Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak joan den astean esandakoa berretsi zuen atzo, Gobernu Kontseiluaren ondoren: datorren ikasturterako hiru jokaleku aurreikusten dituztela —presentziala bata; eskola presentzialekin baina murrizketekin bestea; eta Internet bidezko eskolekin azkena—. Uriarteren hitzetan, pandemiak orain arte izan duen eboluzioa ikusita, denak presentzialki hastea espero dute, «azken ordura arte esan ezin den arren». Ziurtatu du itzulera hori «normaltasunez» egingo dela, baina segurtasun eta higiene neurri batzuekin. Gainera, curriculumaren egokitzapenerako neurriak eta errefortzurako programak ere aztertuko dituzte. Horrez gain, azpimarratu du beharrezkoa dela prestatuta egotea bigarren egoerara edo hirugarrenera pasatzeko.
Isabel Zelaa Espainiako Hezkuntza ministroak aipatu zuen ikasgela bakoitzean gehienez hamabost ikasle egoteko aukera. «Hitz egin daiteke hamabost ikaslez, baina, ikasgelaren tamainaren arabera, hitz egin daiteke beste ikasle kantitate batez», esan du Uriartek. Horrenbestez, distantziari ematen diote lehentasuna, eta ez ikasgelan ikasle kopuru jakin bat edukitzeari. «Distantzia handiagoa eta neurri mugatzaileago batzuk eduki behar badira, aurreikusita egongo lirateke bigarren jokalekuan».
Haur eskolei dagokienez, esan du prestatzen ari direla euren prebentzio planak, Osasun Sailaren laguntzarekin. Irekierarako arrazoi bat ere eman du: «Eskaera bat daukagu familien eta gizartearen aldetik kontziliazioari laguntzeko». Itzulera «segurtasun neurri guztiekin» egingo dutela esan du, eta, esaterako, gehienezko edukiera %60koa izango dela aipatu du. Hala ere, ez du zehaztu zer neurri gehiago hartu beharko dituzten. Haur eskoletara haurrak eramateko aukera nork izango duen galdetuta, erantzun du lehentasuna emango dietela presentzialki lan egin behar duten gurasoei, baina zehaztu du horrek ez duela esan nahi telelanean ari direnek ezingo dituztela haurrak haur eskoletara eraman.
Sindikatuak ere datorren ikasturtera begira jarrita daude. ELAk, LABek, Steilasek, CCOOk eta UGTk berriz eskatu zioten atzo Hezkuntza Sailari gaur bilera bat egiteko, ikasgeletarako itzulera nola egingo den adosteko. «Ulergaitza eta onartezina egiten zaigu, zein egunetan gauden kontuan izanda, Jaurlaritzak langileon ordezkariokin bilerak saihestu nahi izatea, are gehiago hezkuntzako beste eragile batzuekin biltzen hasi denean». Haur eskoletarako itzulerari dagokionez, Hezkuntza Sailaren «aldebakarreko eta inprobisatutako» beste erabaki bat dela nabarmendu dute, eta, gainera, «irizpide ekonomikoak» gidatu duela.
36,1 milioi itunpekoentzat
Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu du 36,1 milioi euro inguru bideratzea itunpeko ikastetxeetan hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzako unitateak sortzeko. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako itunpeko eskolek zehaztu beharko dute zer unitate itundu nahi dituzten Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza berezi irekian; berariazko hezkuntza errefortzuko proiektuetan; eta curriculum aniztasunaren bidez ikaskuntza eta erren dimendua hobetzeko programetan. «Deialdi honen bidez, itunpeko ikastetxeetan Lehen Hezkuntzan eta DBHn ari diren eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei arreta emateko beharrezko diren profesionalak finantzatzen ditu Hezkuntza Sailak», ziurtatu du Uriartek.
Koronabirusa
Irailean ikasturtea «normaltasunez» hasteko asmoa berretsi du Uriartek
Hezkuntza sailburuak jakinarazi duenez, haur eskoletara joateko lehentasuna emango diete telelanik egin ezin duten gurasoen umeei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu