Hezkuntza

Irakaskuntza teknopedagogikorako jauzia egingo duen hezkuntza proiektu bat aurkeztu du Jaurlaritzak

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak 2022-2024 Aldirako Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Plana aurkeztu du. Ikasleen eta irakasleen gaitasun digitalak sustatzea izango du helburu, eta Hezkuntza Sailak 202,6 milioi euroko inbertsioa egingo du horretarako.

Jokin Bildarratz, Begoña Pedrosa, Jorge Arevalo eta Adolfo Morais, gaur goizean, Bilbon egindako aurkezpenean. HEZKUNTZA SAILA
Olatz Enzunza Mallona.
2022ko apirilaren 29a
13:35
Entzun

Berrikuntza pedagogikoan «palanka lana» egiteko asmoz aurkeztu dute, gaur goizean, 2022-2024 Aldirako Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Plana. Proiektua gauzatzeko 202,6 milioi euroko inbertsioa egingo du Hezkuntza Sailak, eta ikasleen eta irakasleen gaitasun digitalak sustatzea izango helburu. Besteak beste, hezkuntza teknopedagogikorako jauzia egin nahi duen proiektu bat aurkeztu dute. Irakasleen gaitasun teknopedagogikoak landuko dira, eta ikasleak digitalki gaituak izatea lortu nahi dute.

Ikusi gehiago: Euskara hizkuntza teknologietan integratzeko plan bat aurkeztu du Jaurlaritzak

Egitasmoak ikaslea jarriko du ikaskuntza prozesuaren erdigunean, eta, besteak beste, trebetasun digitalen garapena indartzea eta hezkuntza sistemaren teknologiak «eraginkortasunez eta modu optimoan» erabiltzea izango du xede. Bildarratzen hitzetan, ikasleen eta irakasleen gaitasun digitalak sustatzea izango da helburu nagusia: «Oso proiektu interesgarria da, eta ikasleek mende honetako erronkei arrakastaz aurre egiteko balioko du». Era berean, hezkuntza sistema osoa aro digitalera egokitzea ere izango da lehentasunetako bat. Bildarratzekin batera, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordea, Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuodea eta Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea ere izan dira aurkezpenean.

Euskal hezkuntza sistemaren eraldaketa «erronka kolektibo» gisa hartu behar dela adierazi du Bildarratzek, eta, horretarako, helburu orokor batzuk zehaztu ditu: besteak beste, irakasleen eta ikasleen gaitasunak indartzea, hezkuntza sistemako eragile guztien arteko lankidetza sustatzea, eta azpiegiturak egokitzea eta modernizatzea.

Etapaz etapa, helburu espezifikoak

Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan teknologia digitalek eragina izango dute ikastetxeetako irakaskuntzan, ikaskuntzan eta ebaluazio prozesuan. Hala, Pedrosaren hitzetan, irakasleen gaitasun teknopedagogikoak landuko dira: «Teknologia bai, baina pedagogiaren ikuspegitik salto handi bat emango da». Irakasleen prestakuntzan jarri du Hezkuntza sailburuordeak arreta nagusia, eta gehitu du talentuaren garapenean etorriko dela aldaketarik handiena.

Lanbide Heziketaren kasuan, eraldaketa digitalak «bestelako bilakaera bat» ekarriko duela kontatu du Arevalok, gaztelania hutsean. Besteak beste, heldutasun digitaleko eredu bat garatuko duela azaldu du, eta berak ere irakasleen eta ikasleen prestakuntza nabarmendu ditu. Amaitzeko, enplegagarritasunerako gaitasunak sortzeko balioko du planak, besteak beste, unibertsitate ekosisteman.

Goranzko joera

Ekonomia eta gizarte digitalen Indizearen 2020ko datuak erakusten du eraldaketa digitalaren joera positiboa dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Europako batezbestekoa baino %10 gorago dago, eta, aldi berean, ikasgeletan ordenagailu gehien dituen autonomia erkidegoa ere bada: azken bi urteotan, 160.000 ordenagailu berri eraman dituzte ikastetxeetara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.