Irakasleak oposizioetara behartzeko eskatu du EAEko Eskola Kontseiluak

Jaurlaritzaren lan eskaintzaz txosten bat egin du kontseiluak, eta proposatu ordezkoak azterketetara «derrigor» joan behar izatea. Ordezko listetan puntuak lortuko dituzte probak gainditzen dituztenek

Garikoitz Goikoetxea.
2019ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Aldaketa handiko urteak dira administrazio publikoan: langileak oldean ari dira erretiroa hartzen, eta haien lekuan ari dira berriak sartzen. Lan deialdi handiak datoz, beraz. Hezkuntzan ere nabari da belaunaldi aldaketa hori, eta Eusko Jaurlaritzak 5.000 lanpostu eskaintzekoak ditu agintaldi honetan. Lan deialdi horiek nola bideratu, bada eztabaida eragileen artean. Egoera horretan, Euskadiko Eskola Kontseiluak ebazpen bat onartu du gai horri buruz, eta, besteak beste, proposatu du ordezko irakasleek «derrigor» aurkeztu behar izatea azterketetara, «deialdia egiten den bakoitzean». Milaka irakasleri eragingo lieke aldaketa horrek, ordezko asko ez baitira oposizioetara aurkezten. Jaurlaritza urrats batzuk egiten ari da oposizioei pisu handiagoa emateko: hurrengo deialdian, azterketa gainditu eta lanpostu finkoa lortzen ez dutenek sei puntu jasoko dituzte ordezko listetarako. Urtebeteko esperientziak adina puntu, horrenbestez.

Hezkuntza Sailak akordioa sinatu zuen maiatzean sindikatu gehienekin: Steilasekin, LABekin, CCOOrekin eta UGTrekin. Akordiotik kanpo ELA geratu zen, hortaz. Hitzarmen horretan adostu zuten datorren urtea baino lehen 5.000 lanpostu eskaintzea deialdi publikoetan. Areago, erabaki zuten gogoeta egitea lan deialdiez eta sarbideaz, irizpideak adosteko.

Jaurlaritzak datozen egunetan argitaratuko du oposizioetarako deialdia, eta orduan jakinaraziko du aurtengo oposizioak noiz izango diren. Ia 1.900 postu eskainiko dituzte, gehien-gehienak Haur Hezkuntzarako, Lehen Hezkuntzarako eta Heziketa Berezirako.

60 puntuko asmoa

Deialdiaren zirriborroa prestatu du, hala ere, eta badira aldaketak. Proposatu du oposizioak gainditu bai baina lanpostua lortzen ez dutenei —gaindituen kopurua postuena baino handiagoa delako— sei puntu ematea ordezkoen zerrendetan egoteko. Hori baino asmo handiagoak zituen Hezkuntza Sailak, BERRIAk sindikatuetako iturrietatik jakin duenez: 60 puntu eman nahi zizkien oposizioak gainditzen dituztenei, hamar urteko esperientziak adina. Aurkako jarrera agertu zuten sindikatu guztiek, eta azkenean sei puntura mugatu du gobernuak.

Erabaki horren aurka daude sindikatuak: bai Jaurlaritzarekin akordioa sinatu zutenak, bai ELA. Antzeko argudioak erabili dituzte denek. Ohartarazi dute urteetan gobernuak ez duela lan eskaintzarik egin, eta milaka irakaslek urte asko daramatzatela ordezko gisa lanean. Puntuak eskuratzen dituzte horrela. Kontua da eredu aldaketarekin oposizioak gainditzen dituztenek ere lortuko lituzketela puntuak esperientziarik gabe ere. Sindikatuetako iturriek gogorarazi dute ordezkoen artean badirela urteak irakasle gisa daramatzatenak, horietako asko ez direla gazte hasiberriak, eta zaintza lanak ere badituztela askok. Oposizioetara aurkezteko zailtasunak dituzte, beraz —gogoan izatekoa da hezkuntzan, azterketaren aurretik, programazio didaktiko bat taxutu behar dutela hautagaiek—. «Sendotze eskaintza bat» eskatu dute kasu horietarako, urte batzuk lanean daramatzatenentzat.

Eskola Kontseiluak babestu egin du oposizioak gainditu dituztenei puntuak ematea ordezkoen zerrendan. Lehen ere eskatu izan du neurri hori. Beste urrats bat egiteko eskatu dio orain Jaurlaritzari, eta irakasleak «derrigor» joan daitezela oposizioetara. Eragin handia izango luke betebehar horrek: sindikatuen arabera, 10.800 irakasle daude behin-behinean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola publikoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.