat, berriz, gibelera egin da 2019ko erreformarengatik, eta orain ezinezkoa da Historian eta Matematiketan euskaraz erantzutea.
Baxoko ahozko handia astelehenean hasiko da Ipar Euskal Herriko hamar lizeotan. Ikasle bakoitzak hautatu dituen bi berezitasunei lotua den gai bat aurkeztu beharko du, hogei minutuz, eta galdera batzuei erantzun, bi zuzentzaileren aitzinean. Ikasleak txapa bat ikusten badu, ahozkoa euskaraz egiteko «babes osoa» duela erran nahiko du, hala nahi badu.
«Gure lehentasuna da ikasleak babestea, bai baitakigu ez dela erraza ahozko handia», adierazi du Mathieu Elgoien Villa Pia lizeoko Historia irakasleak. Azterketa egunean irakasleak bilduko direla erran du, ikusteko nor prest den txapa eramateko. «Zuzentzaile bagara eta ikusten badugu gurekin den bikotea ez dela bero, txapa ez dugu eramanen. Lehen urratsa baizik ez da; ikusiko dugu zer gertatuko den lehen baxo honetan, eta, beharbada, ondoko urteetan gero eta antolatuago izanen da».
Ekintzan zergatik parte hartuko duen azaldu du Laida Mujika Bernat Etxepare lizeoko biologia irakasleak. «Niri normala iruditzen zait ikasleek, beren eskola ibilbide guzia euskaraz egin badute, azterketa ere euskaraz egitea». Erantsi du «injustizia» dela ahozkoa euskaraz ez izatea, «frantsesez ikasi dutenek frantsesez egiten duten bezala».
Bide beretik mintzatu da Ihintza Ostolaza, Bernat Etxepareko euskara irakaslea. Ikasleek bi berezitasun hautatu behar dituzte baxorako, eta euskara ikasgaia horietako bat izan daiteke. Ostolazak ohartarazi du euskara berezitasuna duen ikasle batek ere ezin duela ahozkoa euskaraz egin, eta hori «oraino harrigarriagoa eta injustuagoa» dela.