Irakasleak, Soin Hezkuntzaren alde zutik

2007an onartu zuten hezkuntza dekretuaren ondorioz, murrizketa nabarmena izan zen Soin Hezkuntzaren ordu kopuruan. SOHAT ikertzaile taldeak txosten bat aurkeztu du, eskola komunitatearen aurkakotasuna erakusteko.

Donostia
2011ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Zutitu egin dira Gorputz Hezkuntzako irakasleak. Zutitu egin dira, ikasleek denbora larregi ematen dutelakoan eserita. Edo, alderantziz, denbora gutxiegi zutik. Kontraesan «sakon»baten aurrean zutitu ere: 2007an onartu zuten hezkuntza dekretuaren ondorioz, murrizketa nabarmena izan da Gorputz Hezkuntzan ordu kopuruetan. Eskola komunitateak, ordea, indartu beharreko arlotzat dauka hori.

75.000 sinadura bildu zituzten orain bost urte irakasgaiaren alde, eta berretsi egin zen irakasleen susmoa: eskola komunitatea ez zela Hezkuntza Dekretuak eragin zituen murrizketen aldeko. Gizarte babes horrek bultzatu zuen, hain justu, SOHAT Soin Hezkuntzaren Aldeko Taldea kontraesan hori ikertu eta argia ematen saiatzera. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 235 ikasketetxetako irakasle eta zuzendarien bi herenek baino gehieagok beren zentroetan Gorputz Hezkuntza ahuldu egin dela aitortu diote ikerketa taldeari. Gorputz Hezkuntzak galdu du ordu gehien gainontzeko irakasgaiekin alderatuz; haren atzetik dira, berriz, Arte Hezkuntza eta Euskara. Atzerriko hizkuntzak indartudira gehien curriculum berriaren ondorioz. Eta norabide bera segitu du irakasleen lanpostuen kopuruaren bilakaerak ere, ikasturte batetik bestera, 36 lanpostu galdu baitziren joan den urtean Gorputz Hezkuntzan eta 33 irabazi atzerriko hizkuntzetan.

Murrizketa horiek, ordea, bete- betean egin dute talka ikasleen, gurasoen, irakasleen eta zuzendarien iritziarekin, non eta gorputz Hezkuntza ikasleen ustez gehien indartu beharko litzatekeen irakasgaia den. Eta antzeko ustea dute gurasoek eta irakasleek ere, lehentasuna ematen baitiote, atzerriko hizkuntzen eta euskararen atzetik betiere. Zuzendariek aitortzen diote soinketari pisu gutxien.

Edonola ere, Gorputz Hezkuntzak norbere autonomia eta ekimenerako zein herritartasunerako gaitasunak garatzen laguntzen duela baloratu dute denek —biak ala biak curriculumak jasotzen dituen konpetentzia—. Horrez gain, ikaslearen gaitasun fisikoak eta motorrak garatzeko tresnatzat ere jo dute irakasgaia, aho batez, inkestatuek.

Eta atzerrira ere begiratu dute ikerlariek, ikasleek Gorputz Hezkuntzan ematen duten ordu kopurua konparatze aldera. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eskolen %5,2 dagozkio soinketari; alegia, Frantziako eta Ipar Euskal Herriko kopuaren erdia. Eta beste hainbeste gertatzen da, Finlandia, Suedia edo Norvegia hezkuntza sisteman eredutzat hartzen direnei so eginez gero, orduen %7,5 eta %9 artean ematen baitituzte Gorputz Hezkuntzan herrialde eskandinaviarretan.

Proposamena egin die SOHATek ikerlanean parte hartu duten ikasle, guraso, irakasle eta zuzendariei: astean gutxienez bi eskola ordu ematea. Eta ikerketa taldea motz gelditu dela esan liteke, bi ordu eta erdiko tartea eman beharko litzaiokeela ondorioztatu batitute inkestatuek batez beste. Baina nola ezarri neurri hori ikastetxeetan? %58k ezinbesteko jotzen dute dekretu bidez arautzea, eta adostasuna zabalagoa da zuzendarien artean, %72k babesten baitute arautzea litzatekeela bidea. Alde batetik laxatzen dena, ordea, bestetik estutu behar. Eskola komunitateak oso argi erantzun dio dilema horri: Erlijioari kendu beharko litzaioke pisua Lehen Hezkuntzan, eta Herritartasunerako eta Giza Eskubideetarako Hezkuntzari Bigarren Hezkuntzan.

Eskola komunitatearen iritzia jakinarazi ondoren, alderdi politikoekin bildu eta hezkuntza dekretua aldatzeko proposamena egingo diete ikerltzaileek ordezkari politikoei, haien babesa lortzeko asmotan. Eta, azkenik, Eusko Legebiltzarrera jotzeko asmoa ere iragarri dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.