Eusko Jaurlaritzak bertze hezkuntza lege bat onartu nahi du legegintzaldi honetan, baina, hori egin aitzinetik, itun bat egin nahi du. «Akordio horren abiapuntua izan beharko du eragile politikoek, sozialek eta hezkuntzakoek elkarrekin egindako gogoeta batek», adierazi zuen Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak atzo, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egindako agerraldian. Legegintzaldi honetan Jaurlaritzak hezkuntzaren arloan jorratuko dituen ildoak eta egitasmoak azaldu zituen Uriartek. Egitasmoen artean, sailburuak jakinarazi zuen «eredu eleaniztuna» Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lau ikastetxetik hirutara zabalduko dutela; 2020rako, 500 eskolak gutxienez irakasgai bat ingelesez eman beharko dute Lehen Hezkuntzako laugarren mailatik aitzinera, 9 urtetik aitzinera.
EAJk eta PSE-EEk iazko azaroan egindako akordioan bilduta daude Uriartek atzo azaldu zituen puntu nagusiak; errate baterako, ingelesa sustatzea, bertze hezkuntza lege bat onartzea, Lanbide Heziketarako lege bat onartzea, beketarako urtero 55 milioi euro bideratzea eta irakasleen lan eskaintza publikoak urtero egitea. Akordio hartan zehaztu bezala, Uriartek atzo erran zuen eredu eleaniztun horretan euskarari «lehentasuna» emanen diotela. «Eredu progresibo bat izango da eleaniztasunerantz, eta euskara ardatz nagusitzat edukiko du». Sailburuak zehaztu du ikastetxe bakoitzaren proiektua kontuan hartuko dutela.
Legegintzaldi berriak elkarrizketa izan behar du «ezaugarri nagusitzat», Uriarteren arabera. «Legealdi honetan elkarrizketa bultzatuko dut, eta akordio batera iristeko adostasuna bilatuko dut; hau da, hezkuntza komunitate osoaren parte hartzea eta lankidetza bultzatuko dituen itun batera iristeko kontsentsua». Hezkuntzako sindikatuei ere eskatu die «elkarrizketan jarduteko eta negoziatzeko borondatea erakusteko, mahai sindikal guztiak aktibatzeko helburuarekin». LABek arratsaldean erantzun zion dei horri, ohar baten bidez. «Ez dugu inondik inora onartuko hezkuntza komunitate osoaren parte hartzerik gabe egin eta hezkuntza sistema propioa eraikitzea helburu ez duten inolako akordiorik. Ez dugu iruzurrik onartuko, eta bide horretan aurrez aurre izango gaitu sailburuak».
Eskumenen defentsa
Uriarte sailburua pozik dago Heziberri planaren garapenarekin, baina adierazi du azken pausoa falta duela: «Oraingoa ordezkatuko duen hezkuntzaren euskal lege bat onartzea». Horregatik, itunarekin batera, Uriartek erran du Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen babesa Hezkuntza Sailaren jardunaren «oinarrizko elementu bat» izanen dela. Eusko Jaurlaritzaren eredua Espainiako Gobernukoarengandik bereizi nahi izan du, eta bekak paratu ditu horren adibidetzat. «Estatuak gutxitu egin ditu, baina Hezkuntza Sailak urtero 55 milioi euro inguru bideratuko ditu beketarako, eta kopuru hori handitu egingo da, eskaera betetzeko beharrezkoa balitz».
Oposizioa, kritiko
Oposizioko alderdi nagusiak, EH Bilduk, gogor kritikatu du Uriartek aurkeztutako programa. Rebeka Ubera legebiltzarkideak adierazi du «herri ikuspegirik gabeko politikan oinarritutakoa» eta «epe motzekoa» dela. Gainera, «oso kezkatuta» agertu zen eleaniztasun terminoa «etengabe» erabiltzeagatik. «Guk ere eskola eleaniztuna nahi dugu, baina eskola euskalduna». Cristina Makazaga Elkarrekin Podemoseko ordezkariaren ustez, hezkuntza sistemak «aldaketa sakonak» behar ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta zalantzak agertu zituen Uriartek aldarrikatutako itunarekin. «Zeinekin bilatuko da kontsentsua eta zeinekin jarriko da prozesua martxan? Ez dugu aldizkari ofizialarekin egindako beste akordio bat nahi». Jose Antonio Pastor PSE-EEko kideak bertzelako jarrera bat erakutsi du, eta elkarlanean aritzeko eskaintza egin dio Uriarteri —haren alderdiak eta EAJk sinatutako akordioan oinarrituta dago programa—. Borja Senper PPko eledunak, berriz, PISA txostena izan du mintzagai nagusi, haren iritziz, sailburuak gutxiegi hitz egin baitu iaz Euskal Autonomia Erkidegoak izandako emaitza txarrei buruz.
Irakasgai bat ingelesez jarri nahi die Jaurlaritzak 9 urtetik gorako ikasleei
Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako bertze hezkuntza lege bat onartu aitzinetik, «hezkuntzako, politikako eta gizarteko eragile guztiekin» akordio bat egin nahi du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu