Irain homofoboak egin dizkiote Grande-Marlaska ministroari Nafarroako Unibertsitatean

Ikasle talde batek jazarri egin dio Espainiako Barne ministroari, Komunikazio Fakultatean ekitaldi batean parte hartu eta gero atera denean

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroa, gaur, Iruñeko Nafarroako Unibertsitatean eginiko ekitaldian. JESUS DIGES / EFE
Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroa, gaur, Iruñeko Nafarroako Unibertsitatean eginiko ekitaldian. JESUS DIGES / EFE
Edu Lartzanguren.
2024ko urriaren 17a
19:03
Entzun

«Maritxua», «putakumea», «ustela». Halakoak oihukatu dizkiote gaur goizean Espainiako Barne ministro Fernando Grande-Marlaskari, Opus Deiri lotutako unibertsitatean, jardunaldi batetik atera denean. Poliziak zaindurik heldu behar izan du autora, gazte multzo bat atzetik jarraika zuela. «Txapotek bozka dezala zure alde» abestu diote.

Terrorearen Inguruko III. Jardunaldia zabaltzeko ekitaldian hartu du parte Grande-Marlaskak. Arazorik gabe sartu da aretora, baina, ekitaldiak aurrera egin ahala, ikasle talde bat bildu da Komunikazio Fakultateko atarian. Hori ikusita, segurtasun zerbitzuek aparkalekuaren aldeko atetik atera dute ministroa. Gazte taldea atzetik joan zaio, irainka.

 

Nafarroako Unibertsitateko errektore Maria Iraburuk arbuiatu egin du gertatutakoa, agiri baten bitartez. Adierazi du «ikasle bakan batzuk» izan direla «irain larrien» egileak, eta barkamena eskatu dio ministroari unibertsitatearen izenean. Erakundeak jakinarazi du istilua eragin dutenak identifikatzeko ikerketa hasi duela, zigor prozedurak zabaltzeko.

Aurrekariak, apirilean

Lehen ere izan dira halakoen protagonista Nafarroako Unibertsitateko ikasleak. Martxoan, Zuzenbideko ikasle talde bat Nafarroako Parlamentua ikusten izan zen, eta Maria Txibite Nafarroako gobernuburuaren aurkako irainak idatzi zituzten bisita liburuan. Orduan ere, irainen egileak identifikatzeko ikerketa egingo zuela esan zuen unibertsitateak.

Txibitek berak sostengua agertu dio Grande-Marlaska alderdikideari, jasotako «irain larrri, penagarri eta homofoboengatik». Halako ekintzak onartzerik ez dagoela gaineratu du. «Nafarroa ez da halakoa. Hori ez da Nafarroa».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.