Seaskak heldu den ikasturterako behar dituen irakasle postuei buruz Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin dituen negoziazioetan hurbilketa bat egon dela jakin du BERRIAk; akordio bat itundu dute bi aldeek. Seaskako ordezkariek adierazi dute horren gaineko idatzizko baieztapena falta dela, eta hori erdiesten ez duten bitartean ez dutela deus esango. Beharrezkoak lituzkeen 30 postuetatik hamahiru bere esku hartzeko prest agertu da ikastolen elkartea, eta gainerakoak Hezkuntza Ministerioak ordaintzea nahi du, EEP Euskararen Erakunde Publikoaren eta hiruren arteko hitzarmenak dioen gisan. Hitzartutako akordioaren arabera, 12,5 irakasle postu agindu dizkie Parisek; beste zazpi, berriz, trebakuntza aldian dauden profesionalak izango dira.
Hiru urtean behin berritzen dute ituna Seaskak, EEPk eta Hezkuntza Ministerioak, eta atzo zuten aurtengoa izenpetzekoa. Baina Seaskak erabaki zuen ez sinatzea, harik eta irakasle postuen auzian bermea lortu arte. EEP Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari Arrabitek Frantziako Estatuak auzian duen ardura nabarmendu zuen, hura baita hiruren arteko hitzarmena betetzen ari ez dena: «Seaskako ikasleen emendatzea kontuan hartuta, EEPk kalkulu bat egiten du urtero, beharrezkoa den irakasle kopurua finkatzeko. Gure ustez, hamalau irakasle postu bere gain hartu beharko lituzke Hezkuntza Ministerioak». Hamalau postu; Seaskak eskatu baino hiru gutxiago.
Arrabiten ustez, Seaskak onar dezakeen kopurua da. «Orain arte, EEPk egiten zuen kalkulua onartzen zuten bi aldeek», adierazi du. «Beste erremediorik ez dugulako», erantzun du Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak, horren gainean galdera eginda. Haren hitzetan, zenbaki horretara heltzeko hainbat arau «makurtzen» dituzte. «EEPk kalkulatzen du 14,25 postu beharko genituzkeela, baina. horiek horrela, Ziburuko Larzabal kolegioan den inklusiorako gela berezi batean, gehienez hamar ikasle izan behar diren lekuan hamasei lirateke; hiru kolegiotan 30 ikasletik gorako gelak izanen genituzke. Egia da Hezkuntza Ministerioak baino gehiago ematen dituztela, baina, hala ere, haien minimoak ere ez dituzte betetzen. 14,25 kalkulatzen dituzte; beraz, gutxienez horretara heldu beharko lukete».
Iaz ere sortu zen Seaskaren irakasle postuei buruzko gatazka, eta, orduan, EEPk bere gain hartu zituen falta ziren 4,5 irakasle postu. «Orduan bagenuen sosa, baina aurten ez da posible izanen», ohartarazi du Arrabitek. «Guri ez digute oraindik halakorik erran», iharduki du Gorostiak. Interes publikoko elkargoa da EEP, eta lau ordezkari ditu: Euskal Elkargoa, Pirinio Atlantikoetako Departamendua, Akitania Eskualdea eta Frantziako Estatua, hain zuzen ere. Hori azpimarratu du Arrabitek: «EEPk postuak diruztatzea bozkatu genuenean, estatuko ordezkariak ere hor ziren, eta onartu egin zuten. Normalean, estatuaren ardura da irakasle postuak ordaintzea».
Euskal Elkargoaren babesa
Joan den asteburuan, Euskal Elkargoko batzarrak euskarazko irakaskuntzaren aldeko adierazpena onartu zuen, aho batez. Bi eskaera egiten zizkion Frantziako Gobernuari: batetik, Seaska laguntzen segitzea, hitzarmena berrituz horretarako, eta ikastolen sarea garatzeko beharrezkoak diren baliabideak emanez. Bestetik, eskatu zuten, baita ere, adar elebiduna azkartzeko sare publikoan eta sare giristinoan. Garapen Kontseiluak ere gisa bereko adierazpen bat onartu zuen; murgiltze ereduaren esperimentazioa ama eskola guzietara zabal dezatela eskatu zuen. «Eskualdeko hizkuntzen» irakaskuntzarentzat estatus berezi bat ere eskatu zuten. Gorostiagak «garrantzitsutzat» jo ditu bi adierazpenak.
Irakasle postuen auzian akordio bat itundu du Parisek Seaskarekin
Ikastolak idatzizko baieztapenaren zain daude. 12,5 irakasle postu ditu itunak; adierazi diete beste zazpi trebakuntzan egongo direla
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu