Irainei bertsotan erantzun die Felix Zubiak

«Txakurra» deitu zion bati bertso idatzien sorta batekin erantzun dio Donostia Ospitaleko larrialdietako buruak, Bertsolari aldizkarian.

Donostiako Ospitaleko larrialdietako sarrerako atea. GORKA RUBIO / FOKU
2021eko abuztuaren 11
11:52
Entzun

Igandero hitz egiten du Felix Zubia medikuak Euskadi Irratiko Osasun etxea saioan, eta BERRIAn ere hamabostean behin artikuluak idazten aritu da azkeneko hilabeteetan. Tarteka, irainak jasan behar izan ditu, COVID-19ari buruzko irizpideekin eta ikuspegiekin bat egiten ez zuen jendearen partetik, eta haietako bati erantzun dio Zubiak, Bertsolari aldizkarian argitaratu duen zortzi bertsoko sorta batekin. «Lesakan bada gizon handi bat, bertsotan aritzen dena, pandemiaren gorabeherekin 'Txakurra' deitu nauena», aipatzen du Zubiak bertso sortan.Xabier Silveirak egin zion aipamen hori, Facebooken, eta hari erantzun dio Zubiak zortzi bertsoko sortarekin.

COVID-19aren eraginez munduan lau milioi pertsona hil direla, eta Euskal Herrian 5.700 inguru; horixe gogorarazi du medikuak bertsoetan. «Zazpiehun kasu baino gehiago neure begiz ikusiak, heriotzaren bidez lezio asko gara ikasiak», gehitu du. «Zenbaitek, baina, gertatuari egiten diote uko, konspirazio baten azpian gaituztela zapalduko», dio hurrengo bertso batean.

Zorrotz erantzun die medikuak pandemia ukatzen dutenei: «Ez dakit zeinek asmatutako gezur bat omen da dena, txertoak berriz erdi-pozoia guztia galtzen duena. Dudarik bada, ospitalera etor dadila hurrena. Ikusi nahi ez duen hura da itsurik handiena». «Negazionista» batzuek ere ospitaleratu behar izan dutela aipatzen du segidan: «Hasieran harro xamarrak, baina, egia hutsa hori da, arnasa falta zaien unean ederki umiltzen dira».

Onartu du «gauza guztiak» ez dituztela ongi egin, ez agintariek, ez kazetariek, ez osagileek. Baina errespetua eskatu du, behintzat: «Gertatu dena onartuz eta errepikatu ez dadin, burua martxan ipini eta errespetuan hitz egin».

[Youtube]https://youtu.be/Ch20NIbI4Hw[/Youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.