Pirinio Atlantikoetako Departamenduko akademia ikuskaritzak aurkeztu du heldu den ikasturterako eskola karta. Joan den ostiralean egin zuten bilkura hautetsi eta sindikatuekin Pauen, eta eskola bakoitzean izanen dira irakasle postuen gorabeherak zehaztu zituzten. Orokorrean, irakasle postu gutxiago izanen da Ipar Euskal Herrian. Hala ere, euskara hutsean jardungo dute bost ama eskola berritan, eta euskara gehiago sartuko dute beste ikastetxe batzuetan ere. Azken asteetan, mobilizazio bat baino gehiago egon da eskoletan arriskuan zeuden irakasle postuen defentsan. Emaitzak ekarri ditu kasu gehienetan gurasoen protestak, aurreikusitako neurriak bertan behera utzi baititu ikuskaritzak.
Ostegunean ziren biltzekoak berez, baina bilkura egun batez gibelatu behar izan zuten, sindikatuek esertzeari uko egin ondotik. Frantziako Hezkuntza Ministerioaren metodoa salatu nahi zuten, batetik: departamendu mailan irakasle postuak gutxitzea erabaki du Parisek. Bestetik, Frantziako Gobernua pasarazi nahian ari den erretreten erreformaren kontrako haserrea ere erakutsi nahi izan zuten. Ostiralean elkartu ziren azkenean, eta ikuskaritzak aurkeztutako eskola kartaren kontra bozkatu zuten sindikatu guziek.
Hezkuntzako administrazioak atera duen txostenean, azken urteetako joerari jarraikiz ikasle kopuruan apaltze bat izanen dela azaldu dute. Horren ondorioa litzateke irakasle kopuruaren murrizketa. Hala ere, ikasgela bakoitzean batez beste 21 ikasle inguru izanen direla baieztatu du ikuskaritzak.
FSU-SNUIPP sindikatuak agiri batean salatu du hainbat ikastetxetan 25 ikasle baino gehiago izanen direla ikasgelaka, eta deitoratu du ikasle kopuruaren apaltzea ez baliatu izana «bai ikasle eta baita irakasleentzat ere» irakaskuntza baldintzak hobetzeko.
Azken asteetan mobilizazio andana izan dira Ipar Euska Herriko eskoletan, izan Urdiñarbe-Muskildin (Zuberoa) ala Luhuson (Lapurdi). Horietan aurreikusiak ziren murrizketak bertan behera utzi ditu ikuskaritzak; gauza bera Banka-Urepeleko (Nafarroa Beherea) eskolan, eta Makea-Lekornekoan (Lapurdi) euskarazko postu erdia baizik ez dute galduko azkenean, frantsesekoa atxikitzea onartu baitiete. «Funtsean erakusten du mobilizatzen bagara baduela eragina», aztertu du Luxi Detzart Biga Bai elebiduneko guraso elkarteko kideak.
«Ororen buru, eskola karta honek ez die irakasleen eta ikasleen beharrei erantzuten», FSU-SNUIPPren hitzetan. «Lan baldintzak ez dituzte hobetzen, eta lansariak ere ez. Bizitzan zehar lan denbora luzatzeko gobernuak duen proiektua gehitu behar zaio horri», deitoratu dute.
Euskarak leku gehiago
Ikasle kopuruak gorabehera, euskarazko irakasle postu batzuk kenduko dituzte Ipar Euskal Herriko zenbait eskolatan, baina akademia ikuskaritzak baieztatu du hondarrean euskarazko lau postu oso gehiago izanen direla. Elebidunean ari ziren bost ama eskola euskara hutsean arituko dira hemendik aitzina, Bidarten, Biriatun, Urketan eta Uztaritzen (Lapurdi), baina baita Atharratze, Montori eta Ligiko (Zuberoa) eskola bateratuan ere. Euskara hutsean ari diren ikasgela berriak irekitzeko EEPrekin adostu zuten gidaren eragina ikusten du hor Etxartek. Beste leku batzuetan proposamenek ez dute aitzina egin, gurasoek kontra bozkatu dutelako. Kasu batzuetan, herriko etxeak egindako komunikazioari egotzi dio Etxartek: «Sentsibilizazio handia egin behar da sail berriak irekitzeko». Puntu baikorretan, ama eskolatik harago euskaraz aritzea onartu dute, Azkaineko, Miarritzeko eta Jatsuko (Lapurdi) hiru eskolatan.
Irakasle postu gutxiago Ipar Euskal Herrian 2023ko sartzerako
Hezkuntza Ministerioaren murrizketak salatu ditu FSU-SNUIPP sindikatuak. Euskara hutsean arituko dira bost ama eskola berritan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu