Irakasleak oposizioetara nola erakarri ikusi behar dela onartu du Uriartek

Hezkuntza sailburuaren ustez, azken lan deialdian beterik gabe geratu ziren lekuen zio nagusia da jende gutxik eman zuela izena. LABen aburuz, analisi «sinplista eta demagogikoa» egin du

Irakasleak oposizioetarako etsaminak egiten, BECen. MIGUEL TOÑA / EFE.
arantxa iraola
2018ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Bigarren Hezkuntzarako eta Lanbide Heziketarako aurten Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatutako oposizioetan —1.511 lanpostu egonkortzeko ziren— bete gabe geratu dira 405 toki. Hainbat etsaminetako emaitzek sorrarazi dituzte dudak. Matematikako azterketara, adibidez, 202 irakasle aurkeztu ziren, eta 50ek gainditu zuten: %24k. Izan ziren antzeko kasu gehiago. Datuak atera zirenean, lan eskaintza publikoak egiteko beste era batzuk behar direla adierazi zuten sindikatuek eta beste hainbat eragilek. Elkarrekin Podemosek deituta, gaiari buruzko argibideak ematera joan zen atzo Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordera Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte. Sektorean enplegua «egonkortze» aldera, hutsik geratutako tokiak albiste txarra direla onartu zuen, baina horren atzean ez daude, haren ustez, azterketetako emaitza apartekoak. Aurreko LEPetakoen antzekoak izan dira, eta ez da ezohiko deus gertatu deialdian: «Normaltasun osoz joan da». Uriarteren arabera, oposizio honen bereizgarria izan da aurrekoetan baino jende gutxiago aurkeztu dela. «2,2 izangai lanpostuko». Horregatik, LEPak irakasleentzat «erakargarri» izateko estrategiak ondu behar direla uste du.

Hain zuzen ere, datuak eman zituen adierazteko hezkuntza publikoko lan zerrendetan dauden irakasleek usu ez dutela jotzen oposizioetara. Hara atzo Cristina Uriartek emandako bi adibide zehatz. Gaztelaniako eskolak emateko zerrendan 274 irakasle daude, eta 166 aurkeztu dira; matematiketako irakasle gisara aritzeko 345 daude zerrendetan, eta 179 aurkeztu dira. Hortik Hezkuntza Sailean atera duten ondorioa: «Erakargarriagoa egin behar dugu aurkeztea». Pentsatzen dute adinean egon daitekeela kontuan hartu beharreko aldagaietako bat; hautagai gehienak 25-45 urte artekoak dira. Adin horretatik gora, apaldu egiten dira. Oposizioetan parte hartu dutenen batez besteko adina, hain zuzen ere, 37,6 urtean dago.

Hezkuntza Batzordean atzo EH Bilduren izenean Rebeka Ubera aritu zen. Urteak eta urteak lanean daramatzaten eta oraindik «egonkortasunik» ez duten 45 urtetik gorako irakasleen egoera kontuan hartu behar dela uste du. Beste ezeren gainetik, arazoaren «oinarriei» erreparatu behar zaiela defendatzen du. Sektoreko egiturazko lanpostuen eta lanpostu errealean artean alde handiegia egoten dela erakusten dute datuek, eta horrek ez duela batere laguntzen pentsatzen du: «Parekatzera egin behar dugu; egun,oso urruti daude». Izan ere, zerrendetan dauden hainbat irakaslek susmoa izaten dute deialdia gaindituta haien lan baldintzak okertu daitezkeela. «Ez dakite, esaterako, praktikaldia egitera nora joan beharko duten». Urtero oposizioak egiteak irakasleentzat dakarren zamaz ere pentsatu behar dela uste du.

Oposizio eredua berrikustean bat etorri ziren denak. Funtsari eutsi egin behar zaiola ohartarazi zuen PSE-EEko ordezkari Jose Antonio Pastorrek: «Ez dugu LEPen sistema auzitan jarri behar». PPko ordezkari Juana Bengoetxeak, «eskakizun maila» ez apaltzeko eskatu zuen: «Funtzionario publiko onenak nahi ditugu».Irakasleen trebakuntzan ahaleginak indartu behar direla ere esan zuten batzordeko ordezkari guztiek. Oposizioetan teoriarekin eta memoriari lotutako gaiek dituzten emaitza eskasei so, zerbait pentsatu behar dela esan zuen Elkarrekin Podemoseko Iñigo Martinezek: «Zerbaitek ez duela funtzionatzen erakusten dute».

LABen galderak

Uriartek atzo gaiari buruz analisi«demagogiko eta sinplista» egin zuela uste du LABek, aldagai asko ez dituela kontuan hartzen. «Langileen adina aintzat hartu al du? Langileen lana eta bizitza pertsonala uztartzeko baliabiderik eskaini al du? Irakaskuntzako oposizioetan planteatzen den prozedura ikaragarri konplexu, zail, luze, korapilatsu, ilun eta subjektiboa aintzat hartu al du?». Horra sindikatuaren hainbat itaun. Oposizio ereduaren «goitik beherako aldaketa» nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.