Irakaskuntza publikoko sukaldeetako eta garbiketako langileek lan ituna berritu dute, eta ez dute grebarik egingo

Bi urterako hitzarmena da, eta sindikatu guztiek sinatu dute. Lanaldiak ehun ordu baino gehiago laburtu dituzte. Oraingoz, indarrean daude datorren asterako irakasleentzat egindako greba deialdiak.

Hezkuntza publikoko sukaldeetako eta garbiketako langileen manifestazioa. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Hezkuntza publikoko sukaldeetako eta garbiketako langileen manifestazioa. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Imanol Magro Eizmendi - Irati Urdalleta Lete
2025eko martxoaren 21a
13:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek —ordezkaritza duten guztiak— akordioa lortu dute irakaskuntza publikoko garbiketako eta sukaldeko langileen lan hitzarmena berritzeko. Itunak hamasei urte egin ditu izoztuta, eta, sindikatuen arabera, langileen soldata administrazio orokorreko postuetako bera izango da aurrerantzean. Behin akordioa lortuta, bertan behera utzi dituzte datorren astearterako, asteazkenerako eta ostegunerako eta apirilaren 1erako eta 2rako deituta zeuzkaten bost greba egunak.

Gatazka luze baten eta bilera askoren ondoren lortu dute ados jartzea; urte honetan, sektore horietako langileek lau egun egin dituzte greban. Orain lortutakoa bi urterako hitzarmena da, eta zortziehun langileri baino gehiagori eragingo die: bostehun sukaldari ingururi eta 340 garbiketa langileri. Sinatzaileek emaniko xehetasunen arabera, sukaldarien soldata %9 handituko da, eta garbitzaileena, berriz, %6. Lanaldiaren iraupenean aldaketa nabarmenak egitea ere adostu dute: urteko lanaldia 108 ordu laburtuko diete sukaldeetako langileei, eta 120 ordu garbitzaileei.

Horietaz gain, beste lorpen batzuk nabarmendu dituzte sindikatuek: besteak beste, hogei ordutik beherako kontratuak egiteko aukera kentzea —orain arte hamar eta hamabost orduko eskaintzak zeuden—, behin-behinekotasun tasa %5etik beherakoa izateko konpromisoa, hiru urtean behin lan eskaintza publikoak egitea —aurrenekoa 55 lanpostukoa— eta pribatizazioari mugak jartzea: «Eskoletan sukalde berriak jartzen badira, Hezkuntza Saileko langileak jarriko dira».

Hezkuntza Sailak ere txalotu du akordioa, eta albiste oso ontzat jo du. Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak nabarmendu du sindikatu guztiek sinatu dutela eta horrek bake soziala bermatuko duela. Berri pozgarria iruditzen zaio: «Oso urrats garrantzitsua da kolektibo horren profesionalizaziorako; hori oso albiste ona da». Eta uste du baliagarria izango dela: «Zerbitzu publiko ezin hobea bermatzen du, eta zerbitzu hori berme osoz eskainiko da aurrerantzean ere». Haurreskolak partzuergoko langileekin lorturiko akordioaren ondoren iritsi da gaurkoa; horiek ere bi egun egin zituzten greban urtarrilaren amaieran, eta beste bi greba egunen atarian iritsi zen langileen ordezkarien eta Hezkuntza Sailaren arteko akordioa.

Irakasleen grebak, bere horretan

Orain hezkuntza publikoko irakasleen gatazka konpontzea falta zaio Jaurlaritzari. Bost greba egunetara deitua dute: hurrengo asteartean, asteazkenean eta ostegunean, eta apirilaren 1ean eta 2an.

Sindikatuak, oraingoz, ez daude konforme Hezkuntza Sailak egin dizkien eskaintzekin. ELAren arabera, gaur jaso dute azken proposamena: «Proposamen berria jaso izana greba dinamikaren eta langileon aldarrien ondorioa da, orain aste gutxi arte Hezkuntza Sailak ez baitzuen arlo honetan inolako proposamenik egiteko borondaterik». Alabaina: «Gaur jasotako proposamena ELAk galdegindako gutxiengoetatik oso urrun dago».

Izan ere, ELAren esanetan, ez dago ratioak hobetzeko proposamenik: «Ezer ere ez». Gainera, baliabideak ere ez lirateke gaur egungoak baino askoz gehiago izango, eta, horrenbestez, proposamen «eskasa» egin dietela salatu dute: «184 lanpostu Lehen Hezkuntza guztirako eta 56 bigarren hezkuntza guztirako. Egun, 30.000 irakasle inguru daude; beraz, %1 ere ez litzateke igoko langile kopurua». Horiek horrela, grebari eutsiko diotela ziurtatu du: «Hezkuntza Saila proposamen onargarrietatik urrun dago lan zamei, soldatei, erretiroei, lanpostuei eta lan osasunari dagokienez. Egoera horretan, eduki horiek lortzeko bide bakarra greba deialdiek erantzun zabala izatea da».

Asteazkenean egin zituzten adierazpenak Steilasek eta LABek. Steilasek Hezkuntza Sailaren «jarrera aldaketa bat» nabaritu du greba deialdiak parez pare jarri dizkietenean, baina lanuzteei «tinko» eustearen aldeko apustua egin dute: «Negoziazio mahaia izan dugu. Arlo batzuetan, neurri batzuk ezarri dira, baina gure aldarrikapenetatik urrun ikusten ditugu».

LABen irudiko ere, Hezkuntza Sailaren proposamena ez da balekoa, «ez dio erantzuten kalitatezko hezkuntza publikoak behar duenari». Horregatik, greba deialdiei eutsiko diete: Hezkuntza Sailak mobilizatzen jarraitzeko bidea baino ez digu uzten».

Aldiz, Hezkuntza Sailak dio eginahalak egiten ari direla langileen ordezkariekin ados jartzeko. Pedrosa: «Negoziatzen jarraituko dugu, orain arte bezala, akordioak lortzeko benetako borondatearekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.