Hilabeteetako negoziazioak eman du fruitua: akordioa egin zuten atzo Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta irakasle funtzionarioen negoziazio mahaian dauden sindikatuetako ordezkarien gehiengoak: hots, Steilaseko, LABeko, CCOOko eta UGTko ordezkariek. ELAk, berriz, ituna ez sinatzea erabaki zuen. Batez ere, bi norabidetan doazen neurriak adostu dituzte: alde batetik, ikasgeletako ikasle kopurua murriztuko dute, eta, bestetik, hezkuntzarako langile gehiago hartuko dituzte eta lanpostuen egonkortasuna sustatuko dute. Hauxe da xedea, Hezkuntza Sailaren hitzetan: «Helburua ikastetxeen antolaketa eguneratzea da, baita sare publikoan estrategikotzat jotzen diren ardatzak sustatzea ere». Akordioak, hain zuzen, eskola publikoetan izango du eragina.
Ikusi gehiago:Sindikatuek goraipatu egin dute itunak egonkortasuna sustatzea eta ratioak jaistea
Langileei dagokienez, egiturazko lanpostuak ez direnak ikastetxeetako lanpostu egonkor bihurtuko dituzte. Alegia, beharraren arabera sortuz joan diren hainbat lanpostu —orain arte LPZ Lanpostu Zerrendetan sartu gabe zeuzkatenak— egonkortuko dituzte. Halaber, lanpostuak ere sortuko dituzte: ingeleserako irakasle gehiago hartuko dituzte, eta LH Lehen Hezkuntzarako gorputz hezkuntzako irakasle gehiago ere kontratatuko dituzte; hezkuntza premia bereziei lotutako baliabide gehiago jarriko dituzte eta proiektuak garatzeko bitarteko gehiago emango dituzte, hala nola berrikuntzarako eta hizkuntza eta pedagogia proiektuetarako. Horretarako, Hezkuntza Sailaren lehen kalkuluen arabera, 300 lanpostu baino gehiago beharko dira. Berriak izango dira horietako batzuk, eta ikastetxeen berrantolaketa prozesuetatik eratorritakoak besteak.
Hezkuntzan behin eta berriz egindako beste aldarrikapen bat ere jaso dute dokumentuan: ratioak jaistea adostu dute. Batetik, ikasgeletan haur eta gazte gutxiago egongo dira: HH Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, hogei haur egongo dira gehienez gelako, egun baino hiru gutxiago; LHn, gehienezko kopurua 25etik 23ra jaitsiko dute; eta Batxilergoan, 30etik 27ra jaitsiko dute muga. HHko lehen zikloko eta DBHko ratioak, berriz, mantendu egingo dituzte, eta hamazortzikoa eta 25ekoa izango dira, hurrenez hurren.
Ratio jaitsiera, 2023-2024tik
Ratioak ez dituzte egun batetik bestera jaitsiko, baina epeak argi finkatu dituzte. «Arian-arian» aplikatuko dituzte jaitsierak, Hezkuntza Sailaren esanetan: HHn, 2023-2024ko ikasturtetik aurrera, 3 eta 4 urtekoen geletan, eta 2024-2025ekotik 5 urtekoenetan; LHn, 2023-2024ko ikasturtetik LH1eko, LH3ko eta LH5eko ikasgeletan; eta Batxilergoan, 2024-2025eko ikasturtetik lehenengo mailan. Irakasle bakoitzak zenbat ikasle izan behar dituen ere zehaztu dute: 2 urtekoen geletan, hamabi ikasleko irakasle bat egongo da; HHko bigarren zikloan, hamazortzi ikasleko; LHn, hogei ikasleko; DBHn ere hogei ikasleko bat; eta Batxilergoan, 25 ikasleko.
Horrez gain, beste hainbat neurri biltzen ditu akordioak: ingelesa 3 urtetik aurrerakoei irakasten hasiko dira; bigarren hezkuntzan hogei ikasleko kopurua gainditzen duten taldeei tutoretza bikoitza jarriko diete, eta irakaskuntza lanaren berezko eginkizunekin zerikusirik ez duten administrazio zereginetatik libratzeko profil profesionalak sortuko dituzte: administratiboak eta digitalizazioaren kudeaketakoak.
Eta zein izango da neurri horien guztien jomuga? Akordioak sare publikoari mesede egingo diolakoan dago Hezkuntza Saila: «Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak poza agertu nahi du irakasle funtzionarioen negoziazio mahaia osatzen duten guztiek egindako lanagatik. Sailak uste du gehiengo sindikalarekin lortutako akordioak hezkuntza publikoa hobetzeko eragin zuzena duela».
«Egun ona»
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua pozik agertu da akordioa erdietsi berritan: «Uste dut egun on bat dela hezkuntzarentzat». Hezkuntza Sailak eta sindikatuek egindako lana eta haien «borondatea» goretsi du, akordioak lortzeko gaitasuna nabarmentzearekin batera: «Ordezkaritza sindikalaren %80rekin baino gehiagorekin egin dugu akordioa, eta hori ezinbestekoa eta oso inportantea da hezkuntza mundurako». Akordioa puntuz puntu aletu du: «Ingeleserako irakasle berriak sartuko genituzke 3 urteko geletan, kalitatea areagotzeko asmotan». Lanpostuak sortu: «Sortzen ari gara figura berri bat ere ikastetxe publiko guztietan sartuko dena: berrikuntzarako profesionala. Aldi berean, orientatzaile eta aholkulari gehiago izango ditugu gure ikastetxeetan». Baita egonkortasuna bultzatu ere: «Gure klaustroetan egonkortasun handiagoa egongo da». Eta 2023-2024ko ikasturtetik maila batzuetan ratioak jaisten hasiko dira. Finean, hezkuntzarako onuragarria izango dela ziurtatu du: «Hezkuntzak lasaitasuna behar du, eta akordio honek lasaitasuna emango dio».